Hilabetea: maiatza 2019

Egurra ezker espainolari

Axola ez badizue, utz iezadazue Hibai Arbide kazetariaren txio batekin hasten. Gustatu zait-eta. Honelaxe dio: “Zinez argia zara eta zure analisiak bikainak dira, baina zure hautagaitzak ez du Tato* ere konbentzitzea lortzen. Agian, bada ordua jakin dezazun hauteskundeetako gakoa ez dela arrazoia izatea”.

Yanis Varoufakis politikari greziarra zuen buruan Arbidek hori idazterakoan. Izan ere, Varoufakisek porrot galanta izan zuen igandeko Europako hauteskundeetan. Greziarra izanagatik ere, Alemanian aurkeztu zen, han aukera gehiago izanen zituela pentsatuta, eta botoen %0,3 baino ez zuen lortu.

Eta Arbidek Varoufakisen gainean errandakoa aplika dakioke sektarismoz eta egolatriaz jantziriko ezkerreko edozein mugimenduri. Eta, bai, bai, zuek guztiok buruan dituzuen horiek ditut neuk ere buruan: Nafarroako Aldaketaren gobernuetan nahitaezko zutabe osatzen zuten ezker espainoleko taldetxo horiek guztiak. Podemos eta Podemosen frankiziak, badakizue. Atzeguardiarik gabeko abangoardiatxo horiek.

Ados, ados. Dozenaka faktorek ekarri dute Desaldaketa, duela lau urte ere dozenaka faktorek Aldaketa ekarri zuten modu berean. Eta, ados, ados, ez da sobera dotorea halako kolpea jaso duenari bertze kolpe bat ematea, eta ez du zentzu handirik gutxi gorabehera gertu duzun esparru ideologiko bateko taldeak, aurrerantzean aliatuak izan beharko luketenak, egurtzea.

Baina zer nahi duzue erratea. Ni ez naiz argia. Nik ez ditut analisi bikainak egiten. Nik ez dut Tato konbentzitu behar. Eta nik ez dut arrazoirik.

(*) inortxo ere


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko maiatzaren 28koa] bannerra-EHI

Azken saialdia

Legealdi honen hondarrean uste ziurrenik ustel bat izan dut buruan. Pentsatu izan dut ia ezinezkoa zela Nafarroako Parlamentuan dagoen indar korrelazioari eustea, Aldaketa oso boto gutxigatik etorri zelako eta oraingoan Erregimen zaharreko indarrek bere ordezkaritzari eutsi eta baliteekeelako zertxobait handitzea. Kontrara, ziurtzat jotzen nuen Aldaketak Iruñeko alkatetzari eustea, gauzak ongi samar egin direlako eta Joseba Asironek boto asko arrantzatuko dituelako EH Bilduren ohiko esparru ideologikotik at.

Baina aitortu behar dut azken aste honetan pentsamenduak penduluarena egin didala eta orain ziurtzat jotzen dudala Aldaketak Nafarroako Parlamentuan irabaztea baina Joseba Asironek ez errepikatzea alkate bezala.

Badirudi Vox alderdi ultraeskuindarrak lortuko duela Parlamentuan sartzea  eta, horri esker, oraingo Aldaketaren indarrek Navarra Sumak eta PSNk baino parlamentari gehiago izanen dituztela; eta, beraz, aukerak egon daitezkeela lau alderdiek sostengaturiko gobernua errepikatzeko.

Baina Iruñean, ai, Iruñean… Ematen du ezker abertzaleak bultzaturiko koalizioak inoizko emaitzarik onenak erdietsiko dituela, baina hori ez dela nahikoa izanen Asiron alkate izateko. Zergatik? Bada, Aldaketak Iruñean EH Bilduren, Geroa Bairen eta ezker espainolaren beharra duelako eta azken horrek hiru hautagaitza ezberdin aurkeztu dituelako igandeko hauteskundeetarako.

Inkestek diote balitekeela Podemosek, Izquierda-Ezkerrak eta Aranzadik botoen %13 inguru batzea, baina, era berean, balitekeela hiru horietako inork ez lortzea zinegotzirik, hautetsi banaketan sartzeko %5aren langa gainditu behar baita.

Beraz, bertze askok azken orduetan egin izan duten bezala, eta errespetu osoz, baina neuk ere zera eskatu nahi diet Podemos, Izquierda-Ezkerra eta/edo Aranzadikoei. Mesedez, faborez, otoi eta arren, zuetako batek egin dezala urrats ausart bat gibelera, bertan behera utz dezala bere hautagaitza eta eskuzabaltasun osoz eska dezala botoa bertze biendako. Animo!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko maiatzaren 21ekoa] bannerra-EHI

ETB3 ikusezin hori

Etxean haurrak telebista ikusten ari badira ETB3 katea baino ez dugu ikusten. Aniztasun gutxikoak gara horretan. Nahita. Horretan ere euskararen militanteak baikara. Erran nahi baita badakigu marrazki bizidunetako kate gehiago daudela munduan, baina guk bakarrik euskaraz ikustea erabaki dugu.

