Hilabetea: martxoa 2020

Nekrokontuak

Zuei ez zaizue gertatzen? Zuek ez zarete egun batean herritar informazio-jale otzanak izaten eta hurrengoan eszeptiko amorratuak? Koronabirusaz ari naiz, noski. Eta koronabirusak sorturiko kopuruez: kutsaturikoena, ospitaleratuena, sendatuena, hildakoena…

Familiarekin itxialdia hasi nuenetik, martxoaren 13tik, gaitzak sortzen dituen zenbakiei so nago. Adi-adi. Eta batzuetan pentsatzen dut oso justifikatuak daudela ezartzen ari diren neurri zorrotz guztiak. Baina bertze batzuetan zalantzek asaldatzen naute, eta informazioa falta zaigula pentsatzen hasten naiz, bai eta konspiranoiko jarri ere.

Erran nahi baita, igandean, martxoaren 29an, koronabirusak jotako hildakoen kopururik handiena izan zuen Nafarroa Garaiak: 18 hildako. Eta horrela erranda ematen du sarraskia izan zela. Baina niri hor datu bat falta zait. Jakin nahi nuke osotara zenbat pertsona hil ziren egun horretan Nafarroan, koronabirusak jota ala ez. Izan ere, 2018. urtean batez bertze 16 pertsona hil ziren Nafarroan egunero. Hartara, ongi legoke jakitea ea igandeko 18 horietaz aparte hildako gehiago izan ziren egun horretan ala koronabirusa hain hedatua dagoenez hil ziren guztiek dagoeneko bazuten gorputzean sartuta zendu baino lehen.

Badakit hau guztia nahiko makabroa dela, eta zenbaki bakoitzaren gibelean izen-abizendun pertsona bat dagoela, eta hori guztia errespetatzekoa dela. Baina niri, egun eszeptikoetan, datu hori falta zait, egoera larri honek tamainako neurriak merezi dituela benetan sinesteko.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko martxoaren 31koa] bannerra-EHI

Koronabirus militarra

Gaurko manifesturako gaia emana dago. Ezin aukeratu. Astebete baino gehiago baitaramagu etxean itxita eta ez dugu bertze gai bat aipatzen ahal. Barkatuko didazue, baina… Koronabirusa, bai.

Iritzi-emaileen zorionerako, pandemia honek badu inguruan kontu aipagarri anitz eta neuk, Nafarroa (behinola) intsumiso honetatik, Espainiatik etorri zaigun militarizazioari heldu nahiko nioke.

Lehen lerroan jarri baitigute Espainiako armada. Generalek ematen dituzte prentsaurrekoak. Eta soldaduak etengabe ari dira, gure karriketan egiten duten alardean, excusatio non petita bati acussatio manifesta nabarmen bat adierazten. Eta, jakina, den-dena vivaespaña ozen batean bilduta.

Eta nik gogoratu nahiko nuke Espainiako Gobernuan PSOE eta Podemos alderdiak daudela. Ez dakit bietatik zeinek hartu duen erabakia krisi sanitario hau “gerra” bilakatzeko. Baina apostua egin beharko balitz neure aziendak Podemosen alde jokatuko nituzke, hastapenetatik aldatu ez duten oinarri ideologiko bakanetakoa baitute militarismoa. Militarismo ezkertiarra, baina militarismoa.

Eta pena ematen dit. Espainiar antimilitaristek ezker parlamentarioaren artean ordezkaririk ez dutelako eta horren ondorioak Espainiak zapalduriko herriok pairatzen ditugulako.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko martxoaren 24koa] bannerra-EHI

Lizarrako akordioa

Nafarroa Garaian Erregimena erraten diogunaren zutabeetako bat da PSN. Hartara, gaur-gaurkoz, ezin-ezinezkoa da PSNrekin aldaketa soziopolitikorako akordioak lortzea; ezkerraldeko noranzkoan, erran nahi dut.

Atzo goizean zabaldu zen notizia, Lizarrak berriz ere alkate jatorra izanen duela, orain dagoen Navarra Sumako euskarafoboaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu baitzuten. Hasiera batean, albistea zabaltzeko moduagatik, bazirudien EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik babesten zutela jokaldia. Baina baita zera ere!

Berehala atera zen PSN erratera mozio hori sinatu zuten PSNko bi zinegotziek une hartantxe utzi ziotela PSNren zinegotzi izateari. Eta hala da. Jorge Crespo eta Magdalena Hernandez sozialistek Koldo Leoz abertzalearen aldeko botoa emanen dute bi aste barru eginen den bozketan, baina PSNko zinegotzi izan gabe.

Bi aste!!

Barkatuko didazue, halakoetan pixka bat pelikuleroa bainaiz. Baina… Bi aste?! Bi astetan Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariak bi zinegotzi horiei trama bat aurkitzen edo sortzen ahal die, sexua eta Suitzako kontu korronteak nahasten dituena. Edo bi astetan bi zinegotzi horiek istripuren bat izan dezakete. “Istripuren bat”.

Kontuz ibil daitezela, katxiporreta.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko martxoaren 10ekoa] bannerra-EHI

Koronamugikortasuna

Ziklisten heriotzen aurkako protesta Erroman, 2020ko otsailaren 23an.

Iragan astean Erroman izan nintzen, eta ez, ez dizuet koronabirusaren inguruko deus kontatuko, ez eman matrakarik. Mugikortasunaz hitz egin nahi dizuet. Edo desmugikortasunaz. Edo antimugikortasunaz.

Erroman egona nintzen lehenago, bai eta Italiako bertze toki batzuetan ere, eta oraingo bisita hau arte grazia egiten zidan italiarren mugikortasun ereduak. Baina oraingo honetan tokatu zait Erroma erdialdeko karriketan paseatzea haur aulkitxo bat bulkatzen, eta orain konturatu naiz oinezkoek kale askotan ez dutela nondik ibili, autoek sistematikoki zebrabideen gainean aparkatzen dutela, espaloiak etengabe mozten dituztela portaletatik ateratzen diren errepide zatiek, semaforoek oso segundo gutxi ematen dizkietela oinezkoei, elbarriak ezin direla kale anitzetan ibili, eta abar. Alegia, hiria, batez ere, ibilgailu pribatu motordunendako antolatua dagoela.

Eta halako batean konturatu nintzen hagitz bizikleta gutxi ikusten nituela autoen artean ibiltzen. Eta halako batean bizikletazaleen protesta batekin egin nuen topo: auto batek harrapaturiko azken ziklistaren heriotzagatik protesta.

Eta pentsamendu egoista bat izan nuen: Iruñeko mugikortasun eredua negargarria izanagatik ere, eta guk ere mugikortasunaren biktimak izanagatik ere, bertze toki batzuetan are negargarriagoa dela egoera eta, hartara, zorionekoak garela bizi garen tokian bizitzeagatik. Bai, badakit ez dela oso pentsamendu polita. Baina huraxe izan zen burua bete zidan gogoeta.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko martxoaren 3koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer