Hilabetea: azaroa 2019

Euria ari du

Euria ari du. Ez preseski oraintxe. Eta ez preseski gaur. Baina azaroko lehenbiziko hemezortzi egunak euripean eman ditugu. Iruñean, bederen. Eta egunero altxatu gara zerura begira, Navarra Sumaren azken zaplaztekoaren zain.

Zentsura ari du. Baina zentsura, putzura. Eta Pirritx, Porrotx, Marimotots eta tropa guztia, barrura. Iruñean ikusiko baititugu. Agian ez Udalaren babesarekin, baina bai herriaren laguntzarekin.

Erregea ari du. Eta Teleberriren protagonista nagusi Arantza Tapiak Iruñean nafar pilotari bati Navarra Arenan txapela jantzi zion logika berean omenduko du Borboikoak enpresaburu bat, aurten Nafarroan hamalau langile hildako mahai gainean jarri dituzten enpresariek gonbidatuta.

Euskarafobia ari du. Eta laster aldatuko omen digute Iruñeko euskararen ordenantza. Erdaldun elebakarrak lasai-lasai bizi daitezen, euskara entzun edo ikusi gabe. Eta oraindik ez dugu aurkitu zaparrada horri eusteko euritako egokirik.

Gaur ez. Gaur euririk ez. Gaur eguzkia atzeman dugu laino artean, baina asteburuan Berri Txarrak-i, agur.

Etorriko ahal zaizkigu berri onak!

Ikusiko. Ikusi arte.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko azaroaren 19koa] bannerra-EHI

Txiringitogintza

Euskarazko hiztegiek “txosna” ematen dute gaztelaniazko “chiringuito” izenaren ordain gisa. Eta, ados, testuinguru zehatz batean halaxe izanen da. Baina utz iezadazue “txiringito” deitzen, “TX” eta guzti, antolakunde publiko edo pribatu batek modu ilunean edo ezkutuan jokatzeko sortzen duen enpresa edo ekimenari.

Nafarroako Gobernua, eta haren inguruko alderdi zein sindikatuak, txiringitogintzan hasi baitira berriz. Batetik, PSNk eta Geroa Baik ikaragarri handitu dute Gobernuko goi kargudunen zerrenda. 100 buru gehiago omen dira, eta buru horiek sabela ere dutenez eta sabela bete behar zaienez, urtean 4,5 milioi euro xahutuko ditugu beharrezkoak ez ziren kargu batzuetan.

Eta bertzetik, Nafarroako Gobernua, CEN patronala, eta UGT eta CCOO sindikatuak saiatzen ari dira “Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua” eta “Enplegu Plana” izeneko txiringitoak berpizten. Aurreko Gobernuak, Aldaketaren Gobernua deitu genuenak, gizartearen zein LAB eta ELA sindikatuen presiopean, txiringito horiek desaktibatu zituen. Eskandaluzkoak baitziren; Erregimen Zaharreko hiru eragile horien poltsikoak milioiez betetzeko baino ez baitzuten balio*.

Baina, errandakoa, berriz ere martxan jarri nahi dituzte Nafarroako langileon lan baldintzak eta/edo bizitzak hobetzeko balio izan ez duten txiringito horiek. Oraingoan, disimulatzeko-edo, LAB eta ELA sindikatuak ere gonbidatu dituzte txiringitogintza orgia horretara. Ez dira horretara batu, noski. Eta ez legoke gaizki herritarrek, modu zabal batean, argi eta garbi adieraziko baliete guztion dirua ez dagoela gutxi batzuen poltsikoak betetzeko.

Txiringitoak hondartzarako baitira. Hondartzarako bakarrik.

(*) Urtean 8 milioi euro eskuratzera ailegatu ziren.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko azaroaren 12koa] bannerra-EHI

Minutua eta emaitza, lankideok!

2019ko egun goibel honetan, azaroak 5 ditu eta goizeko hamarrak, 8 minutu, eta Twitter herriko futbol zelai iskanbilatsu bezain aldrebes honetan Ayuntamiento de Pamplonaren kontuak 7.839 jarraitzaile ditu eta Iruñeko Udalarenak 2.373*. Euskaldun elebidunak suharki ari dira jokatzen, baina erdaldun elebakarrek nahikoa dute pasotismoari eustea partida bereganatzeko. Markagailuan aldaketak izaten ari dira etengabe, eta ematen du zenbaki dantzak jarraituko duela oraindik ere, baina ez dirudi Navarra Sumak abiaturiko gatazka txiki honen garaipena euskaldunen aldera mugituko denik.

Pena.

Bertze bataila bat galdu dugu. Enegarrena.

Oraingoan, bederen, dibertigarria izan da gatazkatxoa. Baina, onar dezagun, ezinezkoa zen irabaztea, Navarra Sumak, modu zikin zein zitalean, jarriak baitzituen joko arauak. Erran nahi baita euskararen etsaiek lortu dute, bertze behin ere, euskara ghetto batera bidaltzea eta erdaldun elebakarren begiak gure mintzaira zabarrarekin ez zikintzea.

Oraingoz, gaztelaniazko eta euskarazko bi kontuak eduki berdinak ari dira botatzen, aldi berean gutxi gora behera. Ea zenbat irauten duen horrek. Euskarazko kontua edukiz husten hasten direlarik hasiko baita benetako partida.

Gora Osasuna, portzierto.

(*) Euskalerria irratiko entzule edo Berriako zein ZuZeuko irakurle maitea, ziurrenik, hau irakurtzen ari zarelarik zenbaki horiek aldatu dira. Baina nire apostua da euskarazko kontuak ez duela inoiz gaztelaniazkoa gaindituko. Nolanahi ere, kontrakoa gertatuko balitz, nire hitzak patatekin jateko prest nago.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko azaroaren 5ekoa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer