Kategoria: Euskaldun ergelak

ETB3 ikusezin hori

Etxean haurrak telebista ikusten ari badira ETB3 katea baino ez dugu ikusten. Aniztasun gutxikoak gara horretan. Nahita. Horretan ere euskararen militanteak baikara. Erran nahi baita badakigu marrazki bizidunetako kate gehiago daudela munduan, baina guk bakarrik euskaraz ikustea erabaki dugu.

Eta ez da ahalegin handiko militantzia bat. Hau da, kasu honetan euskara aukeratzeagatik, eta ez gaztelania, nire haurrak ez dira gelditzen haien gizarteratzerako garrantzitsua izan daitekeen ezer gabe. ETB3 haurrendako telebista kate erabat homolagagarria baita.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan paratuak dituzten 375 audimetro gezurtiek diote 2018an soilik ikusleen %0,3k ikusi zutela ETB3 hiru probintzia horietan. Aldiz, audientziaren %1,3k aukeratu zuen Clan, eta audientziaren %1,2k, Boing.

Errana dut nik ez dudala audimetro bideratu horien datuetan sinesten. Baina egia balira ere, ez dut uste datu eskas horiek ETB3ren kalitate eskasari egozterik dauden. ETB3ren kalitatea ez baita eskasa, ez bederen Clan edo Boing kateena baino eskasagoa.

Clan, Boing eta ETB3ko atzoko (maiatzak 13) programazioa aztertu dut, 24 ordukoa. Eta azterketa arin batek datu hauek eman dizkit.

  • Clan kateak 38 saio ezberdin eman zituen 24 ordu horietan. Boing kateak 18, eta ETB3k, 46.
  • Boing kateak 4 orduz eman zuen Doraemon eta 3 orduz Mr. Bean. Clan kateak bi ordu eta erdiz eman zuen Bob Esponja eta ia hiru orduz, Henry Danger. Aitzitik, ETB3n bakarrik ordu erdikoa izan zen Doraemon-en emanaldia; berez, izan ziren egun osoan hura baino saio luzeagoak.
  • Bakarrik ETB3n egon zen atzo fikziozko saio propio bat: 3txulo.

Jakin dezazuen, bertzerik ez, eta ETB3ri buruzko mitoak desmuntatzen has zaitezen.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko maiatzaren 14koa] bannerra-EHI

POST SCRIPTUM: azterketa konparatibo on bat egiteko egun bat baino gehiagoko programazioak aztertu beharko lirateke, noski. Baina nik uste dut egun bakarreko lagin txiki horrek nahikoa oinarri ematen digula ETB3ri buruz erran ohi direnak baztertzen hasteko.

POST SCRIPTUM 2: atzoko programazioaren azterketa aldez aurretik ezarritako programazio eta ordutegien gainean egin nuen. Alegia, ez nituen kronometroarekin 24 ordu eman hiru kateetako emankizunak erregistratzen.

Pankarten mintzoa

Nafarroako pankarten sektorean, fenomeno bitxia gertatu da azken bi urteetan. Izan ere, inoiz zapaldu ez dituen pankartak zapaltzen ari da euskara orain. Hala, gogoratzekoak dira txistorraren aldeko manifestazioaren “Gurea defenda dezagun” lelo abertzale hura, edota UGTren maiatzaren leheneko “Aitzakirik ez dago” akats txiki guztiz barkagarridun eslogana.

Ematen baitu Erregimen Zaharraren aldekoek halako behar bat sentitu dutela euskara ere erabiltzeko. Eta hori poztekoa da.

Kontrako bidean, pankartetan euskara normalean eta normaltasunez erabili izan duen sektore emantzipatzailean, azkenaldian gertatu da batzuetan desagertu izan dela. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak deitoratu izan du inoiz joera hori.

Ildo horretan, nire ustez, hagitz kezkagarria da Iruñean iragan azaroaren 24ko manifestazioan ikusi genuen pankarta. Halaxe zioen: “Comienza la purga contra la violencia machista”. Ortografia akatsik gabeko gaztelania huts-hutsean.

Pankarta horren leloa erabakitzerakoan, pankarta egiterakoan eta pankarta paseatzerakoan, inori ez zitzaion euskararen bonbilla piztu? Inori ez zitzaion deigarria egin zapalkuntza baten aurkako manifestazio horretan pankarta elebakarraren bidez bertze zapalkuntza bat bultzatzen ari zirela? Jende andana horren guztiaren artean ez zegoen inor euskaraz bizi dena eta, beraz, elebakartasun hegemoniko horrekin gaizki sentitu zena?

Errandakoa, kezkatzeko modukoa.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko azaroaren 28koa] bannerra-EHI

 

Hizkuntza paisaiatxoa

abizena 1Begiak odoletan ditut atzotik. Abizena C hizkiarekin idatzi baititate berriz. Enegarren aldiz. “Hi, Asier, ohitua egon behar huke!”. Bai, izatez, banago. Ikaragarri ohikoa baita nortasun agirian K hizkiarekin idatzita izanagatik ere betiko funtzionarioa begien aitzinean duena irakurtzeko gai ez izatea. Edota ahoz galdetuta nik “Azpilikueta Krekin” erran arren idazkaria erdal grafiarekin tematzea.

Baina atzokoak pikutara bidali du halakoak jasateko nire gaitasun titanikoa.

abizena 2Seme nagusiak Iruñeko D eredu hutsezko ikastetxe ereDugarri batean ikasten du. 4 urtekoen gelan dago. Eta gutxika-gutxika ari da bere izen-abizenetako hizkiak identifikatzen eta idazten.

Gelan badute maleta bidaiari bat, astetik astera familia batetik bertzera pasatzen dena. Bertan, bizpahiru jolas daude, haurrekin batera egitekoak. Horietako batean ikaskideen argazkiak beren izen-abizenekin lotu behar dituzte.

Bada, irakasleak prestaturiko fitxetan erdal grafiaz idatzita ageri dira euskal abizen guztiak, geurea barne.

Ezustekoaren ondotik amorrua etorri zitzaidan, eta geroago duda existentziala. Nola da posible euskara hutsezko ikastetxe batean, batere balio ofizialik ez duen jolas batean, haurrek beren izen-abizenen hizkiak identifikatzea helburu duen jolas batean, euskal abizenak euskal grafiarekin ez idaztea? Ai… [hasperena].

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko otsailaren 14koa] bannerra-EHI

Eskandaluzkoa

planestra_umap_pic2000. urtean, UPNren gobernuak Pedro Pegenaute izeneko bat izendatu zuen Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikako zuzendari nagusi. Pegenaute zuzendaritza horren buru jarri zuten, hain zuzen ere, zuzendaritza pikutara bidal zezan. Hartara, Pegenautek bere lehenbiziko lan egunean egin zuen lehenbiziko gauza izan zen bere bulegoaren atean zegoen kartel elebiduna gaztelania hutsez paratu. Eta horrekin hasita, eta dekretuz dekretu, hilabete batzuren buruan hutsaren hurrengo bilakatu zuen euskararen presentzia nafar administrazioan.

Barkatu neure burua aipatzea, baina 2015eko ekainean, nire xalotasunean idatzi nuen aldaketaren gobernu berriari ez niola euskararen inguruko eskaera berezirik egiten “pentsatzen baitut gobernu alternatibo batek euskararen normalizaziorako neurri logikoak hartuko dituela, inork eskatu gabe”.

Nafarroa Garaiko administrazio publikoan euskararen erabilera arautzeko foru dekretuaren proiektua aurkeztu zuen atzo Gobernuak. Baina kasu!!

Ion Orzaizen informazioa, Berrian: “Foru dekretu berria onartuko balitz ere, aldaketak ez lirateke lehen egunetik aurrera ezarriko. Langileak lekualdatzen eta deialdiak egiten hasi aurretik, departamentu bakoitzaren beharrak zeintzuk diren aztertu nahi du Nafarroako Gobernuak. (…) Departamentu bakoitzak urtebeteko epea izanen du diagnostiko hori egiteko”.

Txisteak egiteko balio baldin badigu ere, denok badakigu administrazioa ez dela hain-hain motela. Halako diagnostiko bat egiteko ez da urtebete behar. Ezta hurrik eman ere. Borondatea izanez gero, hilabete baten buruan egina legoke.

Urte eta erdi joan da Nafarroan aldaketaren gobernua daukagunetik. Eta orain iragarri dute bertze urte oso bat behar dutela aztertzeko ea zein hizkuntz eskakizun egiten hasiko diren 2018an.

Eta 2019ko maiatzean UPN itzuliko zaigu oraindik eraiki gabe daukagun euskararen etxea goitik behera eraistera.

 

Echarri antigüedades

Ikerketatxo soziolinguistiko ergel bat egin dut. Ergela diot, ez ikerketa izateagatik, ezta soziolinguistikoa izateagatik ere, baizik eta emaitza zein izanen zen aldez aurretik jakin banekielako. Baina ez ote dute ikerketa askok aje bera?

Euskararen hirian (Donostian, alegiya) bertako udal gobernu taldeak euskararen prestigioari eman zion zaplaztekoaren ostean –“Balde bete ur hotz” deitu zion hark–, eta hurrengo astean udal horretako oposizioko taldeek euskarazko kale izendegia errefusatzean erakutsitako kosmopaletismoaren ondoren, euskaldun kezkati eta negartiak betetzen dituen ezkortasunean are gehiago murgildu nahi izan dut. Esaldi luzeak egiteko joera, horren erakusgarri.

Iraileko egun eder batean, buru gainean laino beltz-beltz bat lagunhizkuntza paisaia dudala, Iruñeko Alde Zaharrean barna paseotxoa eman dut. Zehazki, Kale Nagusia, San Saturnino, Udaletxe plaza, Nabarreria karrika eta Estafeta zeharkatu ditut, alderik alde, eta berriz buelta, eta bidean ikusi ditudan lokal, komertzio edo saltoki guztien izenak zerrendatu ditut. Asmoa zen ikustea hizkuntza paisaia zenbaterainokoa den erdalduna Iruñeko inguru boto emaile abertzaleenetako batean –oraindik ere abertzale eta euskaltzale kontzeptuak lotzen dituen zoro horietako bat bainaiz–.

Datuekin eskuzabal jokatu dut hasieran. Hala, zerrendatu ditudan 208 izenetatik pentsatu dut 13 ele bitan zeudela (%6,25), 52 euskaraz (%25), 121 gaztelaniaz (%58,17) eta 22 (%10,58) gaztelania ez bertze erdara batean. Baina, kasu, euskarazko 52 horietako 27 euskal deiturei edo euskal leku izenei dagozkie, eta gehienetan erdal grafian daude. Konparazio batera, Kale Nagusian, elkarren segidan daude honakoak: Hijos de U. Ataun, Beunza Luz, Bar Garcia, Mena Fotografía eta Echarri Antigüedades. Horiek guztiak izen euskalduntzat jo ditut, pentsa, izen sintagmaren ardatza euskal jatorrikoa delako horietan guztietan.

Baina fantasiazko mundu horretatik aterata, izenen azalpenak aztertzeari ekin diodalarik, hau da, Beunza eta Echarri bezalako izenen ondoan zein azalpen ematen zen aztertu dudalarik –okindegia ote den, edota taberna, edota ile apaindegia…–, bada, bertzelako datuak agertu zaizkit. 130 azalpen zerrendatu ditut. Horietako 15 ele bitan daude (%11,54), hiru txapeldun (Katakrak liburuak, Los Burgos de Iruña taberna eta Okapi taberna) euskaraz bakarrik (%2,31), 103 gaztelaniaz (%79,23) eta 9 gaztelania ez bertze erdara batean (%6,92).

Ez erran burua pareta baten kontra metaforikoki ez baizik eta literalki jotzeko moduko datuak ez direnik.

Askoz ere azterketa zabalagoa egin beharko litzateke, jakina, baina ez pentsa datu hoberik lortuko dugunik. Nik neuk bildu eta prestaturiko datuok nik neuk neukan uste ustel bat ziurtatzera etorri dira: hizkuntza paisaian eragin nahi badugu erakunde publikoak ez ezik (ez ezik!) komertzio pribatuak jarri behar ditugu jomugan. Bertzenaz, gure saltokiei gure deitura jartzeko ohiturarekin batera desagertuko da euskara gure karriketatik.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2014ko irailaren 26an]

OHARRA: Baten batek, jakin-min friki batek bultzatuta, nire ikerketatxoaren datuak ikusi nahiko balitu, egin dezala klik HEMEN.

“Euskaltzaleen elkarte”

«Euskaltzaindia euskaltzaleen elkarte bihurtu nahi dute»

Denok entzun edo irakurri dugu Sarasolak erran duena, baina gutxik ulertuko zuten Sarasolak erran nahi zuena. Edo neu bederen ez nago buruargi horien artean.

Euskaltzaindiko Gramatika Batzordearen dimisioak abiatu esperpentu honen inguruko txisteak eta txantxak bolo-bolo dabiltza sarean, ematen baitu Monty Phyton taldearen Life of Brian film ezagunaren eszena are ezagunagoa jokatzen ari direla euskaltzainak. Hala, euskaldunok nora ezean gabiltza, ez baitakigu zazpi liburukien aldeko taldea ala hiru liburukikoa animatu behar ote dugun. Judeako Fronte Popularra ala Juduen Fronte Popularra?

Gramatika Batzordeko kideen ondotik, Hiztegi Batuko buru Ibon Sarasolak eman du dimisioa. Baina bere azalpenek ez die ezjakinei gauza handirik argitu, ezpada gehiago korapilatu duela kontua. Izan ere, Sarasolari ulertu diogu Euskaltzaindian badirela bi talde, edo bi ikuspegi; baina bere taldekoak ez direnei leporatu die Euskaltzaindia “euskaltzaleen elkarte” bihurtu nahia. Eta orduan ez dugu tutik ere entenditu. Pentsatzen baikenuen Euskaltzaindia zela euskaltzaleen elkarte gorena.

Izkeraketz eta gizarteketz, euskera ayolaz landu ta yagoten zain egotea, Bazkun aunen elburua da: andik ere bere izena. (Euskaltzaindiaren sortarauak, 1920)

Egia da Marteko euskaran idatzia dagoela Euskaltzaindiaren estatutuen lehenbiziko bertsioa, baina nik uste hor denok ulertzen dugula Euskaltzaindiaren helburua ez dela metalinguistikoa bakarrik, euskara gizarteratzeaz ere arduratzen dela. Badazpada ere, honatx Euskaltzaindiaren webguneak esaldi horretaz egiten duen irakurketa: “Horrela, bada, Euskaltzaindia hizkuntzaren corpus-az arduratzen da, baina, halaber, baita berorren estatus sozialaz ere”.

Hartara, ez ote da Euskaltzaindia “euskaltzaleen elkarte” bat?

Eta honetan hasiak garela, gogora dezagun Juan Carlos I.a Espainiako erregeak 1976an sinatu zuen dekretua [Ziurrenera, borboiak ez zuen tutik ere jakinen sinatzen ari zenaz]:

Xedeak eta izaera

Lehen artikulua. Euskaltzaindia Instituzio bat da, 1918. urtean,Araba,Gipuzkoa,Nafarroa eta Bizkaiko lau Diputazioen babespean sortua. Honako xede hauek ditu helburu tzat:
a) Euskeraren gramatika legeak ikertu eta mamitzea.
b) Hizkuntza honen idazlangintzarako argibideak eta arauak ematea.
c) Hiztegia biltzea.
d) Bai hiztegian eta bai gramatika eta grafian ere, literatur hizkera batura heltzeko lan egitea.
e) Euskeraren enplegua aitzinatzea. [sic, “erabilera” erran nahiko zuten]
f) Hizkuntzaren eskubideak zaintzea.
g) Hizkuntza, gizarte maila guztietan gai bihurtzeko, lan egitea.

h) Literatur eta ikas lehiaketak eragitea.
i) Filologia eta linguistikako estudioak sustatzea, euskara eta euskal literaturaren katedrak bultzatuz.
j) Euskarari dagozkionetan erakunde aholku-emaile ofiziala denez, agiriak eman eta irizpide eta diktamenak luzatzea.

Nik nabarmendu ditut e), f) eta g) puntuak, Euskaltzaindiaren xede ere badirela argi gera dadin. Beraz, berriz ere galdera: Ez ote da Euskaltzaindia “euskaltzaleen elkarte” bat?

Permalink-a3 erantzun

Eroski: ‘Vive Navarra’

Salaketa txiki bat gaurkoan, nahi duenak kontuan har dezan.

Eroskiren publizitate liburuxka handia ailegatu zaigu etxeko postontzira: 20 orrialde, paper handian eta koloretan inprimatuak, Nafarroako hainbat produkturen berri ematen digutenak. Bertako eskaintzek Iru

Continue Reading

Eliz ondokoak

Nafarroan eskela gehien argitaratzen dituztenen ranking-ean bigarren postuan dagoen egunkarian, gaurkoan, Elizondoko Txistularien eskutitz luzea irakurri dugu. Mutildantzetan bakarrik mutilek (eta ez neskek) parte hartzea nahi dute Elizondoko Txistulariek, eta azken urteetan neska batzuk dantza horretan sartzen saiatu direnez -eskutitza gaizki ulertu ez badut-, Elizondoko Txistulariek utzi diote Elizondon jotzeari.

Tradizioari eta dantzaren izenari eusten diote sexu bakarreko mutildantzaren aldekoek, argudio gisa. Ni ez naiz sartuko horretan, ezaguna baita nola amorratzen den jendea kanpotarrak entzuten dituztelarik bere bestez eta ohiturez hitz egiten.

Nik nire betiko kontu bat ekarriko dut honera (euskaldun apologistena; kasu honetan, tradiziozale apologistena). Tradizioaren izenean egiten dituen erasoetan Falange y Tradicionek bere pintadak euskaraz egiten dituen garai hauetan, Baztango Txistulariak gaztelania hutsez* atera dira plaza publikora, Baztango hizkuntza tradizionalari muzin eginez, tradizioaren alde hitz egitera.

*Tira, azken esaldia euskaraz eman dute.

[BADAEZPADAKO OHARRA: irakurri ditugu soilik mutilez osaturiko mutildantzaren aldeko idatziak euskaraz. Aitzitik, Baztango Txistularien idatzi hau, ziurrenik haien karreran idatzi duten garrantzitsuena, gaztelaniaz bakarrik aurkitu dut. Lehenago euskaraz atera baldin badute, barkamenak eskatu eta banan-banan janen ditut nire hitz guztiak, patata frijitu eta guzti]

Continue Reading

Hitzen derbia

Berripaper honetan Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganberari buruzko albisteren bat irakurtzen dudan bakoitzean, lehenik, irria margotzen zait aurpegian, eta bigarrenik, Ibon Sarasolaren Euskara batuaren ajeak liburua (Alberdania, 1998) badatorkit burura. Izan ere, nekazaritza erakunde horretako kideek Laborantza GanbAra idazten dute, baina BERRIAko erredaktoreek, euskara batuaren arauei jarraituz, Laborantza GanbEra izkiriatu beharra dute.

Sarasolaren liburu hari esker ulertu nuen nola ari diren Hiztegi Batua osatzen. Baina, era berean, aitortu behar dut hainbat pasarte ez nituela sobera ongi entenditu. Eta uste dut ni ez naizela nahasita dagoen bakarra.

Liburuaren ganbara sarreran, Sarasolak esplikatu zuen ganbara hitza Hegoaldean ‘teilatupeko solairua’ izendatzeko erabiltzen dutela, eta, Iparraldean, ‘gela’ errateko. Baina Ipar Euskal Herrian, Nafarroa Behere aldean, bazen hitzaren bertze aldaera bat (ganbera), diputatu eta merkatari “chambre”-ak izendatzeko erabiltzen zena. Logika horri segituz, honelaxe ezberdindu zituen aldaerok Hiztegi Batuak:

ganbara iz. Heg. ‘teilatupeko solairua’.
ganbera iz. 1 Ipar. ‘logela’. 2 Admin.: diputatuen ganbera; merkataritza ganbera; ganbera musika.

Eta ordutik, Hego Euskal Herriko merkataritza ganberek E hori hartu zuten euskaraz [Tira, Nafarroako merkataritza ganberak ez du halakorik egin, gaztelania hutsez egiten baitu bere jardun oso-osoa].

Baina hara non, 2005ean, Iparraldeko laborariek erakunde berria sortu zuten, eta Laborantza Ganbara izena eman zioten (A eta ez E), nahiz eta erakundearen lehendakaria, Mixel Berhokoirigoin, Nafarroa Behereko semea dugun. To!

La f

Continue Reading

“A Pamplona hemos de ir…”

… con una media, con una media.
A Pamplona hemos de ir
con una media y un calcet

Continue Reading

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer