Hilabetea: ekaina 2019

Lubakietara berriz

Lola pitonisa lanik gabe geldituko litzateke Iruñeko Udalaren inguruko politikagintzaz iragarpenak egin beharko balitu. Erran nahi baita oso erraza da asmatzea nola jokatuko duen orain alkatetza duen indar ultraeskuindarrak. Iragan larunbatean egin zuten alkate Enrique Maia PSN alderdi espainolistaren jokaldiari esker, eta dagoeneko argitu du zein izanen diren bere lehenbiziko erabakiak:

– Aurreko legealdiaren azken osoko bilkuran (!!) onartu zuten euskararen ordenantza berria bertan behera utzi.

– Berdintasun eta Parte-Hartze alorrak ezabatu.

– Armada etorbideari ‘Armada etorbide’ izena itzuli.

– Pio XII.a etorbidean autoei kendu zitzaien tokia berriz ere autoei eman.

– Txupinazoa nork jaurtiko duen erabakitzeko modua aldatu, herritarrei erabakitzeko aukera kentzeko

– Eta abar.

Kontzientzia politikoa dudanetik, Iruñean halako neurri erreakzionarioak hartu izan dituzte udal agintariek beti. Eta halakoei lubakietatik egin izan diegu aurre. Ahal izan dugun moduan. Eta, ados, lubakietara itzuliko gara, eta duintasun osoz borrokatu gara. Baina beti bezala bataila ia gehienak galduko ditugu.

Horregatik, fabore bat eskatu nahi dizuet halako giro itogarrian bizi ez zaretenei: euskaraz bizi nahi dugunoi, hiri jasangarri eta atseginago bat nahi dugunoi, berdintasunean eta herritarren parte-hartze demokratikoan sinesten dugunoi hemendik aurrera Iruñean gertatuko zaizkigunak aztertzeko orduan, abiatu zaitezte premisa batetik: UPNk agintea izatea da gerta daitekeen gauzarik makurrena -ez da bertze ezein aukerarekin parekatzerik- eta bere aurka borrokatzen bizitzeak deus gutxi du epikatik eta asko tragediatik.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko ekainaren 18koa] bannerra-EHI

Desaldaketa lasterra

Iruñeko Udalaren logotipoa 2019ko otsailaren 15 arte.

Larunbatetik aurrera Iruñeko alkate izanen den Enrique Maia ultraeskuindarrak adierazi du bere lehenbiziko -eta berehalako- neurriak izanen direla Armada etorbideari “Armada etorbide” izena ematea berriz eta udaletxeko osoko bilkuren aretoan Espainiako erregearen argazkiari merezi duen tamaina eta lekua ematea.

Iruñeko Udalaren logotipoa 2019ko otsailaren 15etik.

Eta jajajajaja, zelako barreak egin ditugun adierazpen horiekin. Ergelkeria horiek ez omen baitira iruindar gehienen interesekoak. Maia fatxa hutsa da, kontu identitarioak axola zaizkio bakarrik… Eta bla, bla, bla.

Baina bi aldaketa kosmetiko horien ondoren etorriko dira aldaketa sakonagoak, lasai.

Hauteskunde kanpainan Joseba Asiron alkategaiak hainbatetan erran zuen nahiago zuela aldaketa sakona, aldaketa lasterra baino. Eta, zera, esaldi hori Asironen zuri-beltzeko argazki batekin laguntzen baduzu, guatxaperako mezu polita gelditzen ahal zaizu, bai. Baina pixka bat aztertuz gero, berehala gelditzen da agerian, nire ustez, Aldaketak izan duen akats nabarmenena.

Armada etorbideari apirilaren 29an aldatu zioten izena egiazki, hauteskundeetarako hilabete baino gutxiago falta zela. Agian, akaso, beharbada, apika, duela hiru urte aldatu izan balute, Maiak orain birritan pentsatuko luke izena aldatu baino lehen.

Aldaketa mantsoko estrategia okerraren bertze adibide bat: Iruñeko Udala aurtengo otsailaren 15ean hasi zen logotipo berria erabiltzen, gaztelaniari eta euskarari garrantzi bera ematen dio hori. Ez dakit Maiak aldatu nahiko duen, baina kontuan izanik logotipo berriak ia ez duela biderik egin, batere arazorik ez du izanen.

Eta bertze adibide bat, hau bai munta handiagokoa. Iruñeko Udalaren euskararen ordenantza berria legealdiaren azken osoko bilkuran onartu zuten, maiatzaren 2an! Badakizue zenbat kostatuko zaien Maiari eta Esporrini ordenantza hori aldatzea? Ea, egin apustuak.

Hemendik 20 urtera Iruñean berriz ere Aldaketaren alkateren bat baldin badago, mesedez, faborez, otoi eta arren, aldaketa guztiak, sakonekoak zein kosmetikoak, egin daitezela legealdiaren lehenbiziko hilabetean. Horrela, bederen, lau urtez gozatuko ditugu.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko ekainaren 11koa] bannerra-EHI

Errepresioaren langa txikia

Imanol Salinas, zigorturiko sindikalista, LAB sindikatuak errepresioa salatzeko Gazteluko Plazan eginiko agerraldian hitza hartzen.

Langileak esplotatzen dituen lantoki batean protesta egitera sartu. Lantokiaren ate parean elkarretaratzea egin. Pegatinak jarri. Kartelak erakutsi. Bozgorailu batekin esplotazioaren aurkako esloganak bota.

Hori guztia egiteagatik, edo hori baino ez egiteagatik, Imanol salinas LABeko sindikalista kartzelan sartuko dute 21 hilabetez.

Aspaldi badakigu Espainia deitzen duten horretako Justizia deitzen duten horrek justiziatik gutxi duela eta errugabe asko bidali dituela kartzelara. Eta ez dakit zuek zer pentsatuko duzuen, baina niri iruditzen zait errepresioaren langa ikaragarri jaitsi dutela oraingoan.

Edozein protesta ekintzatan egiten diren gauzak egiteagatik, hau da, eta berriz erranen dut, lantoki batean oihuka sartzeagatik, pegatinak jartzeagatik, kartelak erakusteagatik eta elkarretaratze bat egiteagatik, hori guztia egiteagatik, edo hori baino ez egiteagatik, pertsona bat kartzelan sartuko dute 21 hilabetez.

Eta ez, zoritxarrez Imanol Salinasena ez da kasu bakarra, sindikalismo borrokalariaren kontra Foruzaingoak, fiskalek eta epaileek hartu duten joera baten erakusgarri baizik. Huerta de Peraltako grebaren karietara eginiko protestengatik bertze hiru prozesu penal daude irekita, eta horietako batean, foruzainek bi aldiz kolpatu zuten langile baten aurkakoan, Fiskaltzak eskatu du langile hori kartzelan bi urte eta erdiz sartzea eta Marokora bortz urtez kanporatzea.

Dena oso orekatua, ikus dezakezuenez.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko ekainaren 4koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer