Ortzirale beltza

Ekologistak Martxan elkarte ekologistaren kartel bat, 2010eko Erosketarik Gabeko Eguna iragartzeko.

Koldo Biguri idazleari irakurri diot Black Friday ekimenari “ostiral beltza” edo “viernes negro” izena jarri izan baliote inork ez lukeela “txitxarro bat ere” salduko.

Eta, bai, hala da. Erosketarik Gabeko Eguna deitzen zitzaion garai batean azaroko laugarren ortzegunaren ondoko ortziraleari. Elkarte ekologista eta antidesarrollistetan genbiltzanok, bederen, halaxe deitzen genion: Erosketarik Gabeko Eguna.

Halako egunerako kontsumo greba egitea proposatzen genuen, hau da, egun oso bat deus ere erosi gabe igarotzea. Eta aurreko astean truke azokak antolatzen genituen, edo kontsumismoaren aurkako hitzaldi eta tailerrak, ortziralekoa berotzen joateko.

Eta Erosketarik Gabeko Egun hartatik zer gelditzen zaigu? Bada, deus ere ez. Ezer ez. Kapitalismoak hezur-muinetaraino sartu digu Black Friday hori, eta lortu du egun hori izatea, hain zuzen ere, kontsumo handieneko eguna. Hori da marka hori!

Mugimendu ekologistak ez ohi du garaipen askorik izaten. Areago, trebea da porroten bilduma egiten. Baina ortzirale beltzarena itzela da.

Eta, bueno, gaurkoan istorio negargarri hau gogorarazi nahi nizuen. Bertzerik ez. Egun ona izan dezazuela.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko azaroaren 24koa]

bannerra-EHI

One thought on “Ortzirale beltza

  1. Jakes LAFITTE

    Denda handietan eskaintzen dizkiguten beheraldiak engainuak dira. Haloween bezala, Black Friday Ameriketako Estatu Batuetatik heldu eta inposatu kontsumismo ohitura bat da. Thank giving Day oraindik falta zaigu. Baina erne ez da beranduko, paboen kalterako! Halloween jadanik Gau Beltza edo Arimen Eguina izenpean bagenuen. Angeluko BAB supermerkatuan , astearte beltza dugu, astearte oro beheraldiak eskaintzen dizkigutelako ; beste egun batzuetan ere eta oso handiak % 30 tik % 70 arte! Zer lilurakeria. Baina kontsumitzaile arruntarentzat zer esan nahi du beheraldi horrek benetako artikuluaren prezioa ez balinbadaki Segur nago beherakada handiena eginik eta oraindik benefizioak saltzaileak egiten dituela. Ni ez naiz kontsumitzaile arrunta: gauza bat erosi baino lehenago nire kolkoari bi galdera egiten dizkiot: 1) Gauza hori benetan behar duta? 2) horren erosteko diru ahalmena ote duta? Biei nire burua baietz erantzuten badio erosten dut. Lehengoari ezeztz eta bigarrenari baietz, eros dezaket. Lehengoari eztetz eta bigarrenari baietz ez dut erosten. Bieri eztetz ez dut erosten. Arestian kontsumitzaile arruntak salgai diren artikuluen prezio benetakoa ezagutzen ez zuela idazten nuen. Denbora luze eraikuntzan lan egin dut eta kontratistek askotan obraren prezio merkeago bat proposatzen digute, baina beheraldi hori baldintzatua da beti: obra handiagoa bada, berealdia proposatzen da. Baina beheraldi hau % 15 baino txikiagooa da kasu gehienetan erosleak obraren benetako prezioa nola kalkulatzen den jakin badakielako.