Eduki desegokia

Galdera parlamentario bati erantzunez, Valentziako telebista publikoko zuzendariak erran du ez dutela berriz Dragoi Bola emanen, ez duelako betetzen haurrendako edukien balio kodea.

Horren harira, Urtzi Urkizu kazetariak galdetu du ea zer iritzi dugun Dragoi Bola marrazki bizidunetako telesailaren inguruan, bere balio etikoez-eta. Neuk bakarrik erantzun diot, gure semeei Dragoi Bola, Dragoi Bola Z eta Dragoi Bola GT irentsarazi dien honek.

Eta ziurrenik betaurreko moreak behar bezala graduaturik ez ditudan arren, eta Dragoi Bolaren zale amorratua naizen arren, aizue, bi segundo baino ez ditut behar izan onartzeko telesail horretan badirela gauza batzuk sobera ongi ez daudenak. Adibidez, nola emakumeei laugarren mailako tratamendua ematen zaien, nola normalizatzen diren sexu ukituak, edo nola gauza on bezala aurkezten den Son Gokuk semeekin ia denborarik ez ematea.

Baina ni ez naiz halako edukiak zentsuratzearen aldekoa. Nahiago dut gurasoa haurren ondoan egotea, eduki horiek ikusten, eta eman beharreko azalpenak ematea. Hala, ez zait gaizki iruditzen Disneyk duela pare bat hilabete hartu zuen erabakia. Dunbo eta Peter Pan filmak 7 urtetik beheitikoendako katalogotik kendu zituen, eduki arrazistak dituztelako, eta, beraz, haurrek film horiek ikusi nahi izanez gero gurasoekin batera ikusi beharko dituzte. Zentsurarik ez eta gurasoak guraso lanak egitera behartu.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2021eko martxoaren 24koa]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude