Kategoria: Manifestu ergelak

Errealitate likidoa

Ez nuke filosofikoegi jarri nahi -bertzeak bertze nik Filosofiari buruz lau txorakeria dakizkidalako eta ziurrenik gaizki ikasiak ditudalako-, baina egunotan bati baino gehiagori bota diot koronabirusaren inguruko guztiak errealitatearen etengabeko likidotasuna areagotu duela, eta guk gure iritziak eta jarrerak horretara moldatu behar ditugula.

Munduan bizi diren 7.800 milioi biztanleen erdia baino gehiago izanen da ni baino jakintsuago. Horretan zalantzarik ez izan. Horregatik, neuk ere ezin izan nuen aurreikusi koronabirusak sortuko zigun kaka nahastea. Baina martxoaren 12ko goizean, Nafarroa Garaian 61 positibo baino ez genituelarik, neurri zorrotzagoak eskatzen hasi nintzen, ordurako geneuzkan datuek adierazten baitzuten ikaragarria etorriko zitzaigula.

Apirilaren 12an dena itxita egon behar zela eskatzen segitzen nuen. Baina maiatzaren 12an irekitasuna aldarrikatzen nuen. Eta zer erranik ez ekainaren 12an.

Iruñeko Udalak apirilaren 21ean baieztatu zuen aurten ez zuela sanferminik antolatuko. Eta martxan jarri zuen ospakizun herrikoien aurkako errepresio makina. Eta isun eta atxiloketen bidez, sanferminetan zer egiteko prest dagoen erakutsi digu.

Eta, tira, ohiko errepresio zale amorratuek ospakizunak kriminalizatzea parametro logikoen barnean sartzen da. Baina nik ez dut oposizioaren jarrera kolaborazionista ulertzen. Jendeari arduraz jokatzeko eskatzen diote, baina hain zuzen ere, ordutik ordura aldatzen ari zaigun errealitate likido honetan, nire ustez arduraz jokatzea da unean uneko datuen araberako iritziak eta jokabideak izatea, konplexurik gabeko erabateko malgutasunez. Alegia, gai izatea gaur gauza bat errateko eta bihar kontrakoa, baldin eta errealitatearen azterketak horretara eramaten bagaitu.

Laburbilduz, sanferminak ahalik eta normalen ospatzearen aldekoa naizela*.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko ekainaren 16koa] bannerra-EHI

(*) baldin eta datuen oraingo joera onak uztailaren 6 arte jarraitzen badu.

Proposamen lizuna

Ea, gaurkoan aitorpen txiki bat: abertzalea nauzue. Bai, bai, badakit gaur egun ez dagoela batere boladan, ez dela mainstream, eta anitzez errazago salduko nukeela nire motoa “independentista” naizela erranen banu. Baina inor ez da perfektua, eta ni abertzalea naiz.

Gure Euskal Herri imajinarioa dut maite, istorio asmatuez beteriko gure Historia loriatsua, gure etorkizun utopikoa, langileen herri langilea, zazpi probintziak, lauburua, irrintziak, euskara, ikurrina, eta bla bla bla.

Eta, jakina, Aberri Eguna ere badut gustuko. Aurten, baina, ezin izan genuen behar bezala ospatu, itxialdian harrapatu baikintuen. Eta, horregatik, proposamen lizuna egin nahi nuen hemendik.

1935. urtean, laugarren Aberri Eguna ospatu nahi izan zuten Iruñean. Garai hartan, Iruñe erreketea ez zen tokirik onena izanen halakorik antolatzeko eta ez zuten Berpizkunde Igandean ospatu. Ekainaren 16ra gibelatu zuten kontua. Baina ere ez, agintari eskuindarrek debekatu baitzuten. Azkenean, ekainaren 30ean egin zuten, Euzko Eguna izendatuta, eta zezen plazan eginiko mitin handi batera mugatuta.

Laster, 85 urte beteko dira Jose Antonio Agirre, Telesforo Monzon eta Manuel Irujoren parte-hartzea izan zuen ekitaldi hartatik. Denbora gutxi gelditzen da, eta garai arraroak dira halako gauzetarako, baina inork hartu nahiko luke lekukoa eta ekainaren 30erako aberri egun txiki bat antolatu?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko ekainaren 2koa] bannerra-EHI

Piztu irratia

1998an hasiko nintzen Euskalerria Irratiarekin kolaboratzen. Ez galdetu data zehatza. Baina ordutik ari naiz modu batean edo bertzean parte-hartzen. Eta ni bezalaxe, oraintsu erretiroa hartu duen Mikel Bujandaren gidaritzapean 1988an bere uhinak zabaltzen hasi zenetik, ehunka eta ehunka euskaldun zintzoren kolaborazioa izan du Iruñerriko irratiak.

Kolaborazio horiek guztiak musutruk izan dira, eta izaten dira. Nahitaez. Ezin baita bertze modu batean izan. Euskalerria irratiari ez baitzaio dirua sobratzen, ezta hurrik eman ere.

Baina orain, gainera, dirua falta zaio: UPNren betiko gurutzada antieuskaldunak kendu dion publizitate instituzionalarena eta koronabirusaren krisiak pobretu dituen iragarle txikiena.

Eta gauzak horrela, berriz ere itsulapikoa erabiltzeko garaia dugu.

Ziurrenik bertze dozenaka proiektu jator izanen dituzue diruz lagundu nahiko zenituzkeenak. Baina badakizue zer?, nire ustez Euskalerria Irratia lagunduta bertze dozenaka proiektu jator laguntzen dituzue, Iruñerriko irrati euskaldun bakarrak berebiziko zerbitzua eskaintzen baitio bertako euskal komunitateari.

Eta horixe da gaur, kontatu ez ezik, eskatu nahi nizuena; denon artean irratia pizten jarrai dezagun.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko maiatzaren 26koa] bannerra-EHI

Ez dut sinesten

Ateoa nauzue. Hau da, ez dut inolako jainkorengan sinesten. Eta, beraz, telebisten audientzietan ere ez dut sinesten. Niretako, Jesu Kristo edo Buda bezain fenomeno paranormalak dira.

ETBren euskarazko kanalarekin enegarrenez kezkaturik gauden honetan, ETBren noraeza ohiko aipagai duen Twitterreko gaztelaniazko kontu anonimo batek hautsak harrotu ditu erran duelarik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Trece TV kate ultraeskuindarrak ETB1ek baino audientzia handiagoa duela.

Eta, tira, nik ez dut datu errealik erantzuteko hori ez dela hala. Baina berak ere ez. Audientziak ez baitira datu errealak, estimazioak baizik.

Bertze datu bat eman zigun atzo: iragan igandean, batez bertze, 31.000 euskal erditarrek ETB1en meza ikusi zutela. Asko dira? Gutxi dira? Ideirik ere ez dut nik. Baina jakin badakit ezinezkoa dela jakitea zenbat izan diren zehazki.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 400 etxe ingurutan paratuak omen dituzte audimetroak. Eta audimetro horiek erregistratzen dituzten erabilera datuekin estrapolazio bat egiten dute eta -oker tartea behin ere aipatu gabe- zenbaki zehatz bat ematen digute: 31.000 pertsona meza ikusten. Bai, zera! Agian 50.000 izan ziren. Edo 1.237. Ez dago modurik jakiteko. Etxe guztiak ez baitituzte monitorizaturik eta, hartara, ezin dugu jakin 400 etxe horiek ez diren milaka eta milaka etxeetan benetan zer arraio ikusi zuten.

Eta ez, hauteskunde inkestetan ere ez dut sinesten. Zuek bai, ala?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko maiatzaren 12koa] bannerra-EHI

 

Nekrokontuak (eta II)

Gaur, bai. Gaur baikor jaiki naiz eta gaur pentsatzen dut koronabirusaren krisi sanitario hau bukatzen ari dela, eta ez duela berehalakoan bigarren olaturik izanen. Udazken-neguan etorriko zaiguna bertzerik izanen da, bai. Baina oraingoa, kito, akitu da.

Eta, hartara, zin dagizuet hemen eta orain koronabirusaren krisiaren inguruan eginen dudan azkena izanen dela hau.

Krisia hasi zenetik han-hemenkako hildakoen kopuruei begiratzen diet gauero. Ez dirudi hagitz zaletasun osasuntsua, badakit. Eta, gainera, estatu bakoitzak hildakoak nahierara zenbatzen dituenez, bada, batek daki sailkapenei begiratuta errealitatearen ikuspegi zintzoa lortzen ote dugun.

Baina, tira, horretan aritzen naiz. Eta Tourreko sailkapenak nola aldatzen diren, modu berean bizi ditut nik estatuen arteko toki aldaketak. Hala, ikusgarria izan zen Estatu Batuetako igoera beldurgarria. Harriduraz dakusagu Alemania handia sailkapenaren erdian galduta. “Noski, noski” batekin erantzun genion Erresuma Batuak eman zigun ezustekoari, zahar egoitzetako hildakoak zenbatzen ez zituela onartu zuelarik postu asko aitzinatu baitzituen. Eta interesgarri dago jakitea azkenean nor geldituko den Europan hirugarren, Espainia ala Frantzia.

Eta mesedez, faborez, arren eta otoi, barka iezadazue gaurko fribolitatea. Jakin badakit hildakoez ari garela. Milaka eta milaka tragediez. Baina iruditzen zait larritasunak halako ihesaldiak behar dituela, atrebentzia handiz umore beltza deitu ohi diren horiek, bizitzari baikortasun handiagoz ekiteko. Animo denok!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko maiatzaren 5ekoa] bannerra-EHI

Autoritarismoaren bidean

Gogoan duzue Huerta de Peralta? Bai, ‘hokoke, hokoke’ kantatzen zutenak. Bada, berriz ere arazoekin dabiltza. Funtsezko sektore batekoak direnez, ez dute lanean etenik izan, ezta haien eskubideen aldeko borrokan ere. Eta iragan astean elkarretaratze bat egin nahi izan zuten lantokiaren atean, enpresaburuak berriz ere gaiztakeritan dabiltzalako.

Bere garaian Huerta de Peraltan Foruzaingoaren nahikoa egur eta isun jaso genituenez, LAB sindikatuan erabaki genuen elkarretaratzea behar bezala komunikatzea. Hanka-sartze nabarmena, antza. Espainiako Gobernu Ordezkaritzak elkarretaratzea debekatu baitzigun.

Langile horiek 7, 8 edo 9 ordu ematen dituzte egunero elkarrekin lanean. Baina lana bukatuta ezin dute pankarta bat hartu eta beren eskubideak defendatu, kontzentrazio horrek ekar ditzakeen “osasun ondorioengatik”.

Bide berean, atzo jakin genuen CGT, STEILAS, ESK eta Solidari sindikatuek maiatzaren lehenean Baratxurien plazan egin nahi zuten 6 pertsonako ekitaldia debekatu zuela Gobernu Ordezkaritzak. Eta ildo berean, litekeena da LABek egun bererako antolatu dituen auto karabanak ere debekatzea.

Eta horixe da, lagunok, gaur kontatu nahi nizuena; estatu autoritario polita gelditzen ari zaigula, alegia.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko apirilaren 28koa] bannerra-EHI

Txalo pintxalo

Zuek txalo egiten duzue? Erran nahi baita arratsaldeko zortzietan etxeko balkoira, terrazara, leihora edo argi-zulora biltzen zarete ez-dakit-noren omenez txalo egiteko? Eta egunero egiten duzue? Ala noizbehinka? Ala inoiz ez?

Eta txaloak askatasunez egiten dituzue, konbikzio osoz, ala korronte sozialak behartuta? Eta berotasunez ala errutinaren epelkeriaz egiten dituzue? Auzokoek ikus zaitzateten ala ospitaleetan entzun ditzaten?

Eta egiten duzuelarik aurreko eraikinekoei begiratzen diezue ala begiak errepidearen grisera jaisten dituzue? Eta txaloak txistu adore-emaileekin laguntzen dituzue ala malko malenkoniatsuren batekin?

Eta txalo ozenak dira, gustatu zaizuen antzezlan bati eskainiko zenizkiotenak, ala ondoko balkoikideak apenas entzunen lituzkeenak? Eta arritmikoak dira ala futboleko kanta bati itsasteko modukoak?

Eta txaloak bakarka egiten dituzue ala familiaren konpainiaekin? Ala bakarka baina multzoareren laguntzarekin?

Lasai, ez duzue zertan erantzun. Neuri ez, bederen. Zerbaitetan laguntzen badizue erantzun bakarrik. Horretarako baitira txaloak. Izan zuri, beltz ala gris.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko apirilaren 21ekoa] bannerra-EHI

Nekrokontuak

Zuei ez zaizue gertatzen? Zuek ez zarete egun batean herritar informazio-jale otzanak izaten eta hurrengoan eszeptiko amorratuak? Koronabirusaz ari naiz, noski. Eta koronabirusak sorturiko kopuruez: kutsaturikoena, ospitaleratuena, sendatuena, hildakoena…

Familiarekin itxialdia hasi nuenetik, martxoaren 13tik, gaitzak sortzen dituen zenbakiei so nago. Adi-adi. Eta batzuetan pentsatzen dut oso justifikatuak daudela ezartzen ari diren neurri zorrotz guztiak. Baina bertze batzuetan zalantzek asaldatzen naute, eta informazioa falta zaigula pentsatzen hasten naiz, bai eta konspiranoiko jarri ere.

Erran nahi baita, igandean, martxoaren 29an, koronabirusak jotako hildakoen kopururik handiena izan zuen Nafarroa Garaiak: 18 hildako. Eta horrela erranda ematen du sarraskia izan zela. Baina niri hor datu bat falta zait. Jakin nahi nuke osotara zenbat pertsona hil ziren egun horretan Nafarroan, koronabirusak jota ala ez. Izan ere, 2018. urtean batez bertze 16 pertsona hil ziren Nafarroan egunero. Hartara, ongi legoke jakitea ea igandeko 18 horietaz aparte hildako gehiago izan ziren egun horretan ala koronabirusa hain hedatua dagoenez hil ziren guztiek dagoeneko bazuten gorputzean sartuta zendu baino lehen.

Badakit hau guztia nahiko makabroa dela, eta zenbaki bakoitzaren gibelean izen-abizendun pertsona bat dagoela, eta hori guztia errespetatzekoa dela. Baina niri, egun eszeptikoetan, datu hori falta zait, egoera larri honek tamainako neurriak merezi dituela benetan sinesteko.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko martxoaren 31koa] bannerra-EHI

Koronabirus militarra

Gaurko manifesturako gaia emana dago. Ezin aukeratu. Astebete baino gehiago baitaramagu etxean itxita eta ez dugu bertze gai bat aipatzen ahal. Barkatuko didazue, baina… Koronabirusa, bai.

Iritzi-emaileen zorionerako, pandemia honek badu inguruan kontu aipagarri anitz eta neuk, Nafarroa (behinola) intsumiso honetatik, Espainiatik etorri zaigun militarizazioari heldu nahiko nioke.

Lehen lerroan jarri baitigute Espainiako armada. Generalek ematen dituzte prentsaurrekoak. Eta soldaduak etengabe ari dira, gure karriketan egiten duten alardean, excusatio non petita bati acussatio manifesta nabarmen bat adierazten. Eta, jakina, den-dena vivaespaña ozen batean bilduta.

Eta nik gogoratu nahiko nuke Espainiako Gobernuan PSOE eta Podemos alderdiak daudela. Ez dakit bietatik zeinek hartu duen erabakia krisi sanitario hau “gerra” bilakatzeko. Baina apostua egin beharko balitz neure aziendak Podemosen alde jokatuko nituzke, hastapenetatik aldatu ez duten oinarri ideologiko bakanetakoa baitute militarismoa. Militarismo ezkertiarra, baina militarismoa.

Eta pena ematen dit. Espainiar antimilitaristek ezker parlamentarioaren artean ordezkaririk ez dutelako eta horren ondorioak Espainiak zapalduriko herriok pairatzen ditugulako.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko martxoaren 24koa] bannerra-EHI

Lizarrako akordioa

Nafarroa Garaian Erregimena erraten diogunaren zutabeetako bat da PSN. Hartara, gaur-gaurkoz, ezin-ezinezkoa da PSNrekin aldaketa soziopolitikorako akordioak lortzea; ezkerraldeko noranzkoan, erran nahi dut.

Atzo goizean zabaldu zen notizia, Lizarrak berriz ere alkate jatorra izanen duela, orain dagoen Navarra Sumako euskarafoboaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu baitzuten. Hasiera batean, albistea zabaltzeko moduagatik, bazirudien EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik babesten zutela jokaldia. Baina baita zera ere!

Berehala atera zen PSN erratera mozio hori sinatu zuten PSNko bi zinegotziek une hartantxe utzi ziotela PSNren zinegotzi izateari. Eta hala da. Jorge Crespo eta Magdalena Hernandez sozialistek Koldo Leoz abertzalearen aldeko botoa emanen dute bi aste barru eginen den bozketan, baina PSNko zinegotzi izan gabe.

Bi aste!!

Barkatuko didazue, halakoetan pixka bat pelikuleroa bainaiz. Baina… Bi aste?! Bi astetan Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariak bi zinegotzi horiei trama bat aurkitzen edo sortzen ahal die, sexua eta Suitzako kontu korronteak nahasten dituena. Edo bi astetan bi zinegotzi horiek istripuren bat izan dezakete. “Istripuren bat”.

Kontuz ibil daitezela, katxiporreta.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko martxoaren 10ekoa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer