Hilabetea: urria 2019

Gure neke ikusezina

Honezkero euskaldun guztiok jakin izanen dugu zein nekeza den, hain zuzen ere, euskaldun izatea. Ez dut uste madarikazio horrek inor ezustean harrapatuko duenik. Aldiz, irudipena dut hagitz gutxitan ikusarazten diegula erdaldunei zer nolako lanak hartzen ditugun euskaldunok beraiek lasai-lasai bizi daitezen.

Kontua da atzo irakasle batek kontatu zidala azkenean erdaldunen aitzinean kexatu zela euskaldun bezala lan bikoitza egiteagatik. Hainbat hizkuntz eredu biltzen dituen ikastetxe bateko Koordinazio Pedagokikorako Batzordearen bilera batean izan zen. Bilera horiek astero egiten dituzte, eta bertan gertatzen eta erraten denaren akta txandaka hartzen dute. Bada, erdaldun bati tokatzen zaiolarik, gaztelaniaz idazten du akta. Baina euskaldun bati tokatzen zaiolarik, bi aldiz egin behar du lan bera, eta akta gaztelaniaz zein euskaraz idatzi.

Irakasleak kexa eman eta sortu zen eztabaida, noski. Eta ika-mika hartan askotariko iritzi-miritziak bota zituzten. Baina, nire ustez, erdaldun elebakar batek asmatu zuen arazoaren funtsa mahai-gaineratzen. Bera gaztelaniazko eta euskarazko ereduak biltzen dituzten ikastetxeen aldekoa zela adierazi zuen, “halakoetan baitago bakarrik denok errealitate linguistikoa ikusteko aukera”.

Eta, bai, errealitate linguistikoa da gaztelaniazko eta euskarazko ereduak biltzen dituzten ikastetxeetan erdaldun bakarra agertzea nahikoa dela bilerak gaztelaniaz egiteko eta irakasle euskaldun elebidunek lan burokratiko bikoitza egin behar izaten dutela anitzetan.

Halako ikastetxeen errealitate linguistikoa da euskara -eta ondorioz euskaldunak- erabat azpiratuta dagoela. Eta erdaldun elebakarrak lasai baino lasaiago bizi direla.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko urriaren 29koa] bannerra-EHI

Oinez maingua

Iragan igandeko Nafarroa Oinezeko 1. gunearen ikuspegia, 13:20ak aldera.

Garai batean 100.000 euskaltzale biltzen ginen euskararen aldeko Nafarroako bestarik handienera. Gerora, 80.000ra jaitsi zuten kopuru magiko hura. Jendetza oraindik ere. 50.000ko taldea osatu omen genuen ondoren. Baina iragan igandean, Tuteran, 20.000 pertsona baino ez ginen elkartu.

Non eta Erriberan. Euskaldunak gutxiengoaren gutxiengoa diren lurraldean. Euskararen aurkako jarrerak inon baino azkarragoak diren tokian. Euskal Herri osoko euskaltzaleen babes eta sostenguaren premia larri eta etengabea behar duten lekuan.

Igandean, erran bezala, euskaltzaleen elkartasun olatua ez zen Tuteraraino ailegatu. Argia ikastolako zuzendaria triste mintzatu zen Euskalerria Irratian biharamunean egin zioten elkarrizketan. Lohi artean murgilduta egonen zen ziurrenik, eta tristeziak ez zion, nire iritziz, azterketa zorrotz bat egiten utzi. Eguraldi txarrari egotzi baitzion jende gutxi bildu izana.

Eguerdian eguraldia asko kaskartu zela erran zuen zuzendariak. Baina ez. Han izan ginenok badakigu bazkalorduan sekulako eguraldia egin zuela, eta euri tantak 16:30ak aldera hasi zirela erortzen. Ordurako, Tuterara joateko asmoa zuten guztiak Tuteran zeuden dagoeneko.

Bakarkako karta jokoan zeure buruari tranpak egitea da ondorioztatzea eguraldia dela Nafarroa Oinezera (igandekora zein aurreko urteetakoetara) gero eta jende gutxiago joatearen arrazoi nagusia.

Bistan denez, konpromiso politikoa ulertzeko moduak aldatu zaizkigu Nafarroan. Badirudi euskararen aurkako zartakoei erantzun jendetsuak emateko garaiak pasatu direla. Eta hezkuntza publiko-pribatu dikotomia nire ustez zitalak arrakala handia zabaldu duela ikastolen aldeko euskaldunen jarreretan.

Eta horregatik guztiagatik, pare bat buelta eman beharko dizkiotela Nafarroa Oinez bestaren ereduari. Ea hala den.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko urriaren 22koa] bannerra-EHI

Iñaki, ze urrun dago Katalunia

Prat. Bartzelonako aireportua jendez gainezka, hegaldien irteera oztopatzeko. QUIQUE GARCÍA / EFE

Euskal Herriarendako Espainiaz eta Frantziaz aparteko etorkizun bat nahi dugunok lerde putzu handi bat dugu inguruan atzotik. Zelako inbidia, aizue.

Eta ez. Ez naiz espetxean gure politikariak izateko epikaz ari. Kartzelak ez baitu epikatik ezer. Eta gainera, geuk ere izan ditugu politikariak urte luzez itzalpean. Ez da hori, ez.

Kataluniarrek, bertze behin ere, Espainiaren enegarren zartakoari eman dioten enegarren erantzunaz ari naiz. Eredugarria izan baita berriz. Eta bortz axola independentzia lortzen duten ala ez. Tira, aukeran nahiago lortzea, noski. Baina lortuko ez balute ere, zelako inbidia ematen duen herri suhar horren indarrak.

Eta zelako tristezia gure herriarekin konparazioa eginez gero. Zuek irudikatzen ahal duzue atzo Bartzelonako aireportuan gertaturikoa Bilboko aireportuan? Ezinezkoa, ezta?

Ezinezkoa, Historiak eman dizkigun kartak nahiko eskasak baitira. Ez dugu ereserki nazionalik, eta horretarako proposatzen diren asko hileta kantuak dira. Ez dugu kolpe bakarrean independizatzen ahal den lurralde geografiko bakarra. Ez dugu fatxek ere erabiliko duten gure herriaren izen adosturik. Ez dugu estatu etsai bakarra, bi baizik. Ez dugu emantzipazio bandera bakarra. Ez dugu espainolaz aparteko hizkuntza hegemonikorik. Ez dugu…

Bat ote dugu zer edo zer?

Eta oraingoan, ez naiz inori deus aurpegiratzen ari. Gure herriarekiko arrangura baino ez naiz adierazten ari. Hori baino ez.

Eutsi, Katalunia.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko urriaren 15koa] bannerra-EHI

Molde zaharrak

Oinarriak plataformak Iruñean eginiko manifestazio jendetsu bati buruzko albistea, Euskaldunon Egunkaria-ko azalean.

Iragan astean zartako ederra jaso genuen Nafarroa Garaiko euskaldunok, erran nahi baita Nafarroa Garaian euskaraz bizi garenok. Ez dizuet nik horren inguruan deus berririk kontatuko. Zaharra baino zaharragoa baita gure Nafarroa zoragarri honetan euskaldunok egurra jasotzeko dugun ohitura.

Oraingoan urrats bat gehiago egin dute, urrats luze eta pisutsu bat gehiago, euskara erdaldunen begi bistatik eta belarri entzutetik uxatzeko enpeinu zital horretan. Baina deus berriririk ez. UGT sindikatu eskuindar espainolistak urte mordoa darama euskara aintzat hartzen duten lan deialdi publikoen aurkako helegiteak jartzen. Eta epaitegiek urte mordoa daramate haren erritmoan dantzatzen.

Baten bati irakurri diot azken zartako honi erantzuteko, nolabait, borroka molde berriak asmatu behar ditugula, betikoa eginez betiko emaitza lortuko dugulakoan.

Eta ados, let’s go ekimen eta plan berriak martxan jartzera. Baina horiek asmatzen ditugun bitartean, egin ditzagun bederen garai batean egiten genituenak, ez?

Garai batean, Euskara Kultur Elkargoa izeneko fundazio bat existitzen zen, gatazka juridikoan borrokatzeaz gain, pedagogia egin eta nazioarteko babesa bilatzen zuena. Nork hartu zuen haren lekukoa?

Garai batean, hizkuntz eskubideen alde milaka eta milaka nafar mobilizatzen zituen Oinarriak izeneko plataforma bat zegoen, Nafarroako arazoei Nafarroatik erantzuten ziena. Nork hartu zuen haren lekukoa?

Borroka molde berriak beharko ditugu. Nola ez. Baina ni zaharruno samarra nauzue, eta, zer nahi duzue erratea, molde zaharren falta ere sumatzen dut.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko urriaren 8koa] bannerra-EHI

Esporrin

Gauza erraza da Maite Esporrinez barre egitea. Esporrin, maiatzeko udal hauteskunde gauean zintzurra urratu arte “Agur, Asiron, agur, agur” kantatu zuen hura. Esporrin, Iruñeko alkatetza Enrique Maia ultraeskuindarrari oparitu zion sozialista hura.

Eta bai, erraza da Esporrin irrigarri uztea. Ateraldi xelebreak izaten baititu. Gure artean arraroa den abizena baitu. Patinete elektrikoaren aldeko aldarria egin eta gero patinete elektriko batekin istripua izan baitzuen.

Baina barre erraz eta arinetatik harago, Esporrinek eta bere jarrerek kezkatzeko moduko gauzak dituzte.

Jakinen duzue datorren hauteskunde kanpainan “Orain Espainia” leloa erabiliko duen PSOE alderdiak ez-nazionalistatzat duela bere burua. Eta erran ohi duela nazionalistak ezin direla ezkertiartzat jo. Eta hori dela ezkerren arteko akordioetatik at abertzaleak kanpo uzteko argudietako bat, eta guos guos guos.

Baina, gero, batere lotsarik gabe, PSOEren bozeramaileek -Esporrinek, adibidez-, ezkerreko jarreren aurkako mezuak botatzen dituzte. Konparazio batera, Iruñerriko Mankomunitateko bere hautagaitza aurkeztu zuelarik, Maite Esporrinek adierazi zuen ez zuela begi onekin ikusten, EH Bilduk proposatu bezala, hondakinen bilketa langile publikoek egitea.

Oharkabean pasatu zen langile publikoen aurkako mezu hura. Eta nik honera ekarri nahi izan dut. Lurraldetasun eta nortasun kontuez landara, Esporrinek eta bere lagun sozialistek zein gizarte mota sortu nahi duten argi izan dezagun.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko urriaren 1ekoa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer