Davalor

Neure burua goi mailako analista gisa nabarmendu nahian-edo, bilatzen ibili naiz interneten, ea Davalorren inguruan zer edo zer idatzi ote nuen bere garaian, Twitterreko mezu enigmatikoren bat sikiera.

Baina, deus ez. Ordu hartan, bai, pentsatu nuen Manu Aierdi buruzagi jeltzaleak Davalor enpresari digitalki eman zizkion diruek ez zutela usain onik. Legala izanen zen kontua, baina oso arraroa zen, oso. Eta halaxe aipatu nion nire inguruko baten bati. Baina ez nuen inon idatzi.

Eta agian baten batek zuzenduko dit, baina nik ez dut gogoratzen ezkerretik salaketa nabarmenik egin zenik Aierdik Davalor enpresari diru publikoa hain modu irregularrean eman ziolako; edo bertzerik gabe, eman ziolako.

UPNk, bai, ederki baliatu zuen aukera hura, bai eta politikoki erabili ere, Aldaketaren gobernuaren kontra egiteko. Baina bere benetako arrazoiak gorabehera, orain, UPNren kereilak bere bidetxoa egin du, Auzitegi Goreneraino ailegatu da, eta batek daki nola bukatuko den kontua.

Eta nire kezka da Nafarroako politika ekonomiko neoliberal eta desarrollista azken urteetan gidatu duten buru nabarmenetako baten kontrako auzian ezkerra desagertua dagoela.

Zaindu eta egun ona pasa.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko abenduaren 16koa]

bannerra-EHI