Hilabetea: ekaina 2020

Errealitate likidoa

Ez nuke filosofikoegi jarri nahi -bertzeak bertze nik Filosofiari buruz lau txorakeria dakizkidalako eta ziurrenik gaizki ikasiak ditudalako-, baina egunotan bati baino gehiagori bota diot koronabirusaren inguruko guztiak errealitatearen etengabeko likidotasuna areagotu duela, eta guk gure iritziak eta jarrerak horretara moldatu behar ditugula.

Munduan bizi diren 7.800 milioi biztanleen erdia baino gehiago izanen da ni baino jakintsuago. Horretan zalantzarik ez izan. Horregatik, neuk ere ezin izan nuen aurreikusi koronabirusak sortuko zigun kaka nahastea. Baina martxoaren 12ko goizean, Nafarroa Garaian 61 positibo baino ez genituelarik, neurri zorrotzagoak eskatzen hasi nintzen, ordurako geneuzkan datuek adierazten baitzuten ikaragarria etorriko zitzaigula.

Apirilaren 12an dena itxita egon behar zela eskatzen segitzen nuen. Baina maiatzaren 12an irekitasuna aldarrikatzen nuen. Eta zer erranik ez ekainaren 12an.

Iruñeko Udalak apirilaren 21ean baieztatu zuen aurten ez zuela sanferminik antolatuko. Eta martxan jarri zuen ospakizun herrikoien aurkako errepresio makina. Eta isun eta atxiloketen bidez, sanferminetan zer egiteko prest dagoen erakutsi digu.

Eta, tira, ohiko errepresio zale amorratuek ospakizunak kriminalizatzea parametro logikoen barnean sartzen da. Baina nik ez dut oposizioaren jarrera kolaborazionista ulertzen. Jendeari arduraz jokatzeko eskatzen diote, baina hain zuzen ere, ordutik ordura aldatzen ari zaigun errealitate likido honetan, nire ustez arduraz jokatzea da unean uneko datuen araberako iritziak eta jokabideak izatea, konplexurik gabeko erabateko malgutasunez. Alegia, gai izatea gaur gauza bat errateko eta bihar kontrakoa, baldin eta errealitatearen azterketak horretara eramaten bagaitu.

Laburbilduz, sanferminak ahalik eta normalen ospatzearen aldekoa naizela*.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko ekainaren 16koa] bannerra-EHI

(*) baldin eta datuen oraingo joera onak uztailaren 6 arte jarraitzen badu.

Zuzeneko heriotza ez zuzenak

Nik ez dut George Floyd hiltzen ikusi. Hau da, ez dut bere heriotzaren bideoa ikusi. Sekuentziaren baten argazkiren bat ikusi izan dut, bai. Baina bideoa, ez. Halakoetan ezin baititut halako irudiak ikusi.

Gai naiz fikziozko edozein astakeria ikusteko. Baina aldez aurretik abisatzen badidate ikusiko dudana benetakoa dela eta bertan gizaki baten heriotza agertzen dela, ez dut ikusten. Ezin dut. Eta, hala, ez dut sekula ikusi ISIS-ekoen zintzur egite bakar bat ere. Ezin nuen.

Baina niri gertatzen zaidana ez du zertan izan jende gehienari gertatzen zaiona. Ez dakit, ez dut batere argi. Ematen du jendea suminduago mobilizatzen dela norbaiten heriotza ekarri duen injustiziaren aurka, baldin eta heriotza hori ia zuzenean ikusi ahal izan badu. Eta agian horrek esplika dezake zergatik orain mobilizatu den mundua masiboki, George Floyden heriotzarekin, eta ez urtero gertatzen diren milaka heriotza bortitz eta bidegabeekin.

Baina Elhadji Ndiaye bizirik zegoeneko azken uneak ere grabatu zituzten 2016an, Arrotxapean atxilotu zutelarik eta gero polizia etxean arrastaka sartu zutelarik. Eta ez zen halako protesta uholderik sortu.

Oraintsu arte.

Hartara, aitortu behar dut ez dakidala zergatik gertaera batzuek ibaia gainezka egitera eramaten duten, eta bertze batzuek, ez. Baina, hori bai, bada gauza bat garbi baino garbiago dudana: beti-beti-beti, zer gerta ere, Poliziaren ekintzak grabatu.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko ekainaren 9koa] bannerra-EHI

Proposamen lizuna

Ea, gaurkoan aitorpen txiki bat: abertzalea nauzue. Bai, bai, badakit gaur egun ez dagoela batere boladan, ez dela mainstream, eta anitzez errazago salduko nukeela nire motoa “independentista” naizela erranen banu. Baina inor ez da perfektua, eta ni abertzalea naiz.

Gure Euskal Herri imajinarioa dut maite, istorio asmatuez beteriko gure Historia loriatsua, gure etorkizun utopikoa, langileen herri langilea, zazpi probintziak, lauburua, irrintziak, euskara, ikurrina, eta bla bla bla.

Eta, jakina, Aberri Eguna ere badut gustuko. Aurten, baina, ezin izan genuen behar bezala ospatu, itxialdian harrapatu baikintuen. Eta, horregatik, proposamen lizuna egin nahi nuen hemendik.

1935. urtean, laugarren Aberri Eguna ospatu nahi izan zuten Iruñean. Garai hartan, Iruñe erreketea ez zen tokirik onena izanen halakorik antolatzeko eta ez zuten Berpizkunde Igandean ospatu. Ekainaren 16ra gibelatu zuten kontua. Baina ere ez, agintari eskuindarrek debekatu baitzuten. Azkenean, ekainaren 30ean egin zuten, Euzko Eguna izendatuta, eta zezen plazan eginiko mitin handi batera mugatuta.

Laster, 85 urte beteko dira Jose Antonio Agirre, Telesforo Monzon eta Manuel Irujoren parte-hartzea izan zuen ekitaldi hartatik. Denbora gutxi gelditzen da, eta garai arraroak dira halako gauzetarako, baina inork hartu nahiko luke lekukoa eta ekainaren 30erako aberri egun txiki bat antolatu?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko ekainaren 2koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer