Eguraldi txarra

Uda astronomikoa bukatzear den honetan, badirudi maiatzetik pairatzen ari garen bero ikaragarri hau bere azkenetan dela. Pentsatzekoa da igogailuetako solasaldi arinetatik ere agudo joanen zaigula.

Hau baino uda beroagorik ez baitugu sekula santan ezagutu. Ekain, uztail eta abuztuko tenperaturak hartuz gero, 2003koa beroxeagoa izan zen, bai, baina kontuan hartuta aurten tenperatura altuak maiatzean hasi zirela, eta irailean jarraitu, bada, oraingoa da orain arteko beroena. Baina ez ote da hurrengo urteetakoak baino freskoagoa izanen?

Nire esperantza da bero handi honek ekarri dituen deserosotasunak eta ezinegonak, bai eta gehiegizko heriotz kopuruak ere, gu guztion pertzepzio meteorologikoak aldatzera eramatea. Alegia, udazkenean euri asko botatzea eguraldi txarra dela errateari uztea. Negu gorriaren hotzari “Mordor” deitzeari uztea. Eta abar.

Ez dakit horretarako gai ote garen ere. Baina niri gutxienekoa iruditzen zait neurriz kanpoko beroa eguraldi txartzat hartzen joatea, hori gelditzeko errotiko neurri eraginkorrak hartu behar direla barneratzen hasteko.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko irailaren 19koa]