Kategoria: Sailkatugabeak

Tximeleta batek…

Tximeleta. Kalle H. Pixabay-n.

Ziurrenik filmen batean entzuna izanen duzue kaosaren teoriaren kontzeptu ezagunena. Bai, neska-mutilok, tximeletaren kontu hori. Tximeleta batek, demagun, Sri Lankan hegoak mugitzen baditu gerta daitekeela, adibidez, New Yorken ekaitza sortzea.

Bada, aurrekoan tximeleta kabroi horrek hegoak ohi baino modu bihurriagoan mugitu zituen, horrek sute handia sortu zuen Estrasburgoko eraikin batean, eta karanbolaren karanbolaz, blogari euskaldun andanaren lanak biltzen zituen blogariak.net plataforma pikutara joan zen. Betiko.

Gauza da Estrasburgoko eraikinean interneteko datu zentro bat zegoela, eta blog euskaldun haien eduki osoa hango zerbitzarietan zegoela gordea; segurtasun kopiak barne.

Eta niri, honekin guztiarekin, bi hausnarketa txiki bururatzen zaizkit:

  • Gure eduki ia guztiak hodeian gordetzen ditugun garai hauetan, kontuan hartzekoa dela eduki horiek ez direla hain etereoak eta sute batek desagerraraz ditzakeela.
  • Sri Lankako tximeleta kabroiaren apeten menpe egon nahi ez badugu, hobe dugula baita esparru teknologiko honetan ere burujabetza aldarrikatzea eta praktikatzea.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2021eko martxoaren 24koa]

Madrili begira

Urliak: “Ufff… Ze urruti sentitzen dudan Madril”. Sandiak: “Niri Madril bortz; zuei ez, ala?”. Berendiak: “Utziozue behingoz Madrili begiratzeari”.

Eta, bai, kontxo, Madrili begiratzeari utzi nahi genioke.

Baina, bat: hain dago entretenigarria hango guztia, krispeta stock guzia laster bukatuko baitzaigu.

Baina, bi: Espainia Madril bada, edo Madril Espainia bada, edo… Ez dakit nola zen, baina berdin dio, izan ere, begiratu zure ingurura, madrildarrez beteta dugu etxea. Beren burua espainiartzat dutenak gehiengoa baitira hemen. Ez egin tranparik bakarkako karta jokoan.

Baina, hiru: Madrilgo movida politikoak badu bere oihartzuna gurean. Ikustea baino ez dago nola dauden atzaparka Nafarroako Ciudadanoseko lau katuen artean.

Baina, lau: guk Madrili begiratzeari utzita ere, utziko ote lioke Madrilek gu begiratzeari?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2021eko martxoaren 17koa]

Zezenketen salbatzera

Badago aretoan Iruñekoa ez denik? Tira, lasai, Iruñekoa ez izanagatik ere aise ulertuko duzue zer-nolako tema dugun iruindarrok sanferminekin.

Ziur naiz zuen herrietan dozenaka eztabaida izaten dituzuela herriko besten inguruan, zer egin eta nola egin. Bada, Iruñean eztabaida horiexek berak izaten ditugu, baina bider mila, uste baitugu gureak munduko jairik onenak direla. [spoiler: ez dira]

Une honetan eztabaida da sanferminak egin ala ez egin. Eta sekulako amorrua ematen dit, baina oraingoan Enrique Maia Iruñeko alkate eskuindarraren taldean nago, berak bezala neuk ere uste baitut goizegi dela jakiteko zer arraio egin ahal izanen dugun uztailean.

Zorionez, Enrique Maiari izugarri gustatzen zaizkio hedabideen orburuak, eta ur azpian ere isiltzen ez denez, zezenketak salbatzearen aldeko apologia zoldazu eta sutsua egin du: Ganadutegiak desagertzear direla, eta ahalegina egin behar dugula Iruñean zezenketak izateko aurten. Eta horretan ez, Kike; horretan ez gatoz bat. Sanferminetatik zer edo zer kendu behar bada, hori zezenketak dira.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2021eko martxoaren 3koa]

Estrategia haurduna

Nafarroa Garaian, hamarkadak daramatzagu D ereduko matrikulazioa kopuru osoaren %30etik hurbil dagoela, baina ez duela inondik inora ere gainditzen. Erabat geldirik gaude, eta, gure zirkuluetatik kanpora, ez dugu euskarara bertze inor gehiago erakartzen, ez betiko nafarrak eta ez duela gutxikoak ere.

Agintariek ez dute laguntzen, noski. Eta, gainera, haien esku dagoen guztia egiten dute euskarak gehiago zabaltzeko aukerarik izan ez dezan.

Gauzak horrela, eta kontuan izanda gure familietatik kanpo daudenak konbentzitzen ez ditugula, zergatik ez dugu ahal dugun guztia egiten, hain zuzen ere, gure familia euskaldunak anitzez ere handiagoak izan daitezen?

Nafarroa Garaian bizi den emakume bakoitzeko, gutxi gorabehera, 1,4 haur jaiotzen dira. Hau da, haur bat eta bertze baten zatitxo batzuk. Eta estatistika hori urtetik urtera gero eta makurragoa da; gero eta zatitxo gehiago galtzen ditugu.

Baina horrek badu gauza on bat, eta hori da euskaldunok oso erraza dugula D ereduko ehuneko negargarri hori hobetzea. Azken batean, geure haurrak konbentzitu behar ez ditugunez, izan ditzagun haur asko eta asko, eta bete ditzagun eskolak ume euskaldunez.

Izan ere, hori ez bada, nik ez dakit zer arraio egin dezakegun egoera honi buelta emateko.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2021eko otsailaren 17koa]

bannerra-EHI

Kastoreak

2005. urtean-edo, Alemaniako 18 kastore askatu zituzten Aragoi eta Ebro ibaietan. Ez dakigu nork egin zuen hura, legez kanpoko askatze bat izan baitzen.

Hurrengo urteetan, Errioxako eta Nafarroako gobernuek milaka euro batzuk gastatu zituzten kastore horiek guztiak harrapatzeko. Baina ez zuten lortu. Eta kastoreek ibaian goiti egin zuten, eta egun Iruñean ere baditugu.

Hagitz kasu berezia da kastorearena. Berez, ez baita espezie aloktonotzat jotzen, eta are gutxiago inbaditzailetzat. Gizakiak XVII. mendean desagerrarazi zituen Iberiako penintsulako kastore guztiak. Eta gizakiak berriz ere ekarri zizkigun kastoreak Nafarroara duela hamabortz urte.

Gobernuek, noski, ez zuten ekintza ilegal hura onartu nahi izan eta horregatik saiatu ziren kastoreak harrapatzen. Baina emaitza ikusita, ez dirudi ahalegin handirik egin zutenik. Itxurakeriatan ibiliko ote ziren?

Iruñean ibaiaren inguruan sortua dugun lorategitxoa pixka bat itsusten digute kastoreek, bai; zuhaitz gutxi batzuk botatzen dizkigute lurrera. Baina finean, kastoreek on egiten diote gure ibaietako biodibertsitateari, eta merezi dute gure artean bizitzea. Eta, zer arraio, hain dira moñoñoak!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2021eko otsailaren 10ekoa]

bannerra-EHI

Chill Mafia

Nekez labur daiteke minutu batean azken bi egunetan Chill Mafiaren inguruan sortu den kalapita. Zenbat gauza gertatu diren. Zenbat gauza erran diren. Zenbat sentimendu askatu diren.

Beti bezala, ez baduzue Twitter konturik, edo sare sozialetan asko ibiltzen ez bazarete; hau da, pertsona normalak baldin bazarete, ez duzue ideia zipitzik ere izanen zer arraiotaz ari naizen.

Bada, kontua da Chill Mafia izeneko Iruñerriko gazte talde batek Gazte arruntaren koplak izeneko bideoklip ederra argitaratu duela. Kantak gazteen bizitza hedonista-nihilistaren gorazarrea egiten du, trap musikaren erritmoan.

Hasieran, Euskal Herriko kultur mundutxoan, denek goratu dute gazteen ekinaldia, euskarak bertze esparru bat irabazi duela baieztatuta. Baina kantari batek bideoari kritika egin dio -“genero-ikuspegitik” eta bideoan agertzen den neskato bat loreontzi baten pare jarrita-, gazteek kritika erasotzat hartu dute eta sekulako irain zaparrada eskaini diote, eta ondoren 35 urtetik gorakoek gazteen aurkako oldarraldi paternalistari ekin diote. Sekulakoa sortu da.

Baina nik, hemen eta orain, ika-mikaren inguruan eginen dudan gauza bakarra izanen da haren erregistroa zigilatu. Chill Mafia. Gertatu da. Jakin dezazuen.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2021eko otsailaren 3koa]

bannerra-EHI

Zuzeneko heriotza ez zuzenak

Nik ez dut George Floyd hiltzen ikusi. Hau da, ez dut bere heriotzaren bideoa ikusi. Sekuentziaren baten argazkiren bat ikusi izan dut, bai. Baina bideoa, ez. Halakoetan ezin baititut halako irudiak ikusi.

Gai naiz fikziozko edozein astakeria ikusteko. Baina aldez aurretik abisatzen badidate ikusiko dudana benetakoa dela eta bertan gizaki baten heriotza agertzen dela, ez dut ikusten. Ezin dut. Eta, hala, ez dut sekula ikusi ISIS-ekoen zintzur egite bakar bat ere. Ezin nuen.

Baina niri gertatzen zaidana ez du zertan izan jende gehienari gertatzen zaiona. Ez dakit, ez dut batere argi. Ematen du jendea suminduago mobilizatzen dela norbaiten heriotza ekarri duen injustiziaren aurka, baldin eta heriotza hori ia zuzenean ikusi ahal izan badu. Eta agian horrek esplika dezake zergatik orain mobilizatu den mundua masiboki, George Floyden heriotzarekin, eta ez urtero gertatzen diren milaka heriotza bortitz eta bidegabeekin.

Baina Elhadji Ndiaye bizirik zegoeneko azken uneak ere grabatu zituzten 2016an, Arrotxapean atxilotu zutelarik eta gero polizia etxean arrastaka sartu zutelarik. Eta ez zen halako protesta uholderik sortu.

Oraintsu arte.

Hartara, aitortu behar dut ez dakidala zergatik gertaera batzuek ibaia gainezka egitera eramaten duten, eta bertze batzuek, ez. Baina, hori bai, bada gauza bat garbi baino garbiago dudana: beti-beti-beti, zer gerta ere, Poliziaren ekintzak grabatu.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko ekainaren 9koa] bannerra-EHI

Beldurrak hartuta

Kolore guztietako poliziek banatzen duten egurraren kontra gaude. Nola ez. Ez, ez, ez, errepresiorik ez! Baina zer gustura ikusiko genituzke polizia horiek kaleak hartu dituzten ultraeskuindar espainolistak egurtzen, ezta?

Ez dute eginen, noski. Espainiako poliziak eta ultra horiek senideak baitira, edo kuadrilla berekoak, edo futbol talde berdinak animatzen dituzte, edo boto-paper berdina sartzen dute hautetsontzian.

Eta egiten ez dutenez, behin eta berriz haserretzen gara gu [eta zuk aukeratu zein den “gu” hori], gure aurka kolore guztietako errepresioak erabiltzeko batere beldurrik ez dutelako.

Azken 40 urteetako Espainiako gobernurik aurrerakoiena ez da ausartzen poliziak legea guztion begi bistan hausten ari diren horien kontra bidaltzen. Beldurrak hartuta baitago. Eta horregatik ikaragarri kostatzen zaio eskuina pixka bat molesta dezakeen ezein neurri hartzen. Beldur diolako.

Zaila da norberaren beldurra uxatzea. Eta are gehiago bertzearen beldurra uxaraztea. Baina hori jakinda ere, baten bati zer edo zer bururatzen zaio Espainiako eta Frantziako gobernuek beren kartzela politika ankerrak alda ditzaten? Presoak beren etxeetatik gertu egon daitezen? Preso gaixoak eta zigorraren zati handi bat bete dutenak kalera atera ditzaten? Presoen bakartzeekin buka dezaten?

Kartzelan inor gehiago hil ez dadin?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko maiatzaren 19koa] bannerra-EHI

Ibaia garbitzeaz

Erabaki irmoa hartu dut gaurkoan, minutu bateko manifestu honetara ez ekartzeko ez Greba Orokorra ez eta euskarafoboen azkenaurreko erasoa ere. Baina oraintxe konturatu naiz nahi gabe egin dudala Life of Brian filmeko Jehovaren txistea eta zuen buruetan jarri ditudala bai Greba Orokorra eta baita euskarafobia ere.

Tira, berdin dio. Ez du inporta. Bertze gai ergel bat paratuko dut zuen burmuinetan. Bueno, gaia berez ez da ergela, baina “ergel” hitza erabili dudanez, berriz ere Jehovaren txistea egin dut eta zuek dagoeneko pentsatuko duzue garrantzi gabeko zer edo zer aipatuko dizuelada segituan.

Bada, ez egin kasu orain artean erran dizuedan horri guztiari eta lagun iezadazue asteburuan izan dudan barne eztabaida honetan: igandean, elkarte ekologisten plataforma batek antolatua, ia 400 pertsona aritu ziren Iruñean Arga ibaia garbitzen, eta bildutako zaborrarekin ia 40 edukiontzi bete zituzten.

Auzolan polit eta txalogarria, ezta?

Eta hala bada, zergatik ez naute ni halako ekimenek guztiz konbentzitzen?

Lagundu, faborez.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko otsailaren 4koa] bannerra-EHI

 

Greba

Azken orduko albistea: urtarrilaren 30erako greba orokorrera deituak dira Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko langile guziak. “Albiste freskoa, e, Asiertxo!”. Bai, badakit batzuok pare bat hilabete daramagula kontu honekin matraka ematen, baina, aizue, hain da handia hedabide nagusiek inposatzen diguten isiltasun informatiboa.

Eta onar dezagun… Bueno, ez, onar dezadan… greba orokor honek dena duela aurka benetan orokor izan ez dadin:

  • Dirudienez, hemen eta orain, greba orokorrek ez ohi dute langile gehienen babesa jasotzen.
  • Oraingoan, inork gutxik ezagutzen duen subjektu batek deitzen du greba orokor hau: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak.
  • Karta Sozialaren barnean dauden sindikatuak ez dira Nafarroa Garaian ordezkaritza osoaren %40ra ere ailegatzen.
  • Urtarrilaren 30eko greba pentsiokin lotuko dute askok, baina benetan aldarrikapen taula zabala du eta horrek nahasmena sor dezake.
  • Greba orokor honek ez dio liberalismoaren eraso zehatz bati erantzuten, liberalismoari berari baizik.
  • Eraso zehatz bati erantzuten ez dionez, ezinezkoa du berehalako errentagarritasun bat lortu. Eta, beraz, baliteke berehalako emaitza iraultzaileak nahi dituztenak gehiegi ez konbentzitzea.

Eta hala ere, eta hala eta guztiz ere, ez duzu egun bakar batez zure produktibitatea alde batera utziko eta lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko borrokari zure aletxoa emanen?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko urtarrilaren 14koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer