Egilea: Asier Azpilikueta
Osasuna
2023(e)ko martxoaren 13a
Oso txiki nintzela aitak Sadarrera eramaten ninduen, Osasunaren partidetan lo egitera. Gaztetan lagunekin joaten nintzen, badakizue, lololololoka aritzera. Eta geroago, Euskalerria Irratiaren emankizunei esker, Osasunaren etxeko partida guztiak irensten nituen.
Alegia, nire bizitzaren zati handi-handi batean Osasuna futbol taldearen zale amorratua izan naizela. Baina, halako batean, zaletasun hori bertan behera utzi nuen eta, batere traumarik gabe, Osasunaren partidak ikusteari utzi nion.
Eta hau guztia kontatu dizuet errateko aurrekoan Osasunak Celtaren aurka jokatu zuen partida ikusi nuela, neu ere haserretu nintzela Abderi baliogabetu zioten golagatik, baina, era berean, pixka bat flipatu nuela gogoratzerakoan futbolaren inguruan zenbat diru, baliabide eta ahalegin sozial inbertitzen diren.
Eta orain, zuetako askok asmatuko zenuten bezalaxe, aldarrikapen demagogikoaren txanda dator: Zer nolako gizartea genuke Osasunaren alde egiten duguna osasunaren alde eginen bagenu?, osasungintzaren alde eginen bagenu? Batek daki; baina, oraingoz, gogoan izan osasungintza publiko eta kalitatezkoaren aldeko hurrengo bi partidak martxoaren 15ean eta 18an direla. Aupa osasuna!
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko martxoaren 14koa]
Medikutan
2023(e)ko otsailaren 28a
Aurrekoan kolpe ikaragarria hartu nuen sudurrean eta, zerbait hautsita nuelakoan, osasun etxera joan nintzen. Egunean berean hartu ninduen medikuak eta plaka bat egin zidaten. Ongi.
Aitzitik, egun batzuk geroago hitzordu telefonikoa eskatu nuen, medikuak konta ziezadan ea plakan zerbait ikusten ote zen. Eta, aizue, 16 egun barru deituko zidala. Zorionekoak ni eta nire sudurra.
Bitartean, Sindikatu Medikoak Nafarroako Gobernua makurrarazi du eta hasieratik nahi zuena lortu du. Dirua. Dirua. Mediku bakoitzak, 400 euro gehiago hilean. Hau da, Nafarroa Garaiko mediku guztien artean urtean 13 milioi euro gehiago.
Nik ez dakit Nafarroako medikuek merezi duten guztia kobratzen ote duten. Zintzo diot. Ez dakit. Baina badakit, aski ongi dakit, aski ongi dakigu, osasun sistema langile askok osatzen dutela, ez bakarrik medikuek; eta medikuei soldata igotzeak, bakarrik haiei igotzeak, ez duela harremanik nire sudurra ala zurea hobeki artatzearekin.
Eta diruaz ari garela, Nafarroako Gobernuak non arraiotik atera ditu 13 milioi horiek?
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko otsailaren 28koa]
Greba publikoa
2023(e)ko otsailaren 14a
Duela hilabete batzuk, Nafarroa Garaian eskelak saltzeko lehiaketan bigarren dagoen egunkariak aste batean bitan azaleko lerroburu nagusia langile publikoen soldata igoerari eskaini zion, iradokiz bezala igoera hori nahiko txukuna zela; eta, gaizki pentsatuta, iradokiz bezala ez dutela kexatzeko arrazoirik.
Lerroburuetan, baina, ez zuten zehazten soldata igoera hori Kontsumo Prezioen Indizearen igoeraren oso azpitik dagoela. Alegia, Nafarroako langile publikoei, bertze langile askori bezalaxe, gertatu zaie kontu korrontean euro batzuk gehiago sartu zaizkiela, baina euro horiek ez direla nahikoa erosteko ahalmenari eusteko. Edo bertze modu batean erranda, 2021ean baino pobreagoak direla orain.
Hartara, gehiengo sindikal batek grebara deitu ditu Nafarroako foru administrazioko langile publikoak otsailaren 15erako. Bertze sektore edo enpresetan oso ohikoa da mobilizazioak antolatzea soldata igotzen ez dietelarik, edo KPIren azpitik igotzen dietelarik. Oraingoan, langile publikoak animatu dira horretan. Gainontzeko herritarrengandik edozein langilerekin duten enpatia berdina baino ez dut espero nik.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko otsailaren 14koa]
Heriotzaz
2023(e)ko otsailaren 6a
Erranen nuke ez dudala inoiz heriotzaz idatzi. Kontzeptu gisa, diot. Pertsona honen eta bertze haren heriotzaz, bai; edo pertsonen heriotzak dakartzaten injustiziez ere bai. Baina inoiz ez norbanako guztiei nahitaez etorriko zaigun bukaera malapartatuaz. Gai hori saihesten baitut. Ez dut horretaz hitz egin nahi.
Baina, oraingoan, Herio hiruzpalau metrora pasatu zait, eta ezin izan dut ezikusiarena egin. Lantokian nigandik gertu esertzen zen lankide gazte bat hil egin da, eta neuk min handia sentitu baldin badut, ez dut imajinatzen ahal harengandik ni baino gertuago zeudenen mina nolakoa den.
Lagun batek erronka bota dit, gaiari buelta emateko, ez lotzeko tristurarekin. Eta bai, nahi bai, baina minutu bateko manifestu hau txiki gelditzen da minutu gutxi batzuetako bizitzari akabera ematen dion zera infinito horrek alderdi onik baduela frogatzen saiatzeko.
Hartara, halakoetan, topikoak dira kontsolamendurako botika eraginkorrenak: aizue, bizi; hil arte bizi.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko otsailaren 7koa]
Mañeru
2023(e)ko urtarrilaren 30a
Pipipipiiii… Pipipipiiiii… Ezustekoa Las Gaunasen, jaun-andreok. Azken minutuan, edo ia azkenengoan, denon harridurarako, edo ez, Alderdi Sozialistak hobekien egiten dakiena egin du berriz, inoiz galdua ez zuen bere ohiko jokatzeko modua berreskuratu du, eta den-denok espero genuen bezalaxe, Navarra Sumarekin horma-bikoa egin eta Mañeruko herritarrei gol-gol-gola sartu die! Bere ohiko nagusitasuna erakutsita, nagusikeria batzuen ustez, PSNk bidea moztu die mailaz igo nahi zuten mañerutarrei. Bertze batean izan beharko du, lagunok.
Barkatuko didazue sarrera zoldazua eta ez sobera originala, baina PSNk euskararen hedapenari paratzen dizkion traben inguruko zer gehiago erraten ahal dugu?
Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazio perbertsoaren jolasean Mañeruk pixka bat altxatu nahi zuen burua. Bada, ezta hori ere. Ai… [hasperena]. Sic transit gloria Navarrae.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko urtarrilaren 31koa]
Esklusiboak
2023(e)ko urtarrilaren 23a
2019an Nafarroako Medikuen Sindikatuak bertze greba bat egin zuen. Orduko hartan aldarrikapen taula luze bat zuten ustez Osasunbideko zerbitzua eta langileen lan baldintzak hobetzeko. Aldarrikapenen artean bazegoen lan deialdietan euskara eskakizuna kentzearena. Badakizue zenbat euskara eskatzen duten Nafarroako Gobernuaren lan deialdietan, ezta? Bada, hutsaren hurrengoa den hori ere ezabatzea aldarrikatzen zuen sindikatu honek.
Ikus dezazuen nondik nora jotzen duten hauek.
Bada, sindikatu hori greba baten atarian dago berriz. Eta badirudi greba deialdia egitearekin bakarrik lortuko duela Nafarroako Gobernuak men egitea bere aldarrikapen nagusiari: esklusibotasuna kentzea.
Eta zer da esklusibotasuna? Bada, goizean ospitale publikoan eta arratsaldean klinika pribatuan lan egin ahal izatea. Mediku hauek ez baitute batere kontraesanik ikusten lan karga handiaz kexatzea eta, aldi berean, kanpoan lan gehiago egiteko aukera zabaltzeko eskatzea. Baina, hori bai, esklusibotasunaren diru plusa kendu gabe.
Ez dakit argi gelditu zaizuen nondik nora jotzen duten hauek.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko urtarrilaren 24koa]
Gorpu zenbaketa
2023(e)ko urtarrilaren 16a
Urtero, Ameriketako Estatu Batuetako poliziek mila herritarretik gora hiltzen dituzte. Duela hamar urte gobernuz kanpoko erakunde batzuk biktima polizialen zenbaketa egiten hasi zirenetik, 2022. urtean marka berria ezarri zuten polizia hiltzaileek, 1.176 hildakorekin.
Bortizkeria polizialaren mapa arakatuta, aho bete hortz gelditzeko moduko dozenaka datu estatistiko aurkituko ditugu. Adibidez, 2022an bakarrik 12 egunetan poliziek ez zuten inor hil. Gainontzeko egunetan, batez bertze, hiru pertsona baino gehiago hil zituzten.
Eta, jakina, agenteen norabide arrazista salatzen dute datu hotzek, beltzek edo hispanoek populazioan duten pisua halako bi aukera baitituzte polizien balekin hiltzeko.
Europarrok anitzetan halako nagusitasun moralarekin begiratzen diegu estatubatuarrei, geuk ezkutatu beharreko miseriak ez bagenitu bezala. Hori hala da. Baina, era berean, ez da ezkutatzen ahal miseriez ari baldin bagara, Ameriketako Estatu Batuek, gizon askeen lurraldeak, aise irabazten digula gizarte itsusi eta gaiztoena eraikitzeko lehia ergelean.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko urtarrilaren 17koa]
Estatu inpunitatea
2023(e)ko urtarrilaren 9a
Espainiako Estatuak bere gaiztakeriak egiteko izan duen inpunitateaz argi printza batzuk ekarri dituzten bi albiste izan ziren atzo Iruñean.
Batetik, Alderdi Karlistak (bai, oraindik existitzen da Alderdi Karlista)… Bada, Alderdi Karlistak dokumentu batzuk erakutsi zituen, baieztatzen zutenak Espainiako Estatuak konspiratu zuela 1976ko Jurramendiko istiluak sortzeko.
Eta, bertzetik, Nafarroako Torturatuen Sareak aurkeztu zuen Kriminologiaren Euskal Institutuak Gobernuarendako prestaturiko txosten bat, 1960tik Nafarroa Garaian poliziek eginiko 1.068 tortura edo tratu txar kasu identifikatu dituena.
Bi albisteek berretsi dute jada jakina zena: Espainiako Estatuak inpunitate osoz jokatu izan duela disidentzia azpiratzeko. Eta hemen ez naiz “Espainiako Estatu” Espainiaren eufemismo gisa erabiltzen ari. Estatuaz ari gara. Estatu aparatuez.
Zoritxarrez, zigorrrik gabe jarraituko dute bi albiste horietako gaizkile guztiek. Baina, bederen, jakin dadila zer egin zuten, biktimek nolabaiteko aitortza izan dezaten, eta oinarriak jar daitezen berriz ere ez errepikatzeko.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko urtarrilaren 10ekoa]
Konstituzionala
2022(e)ko abenduaren 19a
Orain ez da hain ohikoa, baina garai batean euskal herritarrok aski ongi ikasi genuen auzi bat Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasatu eta gero, jasotako kontrako epaia Auzitegi Gorenera eraman behar zela, ea zigorra arintzen ote zuten; eta horren ondotik Auzitegi Konstituzionalaren ateak jo behar zirela, gupida eske, eta normalean arrakasta nahiko eskasa izaten zela.
Garai haietatik ikasi geuen Konstituzionalean epaileak bi bandotan banatzen zirela. Batzuk atzerakoiak ziren (“conservadores”) eta bertze batzuk aurrerakoiak (“progresistas”). Guk, ordea, ikusten genuen batzuk PPkoak zirela, eta bertze batzuk PSOEkoak, eta Estatu gaietan bando bakarra osatu ohi zutela.
Estatu kolpea eman omen du orain Auzitegi Konstituzionaleko bando atzerakoiak. Eta hala izanen da. Baina niri ideia ero gisa bururatzen zait guri orain egokitzen bazaigu bando aurrerakoia laguntzea, eta kasualitatez sortu den nahas-mahasa konpontzea lortzen bada, bando aurrerakoiak benetan aurrerakoi gisa jokatzen hasi beharko duela, ez? Justiziazkoa litzateke.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko abenduaren 20koa]
Ideia lapurra
2022(e)ko abenduaren 13a
Ez dizuet gezurrik erranen, eta aitortuko dut astearteetako Minutu bateko manifestu hauek idazteko ideiak astelehen gauean aukeratzen ditudala anitzetan.
Horregatik, astelehenetan albiste mamitsuren bat gertatuz gero, lerdeak gainezka egiten dit ahoan, ez baitiot buruari sobera eragin behar izaten.
Atzo, UPNk iragarri zuen ez zuela heldu diren hauteskundeetan Navarra Suma koalizioa berrituko. Eta atzoko albistea gaurko manifestura ekarri nahi nuen nik, nire ohiko hiru laurdeneko hausnarketa sakon horietako bat egiteko, Euskalerria irratiko entzule fidelen buruetan iltzatzen diren horietako bat.
Baina hara non Garat Gaztelu Zuzenbidean graduatuak ez duen iritzi emaile honen antzinatasuna errespetatu, eta nik neuk harilkatu behar nituen ideia guztiak mahai gaineratu dituen. Hi, Garat, nire analisiak hiru laurdenekoak baldin badira, pentsa horien kopiak nolakoak diren.
A, bueno, eta kontuz UPNren jokaldiarekin.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko abenduaren 13koa]