Eusko erregimena

Iñigo Urkullu euskal erditarren presidenteak ez die Twitterreko kanpainei kasurik egiten. Eta horregatik ez da oraindik bi langileren gorpuak lurperaturik dituen Zaldibarko zabortegia bisitatzera joan.

Harroputz lotsagabea baita Urkullu. Goi-goitik bere menpekoei errieta etengabean hitz egiten dien jauntxoa.

Baina nik, Urkulluk ez bezala, kasu egiten diet Twitterreko kontuei. Eta azken egunotan bertan irakurri ditudan gauza interesgarrien artean bat nabarmendu nahiko nuke, Martxelo Diaz kazetariak idatzitakoa: Zaldibarko zabortegian gertatukoari Nafarroan “Erregimen” deituko geniokela.

Arabar, bizkaitar eta gipuzkoar maiteok, agian ez zaizue gustatuko orain erranen dizuedana, baina abisatu behar dizuet, hein handi batean, UPNk Nafarroan harrapatzen duen esparru soziopolitikoaren antzekoa hartzen duela EAJk Euskal Erdian. Baieztapen horri, noski, ñabardura anitz egin dakioke, baina nik uste ongi letorkizuekela hori onartzen hastea, hain zuzen ere UPNri bezala EAJri hegemonia kentzen ahal zaiola sinesteko.

Eta behin sinetsita, lanera, borrokara, hori berandu baino lehen gerta dadin. Animo!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko otsailaren 11koa] bannerra-EHI

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude