Olentzero joan zaigu…

Bakoitza bere eroak bizi du, badakizue, eta ni -adibidez- Manowarzale amorratua naizen modu berean Olentzerozale porrokatua ere banaiz. Ikaragarri gustatzen zait, baita Iruñeko Olentzeroren desfile motela ere. Ikus dezazuen noraino ailegatzen den nire filia.

Eta nire zaletasun horrek bultzatuta, urtero izaten dut Iruñeko Olentzerozaleen Elkarteko bazkide egiteko gogoa. Elkarte horretako aldizkaria etxera iristen den arte, noski. Aurten, 17 erreportaje edo artikulutatik hiru eta erdi baino ez dira euskaraz. Ez dakit errekorren bat hautsi duten ala ez.

Nolanahi ere, ez nadin inguru-minguru ibil. Ni honera nentorren nire amorrua mahai-gainean paratzera, bigarren urtez jarraian Iruñeko Olentzero ez baita Alde Zaharreko karriketara aterako.

Eta, oraingoan, benetan, ez dut tutik ere ulertzen. Olentzero kalean ibiltzen da. Kalean. Eta ikusleak milaka izanen dira, baina maskararekin egoten ahal dira lasai asko hala eskatuz gero. Zein da arazoa?

Egun ona pasa eta urte aldaketak zoriontsu eta osasuntsu harrapa zaitzatela.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2021eko abenduaren 22koa]