Hilabetea: maiatza 2020

Piztu irratia

1998an hasiko nintzen Euskalerria Irratiarekin kolaboratzen. Ez galdetu data zehatza. Baina ordutik ari naiz modu batean edo bertzean parte-hartzen. Eta ni bezalaxe, oraintsu erretiroa hartu duen Mikel Bujandaren gidaritzapean 1988an bere uhinak zabaltzen hasi zenetik, ehunka eta ehunka euskaldun zintzoren kolaborazioa izan du Iruñerriko irratiak.

Kolaborazio horiek guztiak musutruk izan dira, eta izaten dira. Nahitaez. Ezin baita bertze modu batean izan. Euskalerria irratiari ez baitzaio dirua sobratzen, ezta hurrik eman ere.

Baina orain, gainera, dirua falta zaio: UPNren betiko gurutzada antieuskaldunak kendu dion publizitate instituzionalarena eta koronabirusaren krisiak pobretu dituen iragarle txikiena.

Eta gauzak horrela, berriz ere itsulapikoa erabiltzeko garaia dugu.

Ziurrenik bertze dozenaka proiektu jator izanen dituzue diruz lagundu nahiko zenituzkeenak. Baina badakizue zer?, nire ustez Euskalerria Irratia lagunduta bertze dozenaka proiektu jator laguntzen dituzue, Iruñerriko irrati euskaldun bakarrak berebiziko zerbitzua eskaintzen baitio bertako euskal komunitateari.

Eta horixe da gaur, kontatu ez ezik, eskatu nahi nizuena; denon artean irratia pizten jarrai dezagun.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko maiatzaren 26koa] bannerra-EHI

Beldurrak hartuta

Kolore guztietako poliziek banatzen duten egurraren kontra gaude. Nola ez. Ez, ez, ez, errepresiorik ez! Baina zer gustura ikusiko genituzke polizia horiek kaleak hartu dituzten ultraeskuindar espainolistak egurtzen, ezta?

Ez dute eginen, noski. Espainiako poliziak eta ultra horiek senideak baitira, edo kuadrilla berekoak, edo futbol talde berdinak animatzen dituzte, edo boto-paper berdina sartzen dute hautetsontzian.

Eta egiten ez dutenez, behin eta berriz haserretzen gara gu [eta zuk aukeratu zein den “gu” hori], gure aurka kolore guztietako errepresioak erabiltzeko batere beldurrik ez dutelako.

Azken 40 urteetako Espainiako gobernurik aurrerakoiena ez da ausartzen poliziak legea guztion begi bistan hausten ari diren horien kontra bidaltzen. Beldurrak hartuta baitago. Eta horregatik ikaragarri kostatzen zaio eskuina pixka bat molesta dezakeen ezein neurri hartzen. Beldur diolako.

Zaila da norberaren beldurra uxatzea. Eta are gehiago bertzearen beldurra uxaraztea. Baina hori jakinda ere, baten bati zer edo zer bururatzen zaio Espainiako eta Frantziako gobernuek beren kartzela politika ankerrak alda ditzaten? Presoak beren etxeetatik gertu egon daitezen? Preso gaixoak eta zigorraren zati handi bat bete dutenak kalera atera ditzaten? Presoen bakartzeekin buka dezaten?

Kartzelan inor gehiago hil ez dadin?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko maiatzaren 19koa] bannerra-EHI

Ez dut sinesten

Ateoa nauzue. Hau da, ez dut inolako jainkorengan sinesten. Eta, beraz, telebisten audientzietan ere ez dut sinesten. Niretako, Jesu Kristo edo Buda bezain fenomeno paranormalak dira.

ETBren euskarazko kanalarekin enegarrenez kezkaturik gauden honetan, ETBren noraeza ohiko aipagai duen Twitterreko gaztelaniazko kontu anonimo batek hautsak harrotu ditu erran duelarik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Trece TV kate ultraeskuindarrak ETB1ek baino audientzia handiagoa duela.

Eta, tira, nik ez dut datu errealik erantzuteko hori ez dela hala. Baina berak ere ez. Audientziak ez baitira datu errealak, estimazioak baizik.

Bertze datu bat eman zigun atzo: iragan igandean, batez bertze, 31.000 euskal erditarrek ETB1en meza ikusi zutela. Asko dira? Gutxi dira? Ideirik ere ez dut nik. Baina jakin badakit ezinezkoa dela jakitea zenbat izan diren zehazki.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 400 etxe ingurutan paratuak omen dituzte audimetroak. Eta audimetro horiek erregistratzen dituzten erabilera datuekin estrapolazio bat egiten dute eta -oker tartea behin ere aipatu gabe- zenbaki zehatz bat ematen digute: 31.000 pertsona meza ikusten. Bai, zera! Agian 50.000 izan ziren. Edo 1.237. Ez dago modurik jakiteko. Etxe guztiak ez baitituzte monitorizaturik eta, hartara, ezin dugu jakin 400 etxe horiek ez diren milaka eta milaka etxeetan benetan zer arraio ikusi zuten.

Eta ez, hauteskunde inkestetan ere ez dut sinesten. Zuek bai, ala?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko maiatzaren 12koa] bannerra-EHI

 

Nekrokontuak (eta II)

Gaur, bai. Gaur baikor jaiki naiz eta gaur pentsatzen dut koronabirusaren krisi sanitario hau bukatzen ari dela, eta ez duela berehalakoan bigarren olaturik izanen. Udazken-neguan etorriko zaiguna bertzerik izanen da, bai. Baina oraingoa, kito, akitu da.

Eta, hartara, zin dagizuet hemen eta orain koronabirusaren krisiaren inguruan eginen dudan azkena izanen dela hau.

Krisia hasi zenetik han-hemenkako hildakoen kopuruei begiratzen diet gauero. Ez dirudi hagitz zaletasun osasuntsua, badakit. Eta, gainera, estatu bakoitzak hildakoak nahierara zenbatzen dituenez, bada, batek daki sailkapenei begiratuta errealitatearen ikuspegi zintzoa lortzen ote dugun.

Baina, tira, horretan aritzen naiz. Eta Tourreko sailkapenak nola aldatzen diren, modu berean bizi ditut nik estatuen arteko toki aldaketak. Hala, ikusgarria izan zen Estatu Batuetako igoera beldurgarria. Harriduraz dakusagu Alemania handia sailkapenaren erdian galduta. “Noski, noski” batekin erantzun genion Erresuma Batuak eman zigun ezustekoari, zahar egoitzetako hildakoak zenbatzen ez zituela onartu zuelarik postu asko aitzinatu baitzituen. Eta interesgarri dago jakitea azkenean nor geldituko den Europan hirugarren, Espainia ala Frantzia.

Eta mesedez, faborez, arren eta otoi, barka iezadazue gaurko fribolitatea. Jakin badakit hildakoez ari garela. Milaka eta milaka tragediez. Baina iruditzen zait larritasunak halako ihesaldiak behar dituela, atrebentzia handiz umore beltza deitu ohi diren horiek, bizitzari baikortasun handiagoz ekiteko. Animo denok!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko maiatzaren 5ekoa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer