Sarraskiak

Zelenski Ukrainako lehendakariak Gernika aipatu digu, errusiarrek bere herrietan egiten ari direnekin alderatzeko, eta horrek bide eman du hango eta hemengo, atzoko eta gaurko, sarraskiez mintzatzeko.

Gernikari gorri separatistek eman zioten su. Hori kontatu zuten faxistek. Hori sinetsarazi nahi izan zuten, haien lotsaizunak ezkutatzeko. Aitzitik, gezur galant hari buelta eman zitzaion, eta egun, frankista amorratuenak kenduta, inork gutxik sinesten du gezur hura.

Egunotan Ukrainako Butxa herrian sarraski ikaragarria gertatu da. Lerrook idazterakoan 340 zibilen gorpuak aurkitu dituzte eta baliteke askoz ere gehiago aurkitzea. Baina nork egin du sarraski hori? Erantzuna oso erraza omen da: errusiarrek egin dute. Hori erran digute hemen, aho batez. Eta hala izanen da. Baina errusiarrek ukatu egin dute halako sarraskirik egin izana.

Bistan denez, bi aldeetako batek sekulako gezur galanta bota du. Baina nork? Nori sinetsi behar diogu deus ere baieztatzeko aukerarik ez dugun herritar xumeok?

Neuk, bederen, ez dut bietako inori ere sinesteko batere ahaleginik egin nahi. Nahikoa da. Geldi ditzatela gezurrak, geldi ditzatela sarraskiak, geldi dezatela gerra.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko apirilaren 6koa]