Hau mina, Palestina

Telefonoan badut irudi bat gordea, noiz edo noiz paseatzera ateratzen dudana. Begi baten zuri beltzezko argazkia da. Baina irisa koloreztatua du, Palestinako banderarekin. Eta, gainera, negarrez ari da; odoletan negarrez.

Eta erran bezala, irudi hori azaleratzen dut, Israelek azkenaurreko sarraskia egiten duen bakoitzean. Tamalez, irudia agertzearena keinu automatiko bilakatzen ari zait ia. Baina hori banekien irudia arrantzatu nuelarik.

Interneten bilatu dut ea Palestinaren inguruan zer edo zer idatzi izan dudan. Eta, bai, duela hiru urte egin nuen, 2018ko maiatzean. Auskalo zenbat palestinar sarraskitu zituen ordu hartan Israelek, eta nik adierazi nuen dagoeneko ezin-ezinezkoa zela originala izatea Palestinako herriaren sufrikarioari buruz idaztekotan.

Eta hemen naukazue berriz, originaltasun faltaren erakustaldi bikoitza edo hirukoitza egiten. Begiaren irudi triste hori erakutsiz eta Palestinari buruz deus berririk erraterik ez dagoela berriz erraten. Eta ezin da bertze modu batean izan. Israelek, enegarrenez, odoletan negarrez utzi baititu milaka palestinarren begiak.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2021eko maiatzaren 12koa]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude