Estrategia haurduna
2021(e)ko otsailaren 17a
Nafarroa Garaian, hamarkadak daramatzagu D ereduko matrikulazioa kopuru osoaren %30etik hurbil dagoela, baina ez duela inondik inora ere gainditzen. Erabat geldirik gaude, eta, gure zirkuluetatik kanpora, ez dugu euskarara bertze inor gehiago erakartzen, ez betiko nafarrak eta ez duela gutxikoak ere.
Agintariek ez dute laguntzen, noski. Eta, gainera, haien esku dagoen guztia egiten dute euskarak gehiago zabaltzeko aukerarik izan ez dezan.
Gauzak horrela, eta kontuan izanda gure familietatik kanpo daudenak konbentzitzen ez ditugula, zergatik ez dugu ahal dugun guztia egiten, hain zuzen ere, gure familia euskaldunak anitzez ere handiagoak izan daitezen?
Nafarroa Garaian bizi den emakume bakoitzeko, gutxi gorabehera, 1,4 haur jaiotzen dira. Hau da, haur bat eta bertze baten zatitxo batzuk. Eta estatistika hori urtetik urtera gero eta makurragoa da; gero eta zatitxo gehiago galtzen ditugu.
Baina horrek badu gauza on bat, eta hori da euskaldunok oso erraza dugula D ereduko ehuneko negargarri hori hobetzea. Azken batean, geure haurrak konbentzitu behar ez ditugunez, izan ditzagun haur asko eta asko, eta bete ditzagun eskolak ume euskaldunez.
Izan ere, hori ez bada, nik ez dakit zer arraio egin dezakegun egoera honi buelta emateko.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2021eko otsailaren 17koa]

Ekonomia alorrean gauzak dauden moduan egonda… ño! Arront zaila helduentzat eta gazteentzat. Soldata kaxkar edota miserableak, langabezia tasa haundiak, lan prekarietatea, alokairu sozialerako etxebizitzarik apenas edo batere ez, argindarraren etengabeko igoera eta faktura estratosferikoak… Orain, gainera, pandemiarekin lotutako murrizketak, harreman sozial eta afektiboei ere eragiten diena.
Sistemak ez zittiguk gauzak batere erraz jartzen (36ko gerraondoko eta aurreko gerraondoetako biztanleentzat ere ez zuken batere erraza izango, jakina), baina euskal herritar eta euskaldun gisa etorkizun beltza zaukeagu arlo demografikoari dagokionez, baldin eta hik dioken bezala joera horri buelta ematen hasten ez bagaituk.