Kamioilariarena

Neu bezalaxe albiste ergelen zale baldin bazarete, akaso irakurriko zenuten Erandioko kamioilari horrena, iragan igandeko goizaldean foruzainek Beran harrapatu zuten horrena.

Kar, kar, benetako txapelduna, aizue.

  • Bortz drogatan eman zuen positibo: marihuana, anfetaminak, metanfetaminak, heroína eta kokaina.
  • Kamioian bazuen haxixa.
  • Ez zuen asegururik eta Ibilgailuen Azterketa Teknikoa berritu gabe zuen.
  • Eta, gainera, Nafarroan sartu zen etxeratze aginduari muzin eginez.

Falta horiengatik guztiengatik 6.000 euro pasatxoko isunak jasoko ditu, baina ez diote epaiketarik eginen, ez baitiote deliturik leporatzen.

Kar, kar, kar, ederretik libratu da kaikua! Txoriburu halakoa!! Kar, kar, kar. Eta Berako lagun bat bisitatzera omen zihoan. Benetan, e… Txistea dirudi.

Txistea? Lehen erran dut, eta berriz erranen, albiste ergelen zale naiz, baina kamioilariarena, hain zuzen, ez nuke zaku horretan sartuko. Niri serio baino serioagoa iduritzen baitzait. Agian zuek irribarre batekin irakurri duzue. Eta nik eskatu nahi nizueke buelta pare bat ematea afera honi, drogatuta gidatzea, motordun ibilgailu bat oso drogatuta zaudela gidatzea ez baita txantxetarako kontua.

Barka gaurko doktrinamendua. Baina errateko gogoa nuen.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko azaroaren 18koa]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude