Hilabetea: apirila 2019

200.000 ere ez

Ez ditut matematikak bereziki gustuko, baina batzuetan estatistikekin jostatzea gustatzen zait, errealitatea interpretatzeko gakoak ematen baitizkigute.

Konparazio batera, atzo berean, batek daki zergatik, buruan ideia bat izan nuen bueltaka, Iruñeko biztanle kopuruaren ingurukoa. Iruditzen baitzait Iruñea ez dela azkenaldian iruindarrez bete, beti gaudela berdinak toki berdinetan. Pentsamendu ergela da, badakit. Baina erroldako datu zehatzekin babestu ahal izan dut ergelkeria. Egia da azken 20 urteetan 28.000 biztanle irabazi dituela Iruñeak, baina kontua da azken hamar urteetan kopurua ez dela batere mugitu: 200.000 biztanlera ailegatzear, baina ailegatu ezinik.

Iruñerriko 28 udalerritan, ordea, azken 20 urteetan 90.000 biztanle gehiago kokatu dira. Horrek erran nahi du Iruñerriko hazkundea Iruñea ez bertze hiri eta herrietan gertatu dela, batez ere Eguesibarko Sarriguren hiri berrian. Iruñerriak, dagoeneko, gainditua du 350.000 biztanleen langa eta Nafarroa osoko populazioaren erdia baino gehiago hartzen du. Eta martxa honetan, hemendik urte batzuetara Iruñerriko biztanle gehienak Iruñetik kanpo biziko dira.

Eta hona paradoxa Iruñeari dagokionez. Iruñean milaka etxebizitza berri eraiki dituzte azken 20 urteetan: Mendillorrin, Arrotxapean eta Sanduzelain, Buztintxurin, Erripagañan eta Lezkairun. Eta hala eta guztiz ere, bere populazioa apenas handitu den. Eta horrek guztiak galdera bat egitera bulkatzen nau: Iruñeko zenbat etxebizitza daude hutsik? Zuek badakizue?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko apirilaren 9koa] bannerra-EHI

Euskararen Geroa

Ez nauzue ni 2015eko aldaketa instituzionalak Nafarroa Garaian abiatu zuen Aldaketari osoko zuzenketa egiten dien horietakoa. Horretan ez nauzue aurkituko. UPNk egiten zuena eta Geroa Bairen Gobernuak -bertze hiru alderdien babesarekin-egiten duena konparatuta, gai naiz ikusteko ez direla gauza bera. Baina, noski, denok baditugu gure intereseko kontuak eta neureetan, bederen, badira arantza batzuk min egiten didatenak.

Euskara da horietako bat, jakina.

Eta, zera, gaurko manifestu honetan etengabe lehen pertsona erabiltzen ari naizenez, utz iezadazue neure burua berriz aipatzen eta 2015eko ekainean idatzi nuen artikulu bat honera ekartzen. Ordu hartan, Gobernu berriari eskatu nion 2000. urtean UPNk euskararen kontra abiaturiko erasoa gogoratzea. Nola dekretuz dekretu, euskarak administrazioan zuen presentzia txikia zokoratzen joan zen UPN, paria euskaldunak are ikusezinago bilakatzeko asmoz.

Eta Uxue Barkosen Gobernuari eskatu nion gutxien-gutxienik, oldarraldi haren aurreko egoerara itzultzea nafar administrazioa. Eta hortik gora.

Bada, normala denez, ez didate kasurik egin, eta dekretu haiei buelta emateko ezer gutxi egin dute.

Geroa Bairendako euskara gaztelaniaren gibelean baitago, bigarren edo hirugarren maila batean, eta ez du batere arazorik jarrera hori erakusteko. Konparazio batera, aurrekoan Espainiako bozetara aurkeztuko dituen hautagaiekin agerraldia egin zuen Geroa Baik, hauteskunde kanpainaren leloak zituen atril bat erabilita. Atrilean “NAVARRA NO SE TOCA”, gaztelaniaz; goi-goian eta hizki larritan idatzita. Eta azpian, “Nik, Nafarroa!” euskaraz, hizki hagitzez txikiagoetan, hizki etzanetan, eta kolore intentsitate baxuagoan; alegia, euskaldun miopeok nekez ikusteko moduan.

Bistan da UPNk umezurtz utzi duen erregionalismoa bereganatu nahi duela Geroa Baik, eta batzuen ustez hori gauza ona da Aldaketarako. Baina asmo horretan euskara eta, beraz, euskaldunak, baztertzeak niri neuri min egiten dit.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko apirilaren 2koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer