Zikinkeria

Ez da garbia garbitzen duena, zikintzen ez duena baizik. Esaldi sinple hori garunean iltzatuta dut eta ia erranen nuke nire konbikzio ekologisten gidalerro nagusietako bat dela.

Baina gero gertatzen da zikindu, zikintzen dugula, eta zikindutakoa garbitu behar dela.

Ea, mintza nadin garbiago. Iragan igandean, Klimaren aldeko Aliantzak deituta, ia 400 boluntariok ia 50 edukiontzi bete zituzten Arga ibaiaren ertzetan aurkitu zituzten zikinkeriekin, abenduko uholdeak Iruñerriratu zituen plastiko eta antzeko giza zaborrekin.

Primerako ekimena asmoa baldin bada, herritarren kontzientziak astindu eta parte-hartzea sustatzearekin batera, agerian uztea sistema kapitalistaren zikinkeriak. Baina halakoetan sortzen zait zalantza dantza: benetan markatu ditugu igandea arte Argan zegoen zikinkeria guztiaren arduradun politikoak ala Ebroko Ur Konfederazioari eta udalei sekulako mesedea egin diegu eta, beraz, ibaian gora zikintzen jarraitzen dutenekin ez-ikusiarena egiten jarrai dezakete?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko urtarrilaren 26koa]