Manifestodromoa

Iruñeko Sarasate pasealekuaren mutur batean Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusia dago eta bertze muturrean, Parlamentua. Beraz, botere exekutiboa zein legegilea interpelatu nahi dituzten askok manifestazioa egin ohi dute bertan. Oso toki aproposa da milaka pertsona batzuk bildu ahal izateko eta, gainera, Foruen monumentua guztiz sinbolikoa du.

Berriki jakin dugu Sarasateko 16 bizilagunek salatu dutela haien bizitokia “manifestodromo” bilakatu dela eta jasangaitza egiten zaiela manifestazioetan sortzen den zarata.

Erraten dute, noski, ez daudela biltzeko eta manifestatzeko eskubideen kontra, baina… (halakoetan beti dago aurreko esaldia gezurra dela baieztatzen digun ‘baina’ bat, ezta?); baina eskatzen dute Sarasate “akustikoki saturatu” gisa definitzea eta bertan manifestaziorik ez baimentzea. Alegia, debekatzea.

Manifestazioak auzoetara bidaltzea ere proposatzen dute, txandaka, auzoen zerrenda alfabetiko baten arabera. Eta puntu honetan benetan barre algaraka hasiko nintzateke, baldin eta ez banu jakinen gure agintari batzuek amets lizunak izaten dituztela halako eskaera erreakzionarioekin.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko azaroaren 22koa]

Zorionekoak gu

Badago aretoan Irulegiko super albistearen inguruan iritzia eman ez duenik? Ez? Inor ez? Seguru? Bada, txanda hartuko dut eta, Euskalerria Irratiarekin sinatua dudan hil arteko kontratu eskandaluzkoaren pribilegiozko baldintzei kasu eginez, brontzezko eskuaz pentsatzen dudana plazaratuko dut, jakin baitakit zuek guztiok nire aburua entzun edota irakurtzea beharrezko duzuela zuen eguneroko kontu txikiekin jarraitu ahal izateko.

Eta argi uzteko Irulegiko eskuko lehenbiziko hitz horrek euskaldun guztion bihotzetan sortu duen bozkarioa nire egiten dudala, ia inork erabili ez duen esamoldea izkiriatuko dut lerroburu gisa: “Zorionekoak gu”.

Eta horren azpian, nire hausnarketa sakon eta ezin eztabaidatuzkoa, Whatsappeko statusetan bezalaxe, etorkizuneko doktoretza tesietan neure izena ere agertzea bermatuko duena: eskuaren kontu hori pasada bat da.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko azaroaren 14koa]

Aktibistak

Batzuek pintura bota zuten Van Gogh-en eguzkiloreen gainean. Bertze batzuek eskuak itsatsi zituzten luxuzko autoetan. Izan ziren hegazkin pribatuen gurpilen inguruan kateatu zirenak. Eta izan dira Goyaren majen markoetara itsatsi direnak.

Klimaren aldeko ekintzaileak dira. Denon artean berehala benetako zerbait egiten ez badugu planeta honen gizakiendako bizi baldintza egokiak pikutara joanen direla ohartarazi nahi izan diguten aktibistak.

Ekintzak egin eta segundo gutxira irrigarri utzi nahi izan dituzte aktibista horiek. Edo gogor-gogor kritikatu izan dituzte; guztien gibeletik atera da Koldo bat “Horrelakoa ez, gauzak ez daude horrela” erraten. Eta dozenaka konspirazio asmatu dituzte ekintza horiek desakreditatu eta deslegitimatzeko.

Etor bedi borroka moldeen inguruko eztabaida. Ados. Baina, bitartean, zerbait egin beharko dugu CO2 isurien goraldi mugagabea nolabait gelditzeko, ez?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko urriaren 25ekoa]

Zahar egoitzetakoa

Nafarroa Garaiko zahar egoitzetako langileek hiru greba egunetako lehenbizikoa izan zuten atzo. Enegarrena da. Eta egonen dira gehiago.

Nafarroarako hitzarmen sektorial on bat nahi dute, zahar egoitza publiko eta duinak lortzeko bidean. Baina ez dute borroka erraza, greba egunetan ezartzen dizkieten gutxieneko zerbitzuak ohiko zerbitzuen ia berdinak dira eta, beraz, ez dute greben bidez presio handirik egiteko modurik.

Eta, zera, horrekin ez du batere zerikusirik, baina era berean ez dago batere erraza euskaraz sektore honi deitzea. Adi, ondoko zerrendako adibide guztiak erabili izan baitira benetan:

  • Zahar etxeak
  • Erresidentziak
  • Zahar egoitzak
  • Adinekoen egoitzak
  • Helduen egoitzak
  • Nagusien egoitzak

Ez da serioa. Gaztelaniaz hitz bakarra erabiltzen ari diren bitartean, “residencias”, euskaldunok bertze esamolde bat asmatzen dugu kartel edo pankarta bakoitzeko.

Ziurrenik, euskaraz hitz batu bakarra lortzeko daukagun ezintasun horrek ez du langile horien borrokan eragin handirik izanen. Baina lagundu, ez du laguntzen batere.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko urriaren 25ekoa]

Hor dago koska

Galtzerik ez dagoen manifestazio horietako bat dago larunbat honetan, non eta Tuteran. Izan ere, zenbat aldiz egon zara Tuteran, manifestazio batean? Are gehiago, zenbatetan euskararen aldeko manifestazio batean?

Duela urtebete-edo Cortesko adierazpenarekin aurkeztu zen Hordago! herri ekimenak antolatu du mobilizazioa, hizkuntz eskubideei dagokienez Nafarroa Garaia hiru eremutan zatitua duen zonifikazioaren aurka.

Euskararen legeak aitortzen du euskara Nafarroako berezko hizkuntzetako bat dela; alegia, nafar izatearen parte dela. Baina Nafarroa Garaia bakarra baldin bada gauza guztietarako, zergatik dago hirutan banatua euskarari dagokionez?

Tira, zergatia badakigu, ez baikara inozoak. Baina ez dugu onartzen ahal. Eta bada garaia lotsarik gabe eskatzen has gaitezen “eremu ez euskaldun” gisa izendatu zuten horretan bertako euskaldunek, gutxi izanagatik ere, goragokoen eskubide berdinak izatea.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko urriaren 18koa]

Euskaraldia Prime-ran

Oraintxe ulertu dut dena. Kostatu zait, ez baitzen aise asmatzekoa. Baina buru gaineko bonbilla piztu zait azkenean.

Amazonen Prime telebista plataformak Euskaraldiarekin estreinatuko du Boterearen eraztunak telesailaren euskarazko audioa, azaroaren 18an.

Gogoratzekoa denez Prime plataformak iragan irailaren 2an estreinatu zuen mundu osoan Eraztunaren Jaunaren sagaren inguruko telesaila. Munduko hizkuntza anitzetan estreinatu zuten, eta erran ziguten euskarazko audioa ere izanen zuela. Baina oraindik ez du.

Eta orain badakigu zergatik. Amazonek Euskaraldiarekin bat egin nahi zuelako!

Ziur naiz Amazonek marketin aditu onak dituela bere telebista plataforman. Baina, badaezpada ere, gure herritxo hau nahiko ezezaguna gerta dakiokenez, honatx aholku txiki batzuk:

  • Estreinaldiaren egunean iragarkiak jarri euskara hutsezko egunkari, irrati, telebista eta agerkari digitaletan. Dirua ez da arazo.
  • Hilabete batez euskaldunei eskaintza berezia egin: harpidetza erdi prezioan jarri gutxienez B2 hizkuntz profila ziurtatzen duten euskaldunei.
  • Euskaraldiko kanpaina honetarako lelo berezia erabili: Boterearen eraztunak, euskaraz, Prime-ran.

Ezta zeri!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko urriaren 11koa]

KPI

Hil honetan tokatu zaigu hipoteka maileguaren kuota berrikustea eta, aizue, 73 euroan handitu zaigu dagoeneko nahiko koskorturik genuena. Pozez txoratzen gaude etxean. Bai polita, gure euribortxoa.

Urte bero honek dezente gibelatu du, baina aste hauetakoren batean berogailua pizten hasi beharko dugu. Eta ikusiko duzue gasaren eta argindarraren txisteei esker umore jaialdia noraino ailegatzen zaigun.

Eta Milka txokolate tableta, 125 gramokoa, 88 zentimotik euro eta hamarrera igo da. %25ko igoera. Bestatzarra.

Kontsumo Prezioen Indizea, KPI alegia, urte bukaeran gutxienez %10 igoko zaigula erran digute. 2021ean %6,6 igo zitzaigun. Eta hori dela-eta, zenbait enpresatan borroka latzak izaten ari dira enpresaburuek bete ditzaten hitzarmenetan jasoak dauden KPI igoerak, edota hitzarmen berrietan finka dezaten igoera hori.

Nafarroako enpresarik handienean, foru administrazioan, aurten %2 igo diete langileei soldata. Eta aurreratu dute heldu den urtean %3 igoko dietela. Hau da, KPI madarikatu horren igoeratik oso-oso urruti.

Pentsatzekoa da laster hasiko dela borroka. Baina batek daki, hain dago geldirik dena.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko urriaren 4koa]

Italiako diskurtsoa

Neofaxistak. Ultraeskuindarrak. Kontserbadoreak. Eskuin muturrekoak. Muturreko eskuindarrak. Nahi bezala izendatu, baina horiek guztiak egonen dira Italiako gobernuan, Italia gobernatzen. Eta oraingoan ez dute estatu kolperik eman behar izan, ezta beren aurkari politikoak erailtzen ibili ere.

Faxistek nahikoa izan dute beren diskurtsoa hegemoniko bilakatzen asmatu. Kapitalaren laguntza osoa izan dute horretarako, jakina. Baina pentsatu nahiko nuke kontzientzia askatasunaren merkatuan lehia anitzez handiagoa joka lezakeela gutako bakoitzak eskuindarren ideiei aurre egitea egokitzen den bakoitzean.

Migrazioaren gaiaz ari naiz. Migratzaileez. Eta nola haien aurkako diskurtsoak askotariko jendea harrapatzen duen. Ez erran ez zaizuela inoiz tokatu gertu-gertukoekin horretaz eztabaidatzea; nekez sinetsiko bainuke.

Europan hedatzen ari den mamu faxistari nola aurre egin behar zaion jakiteko makilatxo magikorik ez dut nik, noski. Nik nahi nuke pertsona guztien giza eskubideen defentsa izatea faxismoaren aurkako estandarterik sendoena. Baina gaur kopetilun jaiki naizenez, iruditzen zait ez gaudela horretan. Ea bihar.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko irailaren 27koa]

Eguraldi txarra

Uda astronomikoa bukatzear den honetan, badirudi maiatzetik pairatzen ari garen bero ikaragarri hau bere azkenetan dela. Pentsatzekoa da igogailuetako solasaldi arinetatik ere agudo joanen zaigula.

Hau baino uda beroagorik ez baitugu sekula santan ezagutu. Ekain, uztail eta abuztuko tenperaturak hartuz gero, 2003koa beroxeagoa izan zen, bai, baina kontuan hartuta aurten tenperatura altuak maiatzean hasi zirela, eta irailean jarraitu, bada, oraingoa da orain arteko beroena. Baina ez ote da hurrengo urteetakoak baino freskoagoa izanen?

Nire esperantza da bero handi honek ekarri dituen deserosotasunak eta ezinegonak, bai eta gehiegizko heriotz kopuruak ere, gu guztion pertzepzio meteorologikoak aldatzera eramatea. Alegia, udazkenean euri asko botatzea eguraldi txarra dela errateari uztea. Negu gorriaren hotzari “Mordor” deitzeari uztea. Eta abar.

Ez dakit horretarako gai ote garen ere. Baina niri gutxienekoa iruditzen zait neurriz kanpoko beroa eguraldi txartzat hartzen joatea, hori gelditzeko errotiko neurri eraginkorrak hartu behar direla barneratzen hasteko.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko irailaren 19koa]

Eskozia

Azkenaldian Ukrainako gerrari buruzko pare bat manifestu idazten ausartu naizen arren, ez ohi naiz ni urrutiegi joaten hiru laurdeneko analisi hauek izkiriatzeko. Normalean eroso sentitzen naiz Navarra Sumaren edo gisakoen azken zitalkeria salatzen, etxeko gauzen inguruko iritzia aise ematen baitut, nire ezjakintasunak sobera agerian utzi gabe.

Baina gaur Eskoziara begira jarri naiz, hango lehen ministroak iragarri baitu zenbait ekimen legegile eta, derragun, propagandistiko martxan jarriko dituztela 2023ko urte bukaera baino lehen independentziari buruzko bigarren galdeketa egin ahal izateko.

Lehenbizi Londresi eskatuko diote erreferenduma egiteko baimena. Baina ziurrenik ezezkoa jasoko dutenez, aukera guztiak aztertuko dituzte galdeketa legezkoa izan dadin, aldebakarrekoa izan arren ere.

Eta, tira, iragarri dutena ez da sekulako iraultza eta, independentzia lortuko balute ere, Eskozian ez lituzkete, adibidez, kapitalismoaren zutabe sendoak zartatuko; bertzeak bertze independentzia lortzeko argudio sendoenetarikoena Europako Batasunean sartzearena baitute. Baina zer nahi duzue erratea, niri gauza hauek ilusioa eragiten didate. Aupa, Eskozia!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko ekainaren 15ekoa]

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer