200.000 ere ez

Ez ditut matematikak bereziki gustuko, baina batzuetan estatistikekin jostatzea gustatzen zait, errealitatea interpretatzeko gakoak ematen baitizkigute.

Konparazio batera, atzo berean, batek daki zergatik, buruan ideia bat izan nuen bueltaka, Iruñeko biztanle kopuruaren ingurukoa. Iruditzen baitzait Iruñea ez dela azkenaldian iruindarrez bete, beti gaudela berdinak toki berdinetan. Pentsamendu ergela da, badakit. Baina erroldako datu zehatzekin babestu ahal izan dut ergelkeria. Egia da azken 20 urteetan 28.000 biztanle irabazi dituela Iruñeak, baina kontua da azken hamar urteetan kopurua ez dela batere mugitu: 200.000 biztanlera ailegatzear, baina ailegatu ezinik.

Iruñerriko 28 udalerritan, ordea, azken 20 urteetan 90.000 biztanle gehiago kokatu dira. Horrek erran nahi du Iruñerriko hazkundea Iruñea ez bertze hiri eta herrietan gertatu dela, batez ere Eguesibarko Sarriguren hiri berrian. Iruñerriak, dagoeneko, gainditua du 350.000 biztanleen langa eta Nafarroa osoko populazioaren erdia baino gehiago hartzen du. Eta martxa honetan, hemendik urte batzuetara Iruñerriko biztanle gehienak Iruñetik kanpo biziko dira.

Eta hona paradoxa Iruñeari dagokionez. Iruñean milaka etxebizitza berri eraiki dituzte azken 20 urteetan: Mendillorrin, Arrotxapean eta Sanduzelain, Buztintxurin, Erripagañan eta Lezkairun. Eta hala eta guztiz ere, bere populazioa apenas handitu den. Eta horrek guztiak galdera bat egitera bulkatzen nau: Iruñeko zenbat etxebizitza daude hutsik? Zuek badakizue?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko apirilaren 9koa] bannerra-EHI

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude