Kategoria: Ez da hain kontu ergela

Xake partida

Geroa Bai, Eh Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra:

Lehenik eta behin, derradan Nafarroako Euskararen Legea kaka zaharra iruditzen zaidala eta uste dudala zonifikazioak kalte handia egiten diola euskararen azkartzeari.

Baina ikusita Euskararen Legea ez dutela legealdi honetan baliogabetuko; eta ikusita lege horren barnean udalerriak eremu batetik bertzera sartzeko jolasean ari direla; eta ikusita UPNk ere jolas horretan jostatu nahi duela; eta ikusita gerta daitekeela Zizurko Zendeako udalak eskatzea eremu mistotik eremu ez-euskaldunera aldatzeko, bada, zera bururatu zait UPN pixka bat estutzeko.

Beharbada zuei lehenago bururatu zaizue, e!, baina badaezpada neuk ere botako dut.

  1. Gaizki ulertu ez badut, Nafarroako Gobernua sostengatzen duzuen lau alderdiok erran duzue udalerri bat eremu batetik bertzera aldatzea onartuko duzuela baldin eta udalerri horretako udalak eskatzen badu. Beraz, koherentzia horretan, Zizurko Zendeako udalaren eskaera ere onartu beharko zenukete Parlamentuan aldeko botoa emanez.
  2. UPNren esku dagoen Zizurko Zendeako udalak eremu aldaketa eskatzen baldin badu, pentsatzekoa da Parlamentuan UPNk horren alde bozkatu beharko lukeela. Baina UPNk ez du baiezkoa emanen baldin eta eremu aldaketa guztiak pack berean badaude.
  3. Bada, lortu behar duzue UPNk udalerriak eremu mistoan sartzearen aldeko botoa ematea.
  4. Horretarako, Parlamentuko bozketan, Euskararen Legean eginen dituzuen aldaketak atalka bozkatu behar dituzue. Hau oso inportantea da!
  5. UPNri argi utzi behar diozue bere parlamentari guztiek aldeko botoa ematen ez badiote 5.1.b atalaren aldaketari, zuek ez duzuela 5.1.c atalaren aldaketa sostengatuko.
  6. Akaso, agian eta beharbada, UPNk ez du 5.1.b atalaren aldeko botoa eman nahi izanen eta, horregatik, Zizurko Zendeako udalari erranen dio txorakeriarik ez egiteko. Nork daki!

PS: Bertze aldetik, udalerriak maiatzaren 11 arte dute eremu aldaketa eskatzeko aukera. Eremu mistoko inor ez da animatuko eremu euskaldunera pasatzen? Polita litzateke.

Hizkuntza paisaiatxoa

abizena 1Begiak odoletan ditut atzotik. Abizena C hizkiarekin idatzi baititate berriz. Enegarren aldiz. “Hi, Asier, ohitua egon behar huke!”. Bai, izatez, banago. Ikaragarri ohikoa baita nortasun agirian K hizkiarekin idatzita izanagatik ere betiko funtzionarioa begien aitzinean duena irakurtzeko gai ez izatea. Edota ahoz galdetuta nik “Azpilikueta Krekin” erran arren idazkaria erdal grafiarekin tematzea.

Baina atzokoak pikutara bidali du halakoak jasateko nire gaitasun titanikoa.

abizena 2Seme nagusiak Iruñeko D eredu hutsezko ikastetxe ereDugarri batean ikasten du. 4 urtekoen gelan dago. Eta gutxika-gutxika ari da bere izen-abizenetako hizkiak identifikatzen eta idazten.

Gelan badute maleta bidaiari bat, astetik astera familia batetik bertzera pasatzen dena. Bertan, bizpahiru jolas daude, haurrekin batera egitekoak. Horietako batean ikaskideen argazkiak beren izen-abizenekin lotu behar dituzte.

Bada, irakasleak prestaturiko fitxetan erdal grafiaz idatzita ageri dira euskal abizen guztiak, geurea barne.

Ezustekoaren ondotik amorrua etorri zitzaidan, eta geroago duda existentziala. Nola da posible euskara hutsezko ikastetxe batean, batere balio ofizialik ez duen jolas batean, haurrek beren izen-abizenen hizkiak identifikatzea helburu duen jolas batean, euskal abizenak euskal grafiarekin ez idaztea? Ai… [hasperena].

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko otsailaren 14koa] bannerra-EHI

PAIren arrakasta

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak, azkenean, PAIren inguruko azterketaren ondorioak aurkeztu ditu. Ni ez nintzateke gehiegi poztuko ateratako ondorio horiekin.

Zuen baimenarekin, premiazko iritzi bat ematen ausartuko naiz, iritzi-emaile bikainek egiten duten gisa berean, hau da, jatorrizko txostena irakurria izan gabe.

Gaizki ulertu ez badut, PAIren azterketak erran du “presaka” ezarri zutela, “ikerketarik egin gabe”, “PAI aurrera ateratzeko baliabiderik, plangintzarik, argibiderik eta formakuntzarik gabe”. Eta hala ere… Eta, hala eta guztiz ere, PAIko ikasleen ingeles maila PAItik kanpokoena baino handixeagoa da. Zientziako azterketa bat ere egin diete PAIko ikasleei, eta ondorioa izan da… (nahiz eta PAI ezartzeko modua zakurraren putzaren parekoa izan den)… ikasle horiek «adinari dagokion garapen maila egokia» dutela.

Alegia, PAI ezartzeko modua narrasa baino narrasagoa izan da, bai. Baina emaitza onak erdietsi ditu. Beraz, arrakasta erabatekoa izan da!

Eta PAIko gurasoek zer diote? Ezartzeko moduak gorabehera “pozik” daudela. Eta PAI duten ikastetxeetako zuzendaritza taldeek zer diote? Ezartzeko moduak gorabehera “pozik” daudela. “Pozik” denak.

Departamentuak ikastetxeen esku utziko du PAI programan segitzeko edo sartzeko erabakia. Baina ikerketak ondorioztatu badu emaitza onak lortu direla (gauzak gaizki egin arren), zuek uste duzue PAIk bezeroak galduko dituela? Ez dirudi hala izanen denik, orain arteko bezeroak “pozik” baitaude.

Ez dakit txostenak zer edo zer dioen aniztasunaren trataeraren inguruan. Gauza jakina da PAIk ez diola behar bezalako trataera ematen ikasleen aniztasunari, ikasteko zailtasun handiagoak dituzten ikasleak zuzenean kanpoan uzten baititu PAIk. Alegia, talde homogeneoak sortzen ditu: ikasle “onak” PAI barruan; ikasle “ez hain onak” PAItik kanpo. LOMCEri egozten diogun bazterketa nazkagarri hori, baina ez kanpotik etorria, guk geuk sortua baizik.

UPNren bozeramaile Alberto Catalanek adierazi du ikerketak “oso toki txarrean utzi duela departamentua” ikerketaren arabera PAIko ikasleen ingeles maila handiagoa delako eta gaitasun zientifikoan bertze ikasleen pare daudelako. “Oso garbi dago hemen gelditzeko etorri zela PAI”, ondorioztatu du Catalanek. Eta ez dakit zuek, baina neuk, tamalez, gauza bera ondorioztatu dut.

Oraingo hau (ia) gutxienekoa baita

kakaosasunaFutbolaren edo futbol talde zehatz baten aurka hitz egin behar duen edonork bere excussatio guztiak astindu behar omen ditu, etorriko zaizkion acussatio guztiei aurre egiteko. Bada, honatx neureak: futbola gustuko dut eta gaztaroan 14 urtez aritu nintzen talde amateur batean; gainera, atsegin dut noiz edo noiz telebistan futbol talde profesional onen arteko partidak ikustea; bertzetik, txiki-txikitatik naiz Osasuna futbol taldearen jarraitzailea, laket baitut jokalari txar baina ausartez osaturik egon ohi zen talde zintzo baten zalea izatea; eta, azkenik, erran dezadan hamaika urtez aritu naizela Osasunaren etxeko partiden irrati kontakizunetan parte hartzen, Euskalerria Irratian, euskararendako esparru berriak lortzen, baina era berean zeharka futbolzaletasuna eta osasunazaletasuna sustatzen.

Eta behin indarra hartuta eta neure burua zilegitasun gorritxoz zein futbolistikoz horniturik, aitor dezadan une honetan bortz axola zaidala Osasuna futbol taldea desagertzea. Lotsaren lotsak hartua bainau. Eta ez dut uste bakarra naizenik.

Erran ohi da Osasuna eta sanferminak direla nafar guztien atxikimendua lortzen duten gauza bakarrak. Baina ez da egia. Xehetasunetan sartuz gero, berehala azaleratzen baitira gure betiko ezberdintasunak.

Diru publikoak bidegabe erabiltzearekin kezka dugunok duela zenbait urte hasi ginen asaldatzen, Nafarroako Gobernua Osasunari urtero milioi eta erdi euro ematen hasi zelarik, Sadar futbol zelaia Reyno de Navarra deitzearen truke. Garai hartako lehendakari Patxi Izkok xalo-xalo aitortu zuen dirutza hori zuzenean Gobernuari itzultzen ziotela, Osasunak Ogasunarekin zuen zorra alimalekoa kitatze aldera.

Iaz jakin baikenuen Osasunak nafar guztiokin 50 milioi euro inguruko zorra zuela. Astakeria. Lehen Mailan jokatzeagatik eta jokatzeko, inolaz ere milioiak balio ez zuten jokalari zein entrenatzaileei milioiak ordaindu baitzizkieten –jaitsi ziren denboraldian 30 milioi euroko aurrekontua izan zuen Osasunak–. Eta, jakina, halakoak ordaindu ahal izan zituzten, Ogasunari ordaindu ez ziotelako.

Baina Osasuna desagertzetik salbatzeko eta egindako jukutria estaltzeko, –o, kasualitatearen kasualitatea!– erregimeneko alderdiek ad hoc lege bat asmatu eta onartu zuten azaroan. Osasunari kontuak garbi azaltzeko eskatu gabe, batere bideragarritasun planik aurkeztu gabe.

Eta, orain, Osasunaren kontuetatik ateratako 3,7 milioi nora bideratu diren ikertzeko eskatu du epaileak, ustez bertze talde batzuen partidak erosteko erabili baitira. Eta taldearen etorkizuna, orain bai, kolokan dago. “Erantzukizun zibilak, penalak eta administratiboak” eskatzen hasi dira batzuk. Erantzukizun politikoak eskatuko nituzke nik, maiatzean garbitze aldera. Eta bidean Osasuna galtzen bada, neure aldetik bederen, gaitzerdi.

——-

[Berria egunkariak 2015eko otsailaren 20an kirol orrietan argitaraturiko iritzi artikulua]

[Eta informazioa HEMEN eta HEMEN]

Ez bainaiz ni

Zera dio argazki oinak:

Continue Reading

Botoa salgai dut

Nork bere harrikadak ditu. Eta neurea -handiena, bederen-, euskaltzaletasuna da. Euskara biziki atsegin dut, euskaraz harro nago, euskara bizi dadin nahi dut, eta bla bla

Continue Reading

Sarriegitan

Joseba Sarrionandia. Idazlea. Gaiztoa, antza. Madarikatua, dirudienez. Izendaezina, oraindik. Ia 27 urte joan dira Sarrionandiak Martuteneko kartzelatik alde egin zuela. Baina haren izena ahanzturaren burdinen gibelean nahi lukete batzuek oraindik. Ezta aipatu ere. Alegia, bertze behin ere, zentsura txiki bat pairatu dugu Sarrionandia dela eta.

Kontua da hurbilen ortziralean XII. Irakurketa Publikoa eginen dugula Iru

Continue Reading

Galdetzea libre

Eta erantzutea are libreago, baina tira.

RTVE komunikazio talde publiko espainiarrak duen Ikuslearen Arartekoaren webgunera jo dut, eta galdera bat sartu dut, iragan abuztuaren 5ean Bara

Continue Reading

Adreiluka

Aurreko gaueko tertulian, gehiegitxo berotu zitzaion burua Yan Zhengping 74 urteko irakasle erretiratuari. Amorraturik dabil azkenaldian, eta amorraturik gerturatu da bidegurutze batera. Adreilu multzo bat hartu eta semaforo batetik lau bat metrora jarri da. Eta itxaroten jarri. Auto batek semaforo gorria iragan arte. Ez du asko itxaron behar izan.

Aurreko gaueko tertulian, oinezkoen harrapaketak izan zituzten mintzagai Yanek eta lagunek. Zeinen zaila eta arriskutsua den zebra-bideak zeharkatzea. Autoek oinezkoak errespetatzen ez dituztelako. Iaz, auzoko emakume bat nola hil zuten gogoratu zuten. Uztailaren erdialdea da, eta egun berean atera da Hangzhou hirian (Txinako ekialdean) maiatzean oinezko bat hil zuen gidari baten aurkako epaia. Hu Bin gidaria edanda zegoen. Eta lasterketa ilegala ari zen egiten, gehiegizko abiaduran. Oinezkoa zebra-bidea zeharkatzen ari zen. Hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote hiltzaileari. Txinatar askori gutxi iruditu zaie. Yan irakasle erretiratuari zigor txikia iruditu zaio. Eta horregatik hartu ditu adreiluak.

Bidegurutzean, Yanek ez die lehenbiziko autoei eman. Baina distantziak ongi neurtu dituelarik, adreilu jaurtiketekin asmatzen hasi da.

Continue Reading

Ciclistas espa

CICLISTAS ESPA

Continue Reading

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer