Etiketa: Aldaketa

Desaldaketa lasterra

Iruñeko Udalaren logotipoa 2019ko otsailaren 15 arte.

Larunbatetik aurrera Iruñeko alkate izanen den Enrique Maia ultraeskuindarrak adierazi du bere lehenbiziko -eta berehalako- neurriak izanen direla Armada etorbideari “Armada etorbide” izena ematea berriz eta udaletxeko osoko bilkuren aretoan Espainiako erregearen argazkiari merezi duen tamaina eta lekua ematea.

Iruñeko Udalaren logotipoa 2019ko otsailaren 15etik.

Eta jajajajaja, zelako barreak egin ditugun adierazpen horiekin. Ergelkeria horiek ez omen baitira iruindar gehienen interesekoak. Maia fatxa hutsa da, kontu identitarioak axola zaizkio bakarrik… Eta bla, bla, bla.

Baina bi aldaketa kosmetiko horien ondoren etorriko dira aldaketa sakonagoak, lasai.

Hauteskunde kanpainan Joseba Asiron alkategaiak hainbatetan erran zuen nahiago zuela aldaketa sakona, aldaketa lasterra baino. Eta, zera, esaldi hori Asironen zuri-beltzeko argazki batekin laguntzen baduzu, guatxaperako mezu polita gelditzen ahal zaizu, bai. Baina pixka bat aztertuz gero, berehala gelditzen da agerian, nire ustez, Aldaketak izan duen akats nabarmenena.

Armada etorbideari apirilaren 29an aldatu zioten izena egiazki, hauteskundeetarako hilabete baino gutxiago falta zela. Agian, akaso, beharbada, apika, duela hiru urte aldatu izan balute, Maiak orain birritan pentsatuko luke izena aldatu baino lehen.

Aldaketa mantsoko estrategia okerraren bertze adibide bat: Iruñeko Udala aurtengo otsailaren 15ean hasi zen logotipo berria erabiltzen, gaztelaniari eta euskarari garrantzi bera ematen dio hori. Ez dakit Maiak aldatu nahiko duen, baina kontuan izanik logotipo berriak ia ez duela biderik egin, batere arazorik ez du izanen.

Eta bertze adibide bat, hau bai munta handiagokoa. Iruñeko Udalaren euskararen ordenantza berria legealdiaren azken osoko bilkuran onartu zuten, maiatzaren 2an! Badakizue zenbat kostatuko zaien Maiari eta Esporrini ordenantza hori aldatzea? Ea, egin apustuak.

Hemendik 20 urtera Iruñean berriz ere Aldaketaren alkateren bat baldin badago, mesedez, faborez, otoi eta arren, aldaketa guztiak, sakonekoak zein kosmetikoak, egin daitezela legealdiaren lehenbiziko hilabetean. Horrela, bederen, lau urtez gozatuko ditugu.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko ekainaren 11koa] bannerra-EHI

Egurra ezker espainolari

Axola ez badizue, utz iezadazue Hibai Arbide kazetariaren txio batekin hasten. Gustatu zait-eta. Honelaxe dio: “Zinez argia zara eta zure analisiak bikainak dira, baina zure hautagaitzak ez du Tato* ere konbentzitzea lortzen. Agian, bada ordua jakin dezazun hauteskundeetako gakoa ez dela arrazoia izatea”.

Yanis Varoufakis politikari greziarra zuen buruan Arbidek hori idazterakoan. Izan ere, Varoufakisek porrot galanta izan zuen igandeko Europako hauteskundeetan. Greziarra izanagatik ere, Alemanian aurkeztu zen, han aukera gehiago izanen zituela pentsatuta, eta botoen %0,3 baino ez zuen lortu.

Eta Arbidek Varoufakisen gainean errandakoa aplika dakioke sektarismoz eta egolatriaz jantziriko ezkerreko edozein mugimenduri. Eta, bai, bai, zuek guztiok buruan dituzuen horiek ditut neuk ere buruan: Nafarroako Aldaketaren gobernuetan nahitaezko zutabe osatzen zuten ezker espainoleko taldetxo horiek guztiak. Podemos eta Podemosen frankiziak, badakizue. Atzeguardiarik gabeko abangoardiatxo horiek.

Ados, ados. Dozenaka faktorek ekarri dute Desaldaketa, duela lau urte ere dozenaka faktorek Aldaketa ekarri zuten modu berean. Eta, ados, ados, ez da sobera dotorea halako kolpea jaso duenari bertze kolpe bat ematea, eta ez du zentzu handirik gutxi gorabehera gertu duzun esparru ideologiko bateko taldeak, aurrerantzean aliatuak izan beharko luketenak, egurtzea.

Baina zer nahi duzue erratea. Ni ez naiz argia. Nik ez ditut analisi bikainak egiten. Nik ez dut Tato konbentzitu behar. Eta nik ez dut arrazoirik.

(*) inortxo ere


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko maiatzaren 28koa] bannerra-EHI

Euskararen Geroa

Ez nauzue ni 2015eko aldaketa instituzionalak Nafarroa Garaian abiatu zuen Aldaketari osoko zuzenketa egiten dien horietakoa. Horretan ez nauzue aurkituko. UPNk egiten zuena eta Geroa Bairen Gobernuak -bertze hiru alderdien babesarekin-egiten duena konparatuta, gai naiz ikusteko ez direla gauza bera. Baina, noski, denok baditugu gure intereseko kontuak eta neureetan, bederen, badira arantza batzuk min egiten didatenak.

Euskara da horietako bat, jakina.

Eta, zera, gaurko manifestu honetan etengabe lehen pertsona erabiltzen ari naizenez, utz iezadazue neure burua berriz aipatzen eta 2015eko ekainean idatzi nuen artikulu bat honera ekartzen. Ordu hartan, Gobernu berriari eskatu nion 2000. urtean UPNk euskararen kontra abiaturiko erasoa gogoratzea. Nola dekretuz dekretu, euskarak administrazioan zuen presentzia txikia zokoratzen joan zen UPN, paria euskaldunak are ikusezinago bilakatzeko asmoz.

Eta Uxue Barkosen Gobernuari eskatu nion gutxien-gutxienik, oldarraldi haren aurreko egoerara itzultzea nafar administrazioa. Eta hortik gora.

Bada, normala denez, ez didate kasurik egin, eta dekretu haiei buelta emateko ezer gutxi egin dute.

Geroa Bairendako euskara gaztelaniaren gibelean baitago, bigarren edo hirugarren maila batean, eta ez du batere arazorik jarrera hori erakusteko. Konparazio batera, aurrekoan Espainiako bozetara aurkeztuko dituen hautagaiekin agerraldia egin zuen Geroa Baik, hauteskunde kanpainaren leloak zituen atril bat erabilita. Atrilean “NAVARRA NO SE TOCA”, gaztelaniaz; goi-goian eta hizki larritan idatzita. Eta azpian, “Nik, Nafarroa!” euskaraz, hizki hagitzez txikiagoetan, hizki etzanetan, eta kolore intentsitate baxuagoan; alegia, euskaldun miopeok nekez ikusteko moduan.

Bistan da UPNk umezurtz utzi duen erregionalismoa bereganatu nahi duela Geroa Baik, eta batzuen ustez hori gauza ona da Aldaketarako. Baina asmo horretan euskara eta, beraz, euskaldunak, baztertzeak niri neuri min egiten dit.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko apirilaren 2koa] bannerra-EHI

Kaka zaharra

Duela hilabete, alai antzean agertzen ginen hemen, Nafarroako fatxek lau alderdi izanen baitzituzten aukeran maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan eta, beraz, haien boto asko eta asko zakarrontzira joanen zirelako. Baina nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Azken orduetan, UPNk akordioa lotu du PP eta Ciudadanos alderdiekin eta Navarra suma izenarekin aurkeztuko dira hirurak hauteskundeetara.

Anitzetan errana dut hiru laurdeneko analista naizela eta, hartara, ez espero niregandik azterketa sakon eta burutsu bat. Nire analisiak tripetatik ateratzen dira maiz eta gaurkoan nire tripetan katu guztiak dantzan ditut. Beldur naiz.

Zuek ongi gogoratzen duzue zer zen UPNren bota autoritario eta baztertzailearen azpian bizitzea? Nik bai. Kaka zaharra zen. Holaxe, labur-labur eta sinple erranda.

Eta kaka zahar haren alde, hau da, UPN, PP eta Ciudadanosen alde, 2015eko hauteskundeetan 115.977 nafar eskuindar espainolista lerratu ziren. Eta horiek guziek berriz ere emanen dute botoa kaka zaharraren alde. Ez dute boto bakar ere galduko.

Aldiz, bertze aldean, kaka berritzearen aldekoen artean, oso ziurra da ez dituztela berriz 2015eko 160.352 botoak berreskuratuko. Izan ere, “Aldaketa” deitu dugun hori kaka izan da, ez ditu gauza asko aldatu edo berandu aldatu ditu, edo %100era ailegatu beharrean %78an gelditu da, eta bla, bla, bla… Bai, bai. Aldaketa kaka izan da eta nik, gutiziak bakarrik jaten dituen gourmet honek, nolatan emanen diot botoa kaka bati?

Bada, kaka nahi ez badugu, kaka zahar, autoritario eta baztertzailea datorkigulako gainera.

Zuk aukeratu.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko martxoaren 12koa] bannerra-EHI

 

 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer