Hilabetea: urtarrila 2020

Anormalak

Gaur Iruñeko haur eskolez mintzatzea tokatzen da. Berriz. Enegarren aldiz. Enrique Maya alkate ultraeskuindarrak iragarri baitu euskara hutsezko 4 haur eskolak 1 eta erdi izatera pasatuko direla hurbilen urteetan.

Eta gaurkoan ez espero niregandik manifestu burutsurik. Tira, ez espero inoiz ez halakorik niregandik, baina gaur bereziki ez egon halakoen zain. Gaur tripak nahasita baititut arras, eta gogoa beltz. Oso beltz.

Gorrotoa da. Gorrotoa baitut. Eta, bai, badakit ez dela batere sentimendu polita, eta behar bezala kudeatu beharko dudala hortik zer edo zer ona atera dadin. Baina horretarako lehen urratsa aitortza da, ezta?

Bada, une honetan, gorroto ditut iruindar euskaldunok anormaltzat jotzen gaituztenak, gorroto ditut Iruñean euskaraz bizitzen eragozteko eskura dituzten tresna boteretsu guztiak erabiltzen dituztenak, gorroto dut Ramplona, eta gorroto ditut Esporrin eta bere mariatxiak.

Erran dut. Eta orain banoa gorroto horrekin zerbait ona egitera. Patata tortilla bat, edo.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko urtarrilaren 28koa] bannerra-EHI

Mingostua

“Mingostu halakoa”, bota dio banatzaileak ziklistari. “Amargado”, gaztelania batuan. Eta neuri, bederen, sentsazio mingarra utzi dit eszena mikatz hori ikus-entzuteak.

Iruñeko Arrotxapea auzoan izan da, produktu ekologikoak saltzen dituen Landare elkartearen gibeleko atearen parean. Bi noranzkoak dituen bizikleta bide bat iragaten da atearen ondotik, eta bidearen gaine-gainean aparkatu du produktu ekologikoen banaketa furgoneta handi batek. Tarte horretan bizikleta bidea erabili ezin izan duen ziklista batek errieta egin dio furgoneta gidariari: ez aparkatzeko hor; bizikleta bidea erabat trabatzen duela; bortz metrora, ondoko errepidearen bazter batean, kargatzeko eta deskargatzeko toki handi bat duela, guztiz libre une horretan.

Alabaina, furgoneta gidariak ez du bere akatsa onartu; ez behintzat nik ikusi dudan eztabaida zatian. Agian inozo samarra naiz. Baina produktu ekologikoak banatzen dituen gidari horrengandik bertzelako erantzun bat espero nuen, mugikortasun atseginago baten aldekoagoa.

Bada, ez.

“Mingostu halakoa”, bota dio banatzaileak ziklistari. Eta neuri, bederen, gogo mingotsa utzi dit gaur.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko urtarrilaren 21ekoa] bannerra-EHI

Greba

Azken orduko albistea: urtarrilaren 30erako greba orokorrera deituak dira Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko langile guziak. “Albiste freskoa, e, Asiertxo!”. Bai, badakit batzuok pare bat hilabete daramagula kontu honekin matraka ematen, baina, aizue, hain da handia hedabide nagusiek inposatzen diguten isiltasun informatiboa.

Eta onar dezagun… Bueno, ez, onar dezadan… greba orokor honek dena duela aurka benetan orokor izan ez dadin:

  • Dirudienez, hemen eta orain, greba orokorrek ez ohi dute langile gehienen babesa jasotzen.
  • Oraingoan, inork gutxik ezagutzen duen subjektu batek deitzen du greba orokor hau: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak.
  • Karta Sozialaren barnean dauden sindikatuak ez dira Nafarroa Garaian ordezkaritza osoaren %40ra ere ailegatzen.
  • Urtarrilaren 30eko greba pentsiokin lotuko dute askok, baina benetan aldarrikapen taula zabala du eta horrek nahasmena sor dezake.
  • Greba orokor honek ez dio liberalismoaren eraso zehatz bati erantzuten, liberalismoari berari baizik.
  • Eraso zehatz bati erantzuten ez dionez, ezinezkoa du berehalako errentagarritasun bat lortu. Eta, beraz, baliteke berehalako emaitza iraultzaileak nahi dituztenak gehiegi ez konbentzitzea.

Eta hala ere, eta hala eta guztiz ere, ez duzu egun bakar batez zure produktibitatea alde batera utziko eta lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko borrokari zure aletxoa emanen?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko urtarrilaren 14koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer