Egilea: Asier Azpilikueta

Heriotzaz

Erranen nuke ez dudala inoiz heriotzaz idatzi. Kontzeptu gisa, diot. Pertsona honen eta bertze haren heriotzaz, bai; edo pertsonen heriotzak dakartzaten injustiziez ere bai. Baina inoiz ez norbanako guztiei nahitaez etorriko zaigun bukaera malapartatuaz. Gai hori saihesten baitut. Ez dut horretaz hitz egin nahi.

Baina, oraingoan, Herio hiruzpalau metrora pasatu zait, eta ezin izan dut ezikusiarena egin. Lantokian nigandik gertu esertzen zen lankide gazte bat hil egin da, eta neuk min handia sentitu baldin badut, ez dut imajinatzen ahal harengandik ni baino gertuago zeudenen mina nolakoa den.

Lagun batek erronka bota dit, gaiari buelta emateko, ez lotzeko tristurarekin. Eta bai, nahi bai, baina minutu bateko manifestu hau txiki gelditzen da minutu gutxi batzuetako bizitzari akabera ematen dion zera infinito horrek alderdi onik baduela frogatzen saiatzeko.

Hartara, halakoetan, topikoak dira kontsolamendurako botika eraginkorrenak: aizue, bizi; hil arte bizi.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko otsailaren 7koa]

Mañeru

Pipipipiiii… Pipipipiiiii… Ezustekoa Las Gaunasen, jaun-andreok. Azken minutuan, edo ia azkenengoan, denon harridurarako, edo ez, Alderdi Sozialistak hobekien egiten dakiena egin du berriz, inoiz galdua ez zuen bere ohiko jokatzeko modua berreskuratu du, eta den-denok espero genuen bezalaxe, Navarra Sumarekin horma-bikoa egin eta Mañeruko herritarrei gol-gol-gola sartu die! Bere ohiko nagusitasuna erakutsita, nagusikeria batzuen ustez, PSNk bidea moztu die mailaz igo nahi zuten mañerutarrei. Bertze batean izan beharko du, lagunok.

Barkatuko didazue sarrera zoldazua eta ez sobera originala, baina PSNk euskararen hedapenari paratzen dizkion traben inguruko zer gehiago erraten ahal dugu?

Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazio perbertsoaren jolasean Mañeruk pixka bat altxatu nahi zuen burua. Bada, ezta hori ere. Ai… [hasperena]. Sic transit gloria Navarrae.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko urtarrilaren 31koa]

Esklusiboak

2019an Nafarroako Medikuen Sindikatuak bertze greba bat egin zuen. Orduko hartan aldarrikapen taula luze bat zuten ustez Osasunbideko zerbitzua eta langileen lan baldintzak hobetzeko. Aldarrikapenen artean bazegoen lan deialdietan euskara eskakizuna kentzearena. Badakizue zenbat euskara eskatzen duten Nafarroako Gobernuaren lan deialdietan, ezta? Bada, hutsaren hurrengoa den hori ere ezabatzea aldarrikatzen zuen sindikatu honek.

Ikus dezazuen nondik nora jotzen duten hauek.

Bada, sindikatu hori greba baten atarian dago berriz. Eta badirudi greba deialdia egitearekin bakarrik lortuko duela Nafarroako Gobernuak men egitea bere aldarrikapen nagusiari: esklusibotasuna kentzea.

Eta zer da esklusibotasuna? Bada, goizean ospitale publikoan eta arratsaldean klinika pribatuan lan egin ahal izatea. Mediku hauek ez baitute batere kontraesanik ikusten lan karga handiaz kexatzea eta, aldi berean, kanpoan lan gehiago egiteko aukera zabaltzeko eskatzea. Baina, hori bai, esklusibotasunaren diru plusa kendu gabe.

Ez dakit argi gelditu zaizuen nondik nora jotzen duten hauek.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko urtarrilaren 24koa]

Gorpu zenbaketa

Urtero, Ameriketako Estatu Batuetako poliziek mila herritarretik gora hiltzen dituzte. Duela hamar urte gobernuz kanpoko erakunde batzuk biktima polizialen zenbaketa egiten hasi zirenetik, 2022. urtean marka berria ezarri zuten polizia hiltzaileek, 1.176 hildakorekin.

