Banketxe desagertuak

Arrotxapean bizi naiz, Iruñeko auzorik jendetsuenean; 26.000 bizilagun baino gehiago izanen ditu dagoeneko. Duela gutxi arte, nik erabiltzen dudan bankuak -Euskal Herrian aski ezagunak- bi sukurtsal zituen auzoan. Orain bakarra dago. Nire belaunaldiko gehienek bezalaxe apenas egiten dut nik bankuaren erabilpen presentzialik. Baina egin nahi izatekotan, kilometro bat ibili behar dut.

Lehen ia edozein izkinatan zeuden bankuak. Baina, orain, demagun kalean norbaitek gelditzen zaituela eta galdetzen dizula non dagoen banketxerik hurbilena; erantzuten jakinen zenuke?

Aurrekoan, erreportaje sakon batean, Diario de Noticiasek kontatzen zigun 2008tik Nafarroa Garaian genituen banku sukurtsalen %40 baino gehiago itxi dituztela. Orain 400 baino gehixeago ditugu. Eskandaluzkoa da, nire ustez.

Eta, lasai, garai batean genuen banketxe kopuru berdina nahi izatea ez da nostalgia kontua; are gutxiago, ez da toki hotz eta miserabe horiekiko fetitximo kontua. Aitzitik, eta kontuan izanik sistemak bankuak erabiltzera behartzen gaituela, publikoa izan beharko litzatekeen zerbitzu hori behar bezala jasotzearen aldeko oihua da; zorionez gero eta ozenago entzuten ari dena.

[Agur, banoa ziztu bizian kilometro batera dudan banketxera, diru sarrerak 11:00ak arte egiten uzten baitute.]


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko otsailaren 23koa]