Eta ez da ahalegin handiko militantzia bat. Hau da, kasu honetan euskara aukeratzeagatik, eta ez gaztelania, nire haurrak ez dira gelditzen haien gizarteratzerako garrantzitsua izan daitekeen ezer gabe. ETB3 haurrendako telebista kate erabat homolagagarria baita.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan paratuak dituzten 375 audimetro gezurtiek diote 2018an soilik ikusleen %0,3k ikusi zutela ETB3 hiru probintzia horietan. Aldiz, audientziaren %1,3k aukeratu zuen Clan, eta audientziaren %1,2k, Boing.

Errana dut nik ez dudala audimetro bideratu horien datuetan sinesten. Baina egia balira ere, ez dut uste datu eskas horiek ETB3ren kalitate eskasari egozterik dauden. ETB3ren kalitatea ez baita eskasa, ez bederen Clan edo Boing kateena baino eskasagoa.

Clan, Boing eta ETB3ko atzoko (maiatzak 13) programazioa aztertu dut, 24 ordukoa. Eta azterketa arin batek datu hauek eman dizkit.

  • Clan kateak 38 saio ezberdin eman zituen 24 ordu horietan. Boing kateak 18, eta ETB3k, 46.
  • Boing kateak 4 orduz eman zuen Doraemon eta 3 orduz Mr. Bean. Clan kateak bi ordu eta erdiz eman zuen Bob Esponja eta ia hiru orduz, Henry Danger. Aitzitik, ETB3n bakarrik ordu erdikoa izan zen Doraemon-en emanaldia; berez, izan ziren egun osoan hura baino saio luzeagoak.
  • Bakarrik ETB3n egon zen atzo fikziozko saio propio bat: 3txulo.

Jakin dezazuen, bertzerik ez, eta ETB3ri buruzko mitoak desmuntatzen has zaitezen.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko maiatzaren 14koa] bannerra-EHI

POST SCRIPTUM: azterketa konparatibo on bat egiteko egun bat baino gehiagoko programazioak aztertu beharko lirateke, noski. Baina nik uste dut egun bakarreko lagin txiki horrek nahikoa oinarri ematen digula ETB3ri buruz erran ohi direnak baztertzen hasteko.

POST SCRIPTUM 2: atzoko programazioaren azterketa aldez aurretik ezarritako programazio eta ordutegien gainean egin nuen. Alegia, ez nituen kronometroarekin 24 ordu eman hiru kateetako emankizunak erregistratzen.

Esplotazioaren jaialdiak

Gutxitan egon naiz ni musika makro jaialdiren batean, hainbat egun irauten duten horietakoren batean. Berez, Euskal Herritik kanpo, erranen nuke bakarrean egon naizela, Viña Rock izenekoan, Albaceteko (Espainia) Villarobledo herrian.

Uste dut 2008 urtea zela*. Garai hartan Berria egunkarian egiten nuen lan, eta lagun taldearekin egitekoa nuen bidaia aprobetxatu nuen zentsurari buruzko erreportaje bat egiteko. Izan ere, urte haietan, Su Ta Gar, Soziedad Alkoholika eta Berri Txarrak taldeek zailtasun handiak zituzten Espainian jotzeko, PP eta terrorismoaren aurkako elkarteek eskura zituzten baliabide guztiak erabiltzen baitzituzten hiru talde horien kontzertuak debekatzeko edo bertan behera uzteko.

Bada, urte hartako Viña Rock jaialdiaren edizioan, Su Ta Gar, Soziedad Alkoholika eta Berri Txarrak taldeek jo zuten, eta niri iruditu zitzaidan horren berri eman behar nuela. Eta egin nuen. Oso lan baldintza txarretan, baina egin nuen. Ortziraleko bestondoarekin, Su Ta Garren kontzertua ikusi eta argazkiak egin, korrika eta presaka nire autora joan, Su Ta Gar eta Soziedad Alkoholikakoak telefonoz elkarrizketatu -nire inkonpetentzian, ez bainuen akreditaziorik eskatu-, internet mantso baino mantsoagoa baliatu, bero zapa izugarri pean erreportajea idatzi eta, hala eta guztiz ere, lortu nuen igandeko egunkarian zentsuraren aurkako garaipentxo horren berri ematea azalean eta barneko bi orrialdetan.

Balentria haren oso oroitzapen ona dut. Lagunekin, gainera, ikarragarrizko parranda egin nuen.

Baina atzo oroitzapen horiek lausotu zitzaizkidan. Viña Rocken lan egin izan duen langile batek langileen lan baldintza kaskarrak salatu baititu: 12-14 orduko lanaldiak egiten dituzte, ia gelditu gabe, aparteko orduak edo gaueko plusa kobratu gabe, kirol pabiloi batean halako moduan lo eginda, gaizki elikatuta, kaleratzeko etengabeko mehatxuak jasoz, Lan Ikuskaritza etorriz gero gezurra erran behar dutela abisatuta… Eta abar, eta abar.

Ni ez nintzen horretaz guztiaz jabetu, hara eraman nituen betaurrekoak bertze zerbait ikustekoak baitziren. Baina bistan da herri guztietan dabiltzala zakurrak oinutsik eta halakoei edonon erreparatu behar diegula, baita musika jaialdi ustez alternatiboetan ere.

 

(*) 2005. urtean izan zela ohartarazi didate.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko maiatzaren 7koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer