Nafarroako deabrua

Nafarroa Garaian eskela gehien saltzen dituen egunkariak bere maltzurkeriaren bi adibide argigarri eman dizkigu azkenaldian. Hondarrekoa atzo berean izan zen, Altsasuko manifestazio erraldoiaren karietara. Nafarroan inoiz egin den manifestazio jendetsuenetarikoa izan zen; Iruñetik kanpo egin den handiena ezbairik gabe. Eta, hala ere, Nafarroako egunkari dekano eta hegemonikoari ez zitzaion sobera garrantzitsu iruditu. Haren argazkiaren ordez, pintxo asteari buruzko bat sartu baitzuen; taberna giroko irudi bat, alegia.

Baina ezin erran Altsasuko manifestazioaren tamainaren berri eman ez zuenik. Barruan, orrialde oso bat eman baitzion gaiari, argazki panoramiko bat barne.

Nire ustez, aurreko asteko bertze adibide batek hobeki azaltzen du Nafarroako kazeta zaharrenak errealitatea desitxuratzeko duen joera eta trebetasuna. Iruñeko Labrit aldapan bada burdinazko zubi handi bat, UPNren aginduz 2010ean ireki zutena. Legealdi honetan, zubia itxi behar izan dute, oso egoera kaskarrean dagoelako, herdoilduta arras. Bada, hainbat txosten tekniko oinarri hartuta, Udalak orain erabaki du zubia desmuntatzea, erortzeko arrisku handia dago eta.

Iragan astean hasi ziren desmuntatze lanekin, eta hedabide zintzoek erakutsi zituzten argazkietan argi eta garbi ikusi zen herdoilak erabat txikituak zituela barneko xafla meharrenak. Eta zein argazki mota aukeratu zuen UPNren gertuko kazetak? Urrutiko argazki bat, noski.

Eta hau guztia kontatzen dizuet Diablo de Navarra izeneko ekimena martxan jarri dutelako duela ez asko. Gipuzkoan El Diario Fatxok egiten duena Nafarroara ekarria, Nafarroako deabruzko berripaperaren gezur guztiak mahaiagaineratzeko asmoa duena.

Eta hau guztia kontatzen dizuet kontu honek zalantza asko sortzen dizkidalako. Zer da hobea?, gezurretan ari dena agerian utzi ala zuk zure informazio zintzoa zabaldu? Geure baliabideak bideratu beharko genituzke etsaiaren hedabideen aurka ala geure hedabideak indartzearen alde? Arreta guztia duenari arreta handiagoa eman beharko genioke ala arreta ez duenari kasu egin? Nik ez daukat argi.

Zuek zer uste duzue?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko martxoaren 26koa] bannerra-EHI

 

3 thoughts on “Nafarroako deabrua

  1. Xaun

    Egongo duk jendea nahiago duena gezurrak agerian uzteko lanetan aritzea, eta beste batzuk, aldiz, hamaika gai jorratuko ttiztek ahalik eta modurik txukun eta zintzoenean Nork bere bidea hauta eta segi dezala, lan eta borroka guziak ttuk beharrezko.

     
    Reply
  2. joxi imaz

    Nere ustez biak: proportzioan, denbora-indar gehiago jarri zure informazioa zabaltzeari, geure hedabideak indartzeari; baina tarteka bestea ere bai, gezurretan ari dena agerian utzi.
    Eta jendea hasten denean esaten komunikabide guziak direla partzialak, onartu denek dutela ildo ideologiko zehatz bat, baina azpimarratuaz “harraroa” dena dela abertzale jendeak hainbeste denbora pasatzea anti-abertzaleak diren medio hauek kontsumitzen.
    Eta bai, jendea heldua dela mezua bere ikuspegitik filtratzeko, eta ezin dugula sinplistak izan (ez da beti zer irakurri hura pentsatu), baina onartu behar dela eragina baduela, “agenda setting” delakoan adibidez (zertaz hitz egin), xirimiriak bezala azkenean komunikabide hauek “busti” egiten gaituztela.

     
    Reply
  3. Joxi Imaz

    Nere ustez biak: proportzioan, denbora-indar gehiago jarri zure informazioa zabaltzeari, geure hedabideak indartzeari; baina tarteka bestea ere bai, gezurretan ari dena agerian utzi.

    Eta jendea hasten denean esaten komunikabide guziak direla partzialak, onartu denek dutela ildo ideologiko zehatz bat, baina azpimarratuaz “harraroa” dena dela abertzale jendeak hainbeste denbora pasatzea anti-abertzaleak diren medio hauek kontsumitzen.

    Eta bai, egia da jendea heldua dela mezua bere ikuspegitik filtratzeko, eta ezin dugula sinplistak izan (ez da beti “zer irakurri hura pentsatu”), baina onartu behar da eragina baduela, “agenda setting” delakoan adibidez (zertaz hitz egin), xirimiriak bezala azkenean komunikabide hauek “busti” egiten gaituztela.

     
    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude