Aztiak

Astelehenean euria barra-barra bota zuen ia egun osoan, eta fresko samar egon zen giroa. Gau partean, hurrengo eguneko eguraldi iragarpenari begiratu eta ikusi genuen asteartean 19 graduraino igoko zela tenperatura Iruñean.

“Bai, zera!”, erran zuen seme nagusiak. “Eguraldia hainbertze aldatuko da, ezta? Egun batetik bertzera, bat-batean”. Uste dut gero “Ja” sinesgaitz bat bota zuela.

Tira, agian semeari esperientzia pixka bat falta zaio ohartzeko eguraldi aldaketak egun batetik bertzera gertatzen direla. Baina kontua da asteartean 19 gradu izan genituela, bai eta Saharatik etorritako hondar-laino bitxia ere. Alegia, eguraldi iragarpenak bete-betean asmatu zuela. Ia beti bezala.

Noiz edo noiz gertatzen zait. Une batez, pentsatzen jarri, eta liluraturik gelditzen naiz gizateriak asmatu dituen gauzekin: musika, eskailerak, papera, hegazkinak, pizza, arropa, irratia… Eta eguraldi iragarpenak. Etorkizuna asmatzeko gai garela, aizue! Hori baino gauza harrigarriagorik.