Bortizkeria polizialaren mapa arakatuta, aho bete hortz gelditzeko moduko dozenaka datu estatistiko aurkituko ditugu. Adibidez, 2022an bakarrik 12 egunetan poliziek ez zuten inor hil. Gainontzeko egunetan, batez bertze, hiru pertsona baino gehiago hil zituzten.

Eta, jakina, agenteen norabide arrazista salatzen dute datu hotzek, beltzek edo hispanoek populazioan duten pisua halako bi aukera baitituzte polizien balekin hiltzeko.

Europarrok anitzetan halako nagusitasun moralarekin begiratzen diegu estatubatuarrei, geuk ezkutatu beharreko miseriak ez bagenitu bezala. Hori hala da. Baina, era berean, ez da ezkutatzen ahal miseriez ari baldin bagara, Ameriketako Estatu Batuek, gizon askeen lurraldeak, aise irabazten digula gizarte itsusi eta gaiztoena eraikitzeko lehia ergelean.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko urtarrilaren 17koa]

Estatu inpunitatea

Espainiako Estatuak bere gaiztakeriak egiteko izan duen inpunitateaz argi printza batzuk ekarri dituzten bi albiste izan ziren atzo Iruñean.

Batetik, Alderdi Karlistak (bai, oraindik existitzen da Alderdi Karlista)… Bada, Alderdi Karlistak dokumentu batzuk erakutsi zituen, baieztatzen zutenak Espainiako Estatuak konspiratu zuela 1976ko Jurramendiko istiluak sortzeko.

Eta, bertzetik, Nafarroako Torturatuen Sareak aurkeztu zuen Kriminologiaren Euskal Institutuak Gobernuarendako prestaturiko txosten bat, 1960tik Nafarroa Garaian poliziek eginiko 1.068 tortura edo tratu txar kasu identifikatu dituena.

Bi albisteek berretsi dute jada jakina zena: Espainiako Estatuak inpunitate osoz jokatu izan duela disidentzia azpiratzeko. Eta hemen ez naiz “Espainiako Estatu” Espainiaren eufemismo gisa erabiltzen ari. Estatuaz ari gara. Estatu aparatuez.

Zoritxarrez, zigorrrik gabe jarraituko dute bi albiste horietako gaizkile guztiek. Baina, bederen, jakin dadila zer egin zuten, biktimek nolabaiteko aitortza izan dezaten, eta oinarriak jar daitezen berriz ere ez errepikatzeko.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko urtarrilaren 10ekoa]

Konstituzionala

Orain ez da hain ohikoa, baina garai batean euskal herritarrok aski ongi ikasi genuen auzi bat Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasatu eta gero, jasotako kontrako epaia Auzitegi Gorenera eraman behar zela, ea zigorra arintzen ote zuten; eta horren ondotik Auzitegi Konstituzionalaren ateak jo behar zirela, gupida eske, eta normalean arrakasta nahiko eskasa izaten zela.

Garai haietatik ikasi geuen Konstituzionalean epaileak bi bandotan banatzen zirela. Batzuk atzerakoiak ziren (“conservadores”) eta bertze batzuk aurrerakoiak (“progresistas”). Guk, ordea, ikusten genuen batzuk PPkoak zirela, eta bertze batzuk PSOEkoak, eta Estatu gaietan bando bakarra osatu ohi zutela.

Estatu kolpea eman omen du orain Auzitegi Konstituzionaleko bando atzerakoiak. Eta hala izanen da. Baina niri ideia ero gisa bururatzen zait guri orain egokitzen bazaigu bando aurrerakoia laguntzea, eta kasualitatez sortu den nahas-mahasa konpontzea lortzen bada, bando aurrerakoiak benetan aurrerakoi gisa jokatzen hasi beharko duela, ez? Justiziazkoa litzateke.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko abenduaren 20koa]

Ideia lapurra

Ez dizuet gezurrik erranen, eta aitortuko dut astearteetako Minutu bateko manifestu hauek idazteko ideiak astelehen gauean aukeratzen ditudala anitzetan.

Horregatik, astelehenetan albiste mamitsuren bat gertatuz gero, lerdeak gainezka egiten dit ahoan, ez baitiot buruari sobera eragin behar izaten.

Atzo, UPNk iragarri zuen ez zuela heldu diren hauteskundeetan Navarra Suma koalizioa berrituko. Eta atzoko albistea gaurko manifestura ekarri nahi nuen nik, nire ohiko hiru laurdeneko hausnarketa sakon horietako bat egiteko, Euskalerria irratiko entzule fidelen buruetan iltzatzen diren horietako bat.

Baina hara non Garat Gaztelu Zuzenbidean graduatuak ez duen iritzi emaile honen antzinatasuna errespetatu, eta nik neuk harilkatu behar nituen ideia guztiak mahai gaineratu dituen. Hi, Garat, nire analisiak hiru laurdenekoak baldin badira, pentsa horien kopiak nolakoak diren.

A, bueno, eta kontuz UPNren jokaldiarekin.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko abenduaren 13koa]

Manifestodromoa

Iruñeko Sarasate pasealekuaren mutur batean Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusia dago eta bertze muturrean, Parlamentua. Beraz, botere exekutiboa zein legegilea interpelatu nahi dituzten askok manifestazioa egin ohi dute bertan. Oso toki aproposa da milaka pertsona batzuk bildu ahal izateko eta, gainera, Foruen monumentua guztiz sinbolikoa du.

Berriki jakin dugu Sarasateko 16 bizilagunek salatu dutela haien bizitokia “manifestodromo” bilakatu dela eta jasangaitza egiten zaiela manifestazioetan sortzen den zarata.

Erraten dute, noski, ez daudela biltzeko eta manifestatzeko eskubideen kontra, baina… (halakoetan beti dago aurreko esaldia gezurra dela baieztatzen digun ‘baina’ bat, ezta?); baina eskatzen dute Sarasate “akustikoki saturatu” gisa definitzea eta bertan manifestaziorik ez baimentzea. Alegia, debekatzea.

Manifestazioak auzoetara bidaltzea ere proposatzen dute, txandaka, auzoen zerrenda alfabetiko baten arabera. Eta puntu honetan benetan barre algaraka hasiko nintzateke, baldin eta ez banu jakinen gure agintari batzuek amets lizunak izaten dituztela halako eskaera erreakzionarioekin.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko azaroaren 22koa]

Zorionekoak gu

Badago aretoan Irulegiko super albistearen inguruan iritzia eman ez duenik? Ez? Inor ez? Seguru? Bada, txanda hartuko dut eta, Euskalerria Irratiarekin sinatua dudan hil arteko kontratu eskandaluzkoaren pribilegiozko baldintzei kasu eginez, brontzezko eskuaz pentsatzen dudana plazaratuko dut, jakin baitakit zuek guztiok nire aburua entzun edota irakurtzea beharrezko duzuela zuen eguneroko kontu txikiekin jarraitu ahal izateko.

Eta argi uzteko Irulegiko eskuko lehenbiziko hitz horrek euskaldun guztion bihotzetan sortu duen bozkarioa nire egiten dudala, ia inork erabili ez duen esamoldea izkiriatuko dut lerroburu gisa: “Zorionekoak gu”.

Eta horren azpian, nire hausnarketa sakon eta ezin eztabaidatuzkoa, Whatsappeko statusetan bezalaxe, etorkizuneko doktoretza tesietan neure izena ere agertzea bermatuko duena: eskuaren kontu hori pasada bat da.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko azaroaren 14koa]

Aktibistak

Batzuek pintura bota zuten Van Gogh-en eguzkiloreen gainean. Bertze batzuek eskuak itsatsi zituzten luxuzko autoetan. Izan ziren hegazkin pribatuen gurpilen inguruan kateatu zirenak. Eta izan dira Goyaren majen markoetara itsatsi direnak.

Klimaren aldeko ekintzaileak dira. Denon artean berehala benetako zerbait egiten ez badugu planeta honen gizakiendako bizi baldintza egokiak pikutara joanen direla ohartarazi nahi izan diguten aktibistak.

Ekintzak egin eta segundo gutxira irrigarri utzi nahi izan dituzte aktibista horiek. Edo gogor-gogor kritikatu izan dituzte; guztien gibeletik atera da Koldo bat “Horrelakoa ez, gauzak ez daude horrela” erraten. Eta dozenaka konspirazio asmatu dituzte ekintza horiek desakreditatu eta deslegitimatzeko.

Etor bedi borroka moldeen inguruko eztabaida. Ados. Baina, bitartean, zerbait egin beharko dugu CO2 isurien goraldi mugagabea nolabait gelditzeko, ez?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko urriaren 25ekoa]

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer