Hilabetea: otsaila 2020

Gimenokerien ardura

Carlos Gimeno Nafarroa Garaiko Hezkuntza kontseilaria gimenokeriak egiten dabil. Jakina. Horretarako jarri baitzuten hor. Oraingoan Castejongo ikastetxeari ez dio PAI programatik ateratzen utzi eta Mendigorriko gurasoei ez die herrian D eredua ezartzen utzi.

Eta normala denez, halako neurrien aurka gaudenok asaldatu egin gara arras. Aitzitik, ez gara ados jarri gure haserrea norengana bideratu erabakitzerakoan.

Nire uste makalean, zirkulu zentrokideak erabili beharko genituzke gimenokerien erantzukizun politikoak banatzeko.

  • Erdi-erdian Gimeno legoke, noski, bera baita berak egiten dituen gaiztakerien erantzule nagusia.
  • Zirkulu bat harago Gimeno kargu horretarako aukeratu duen PSN alderdia legoke.
  • Hirugarren zirkuluan gimenokeria euskarafoboen babesle ideologikoa sartuko nuke nik: Navarra Suma.
  • Laugarren biribilean Nafarroako Gobernuko bertze bi kideak sartuko nituzke: Geroa Bai eta Ahal Dugu.
  • Borzgarrenean, Gobernuaren alde bozkatu zuen Izquierda – (ejem) Ezkerra.
  • Eta seigarrenean, Gobernuari aurrekontuak ahalbidetuko dizkion EH Bildu.

Eta, zera, laugarren eta seigarren zirkulukoei arduraz jokatzeko eskatu beharko diegu, bai, gimenokeriak gelditze aldera haien eskuetan dagoen guztia egin dezaten. Baina gure dardoaren haserrea dianaren erdiko zirkuluetara bideratu beharko dugu, ez?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko otsailaren 18koa] bannerra-EHI

Eusko erregimena

Iñigo Urkullu euskal erditarren presidenteak ez die Twitterreko kanpainei kasurik egiten. Eta horregatik ez da oraindik bi langileren gorpuak lurperaturik dituen Zaldibarko zabortegia bisitatzera joan.

Harroputz lotsagabea baita Urkullu. Goi-goitik bere menpekoei errieta etengabean hitz egiten dien jauntxoa.

Baina nik, Urkulluk ez bezala, kasu egiten diet Twitterreko kontuei. Eta azken egunotan bertan irakurri ditudan gauza interesgarrien artean bat nabarmendu nahiko nuke, Martxelo Diaz kazetariak idatzitakoa: Zaldibarko zabortegian gertatukoari Nafarroan “Erregimen” deituko geniokela.

Arabar, bizkaitar eta gipuzkoar maiteok, agian ez zaizue gustatuko orain erranen dizuedana, baina abisatu behar dizuet, hein handi batean, UPNk Nafarroan harrapatzen duen esparru soziopolitikoaren antzekoa hartzen duela EAJk Euskal Erdian. Baieztapen horri, noski, ñabardura anitz egin dakioke, baina nik uste ongi letorkizuekela hori onartzen hastea, hain zuzen ere UPNri bezala EAJri hegemonia kentzen ahal zaiola sinesteko.

Eta behin sinetsita, lanera, borrokara, hori berandu baino lehen gerta dadin. Animo!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko otsailaren 11koa] bannerra-EHI

 

Ibaia garbitzeaz

Erabaki irmoa hartu dut gaurkoan, minutu bateko manifestu honetara ez ekartzeko ez Greba Orokorra ez eta euskarafoboen azkenaurreko erasoa ere. Baina oraintxe konturatu naiz nahi gabe egin dudala Life of Brian filmeko Jehovaren txistea eta zuen buruetan jarri ditudala bai Greba Orokorra eta baita euskarafobia ere.

Tira, berdin dio. Ez du inporta. Bertze gai ergel bat paratuko dut zuen burmuinetan. Bueno, gaia berez ez da ergela, baina “ergel” hitza erabili dudanez, berriz ere Jehovaren txistea egin dut eta zuek dagoeneko pentsatuko duzue garrantzi gabeko zer edo zer aipatuko dizuelada segituan.

Bada, ez egin kasu orain artean erran dizuedan horri guztiari eta lagun iezadazue asteburuan izan dudan barne eztabaida honetan: igandean, elkarte ekologisten plataforma batek antolatua, ia 400 pertsona aritu ziren Iruñean Arga ibaia garbitzen, eta bildutako zaborrarekin ia 40 edukiontzi bete zituzten.

Auzolan polit eta txalogarria, ezta?

Eta hala bada, zergatik ez naute ni halako ekimenek guztiz konbentzitzen?

Lagundu, faborez.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko otsailaren 4koa] bannerra-EHI

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer