Etiketa: EH Bildu

Lizarrako akordioa

Nafarroa Garaian Erregimena erraten diogunaren zutabeetako bat da PSN. Hartara, gaur-gaurkoz, ezin-ezinezkoa da PSNrekin aldaketa soziopolitikorako akordioak lortzea; ezkerraldeko noranzkoan, erran nahi dut.

Atzo goizean zabaldu zen notizia, Lizarrak berriz ere alkate jatorra izanen duela, orain dagoen Navarra Sumako euskarafoboaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu baitzuten. Hasiera batean, albistea zabaltzeko moduagatik, bazirudien EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik babesten zutela jokaldia. Baina baita zera ere!

Berehala atera zen PSN erratera mozio hori sinatu zuten PSNko bi zinegotziek une hartantxe utzi ziotela PSNren zinegotzi izateari. Eta hala da. Jorge Crespo eta Magdalena Hernandez sozialistek Koldo Leoz abertzalearen aldeko botoa emanen dute bi aste barru eginen den bozketan, baina PSNko zinegotzi izan gabe.

Bi aste!!

Barkatuko didazue, halakoetan pixka bat pelikuleroa bainaiz. Baina… Bi aste?! Bi astetan Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariak bi zinegotzi horiei trama bat aurkitzen edo sortzen ahal die, sexua eta Suitzako kontu korronteak nahasten dituena. Edo bi astetan bi zinegotzi horiek istripuren bat izan dezakete. “Istripuren bat”.

Kontuz ibil daitezela, katxiporreta.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko martxoaren 10ekoa] bannerra-EHI

Desaldaketa lasterra

Iruñeko Udalaren logotipoa 2019ko otsailaren 15 arte.

Larunbatetik aurrera Iruñeko alkate izanen den Enrique Maia ultraeskuindarrak adierazi du bere lehenbiziko -eta berehalako- neurriak izanen direla Armada etorbideari “Armada etorbide” izena ematea berriz eta udaletxeko osoko bilkuren aretoan Espainiako erregearen argazkiari merezi duen tamaina eta lekua ematea.

Iruñeko Udalaren logotipoa 2019ko otsailaren 15etik.

Eta jajajajaja, zelako barreak egin ditugun adierazpen horiekin. Ergelkeria horiek ez omen baitira iruindar gehienen interesekoak. Maia fatxa hutsa da, kontu identitarioak axola zaizkio bakarrik… Eta bla, bla, bla.

Baina bi aldaketa kosmetiko horien ondoren etorriko dira aldaketa sakonagoak, lasai.

Hauteskunde kanpainan Joseba Asiron alkategaiak hainbatetan erran zuen nahiago zuela aldaketa sakona, aldaketa lasterra baino. Eta, zera, esaldi hori Asironen zuri-beltzeko argazki batekin laguntzen baduzu, guatxaperako mezu polita gelditzen ahal zaizu, bai. Baina pixka bat aztertuz gero, berehala gelditzen da agerian, nire ustez, Aldaketak izan duen akats nabarmenena.

Armada etorbideari apirilaren 29an aldatu zioten izena egiazki, hauteskundeetarako hilabete baino gutxiago falta zela. Agian, akaso, beharbada, apika, duela hiru urte aldatu izan balute, Maiak orain birritan pentsatuko luke izena aldatu baino lehen.

Aldaketa mantsoko estrategia okerraren bertze adibide bat: Iruñeko Udala aurtengo otsailaren 15ean hasi zen logotipo berria erabiltzen, gaztelaniari eta euskarari garrantzi bera ematen dio hori. Ez dakit Maiak aldatu nahiko duen, baina kontuan izanik logotipo berriak ia ez duela biderik egin, batere arazorik ez du izanen.

Eta bertze adibide bat, hau bai munta handiagokoa. Iruñeko Udalaren euskararen ordenantza berria legealdiaren azken osoko bilkuran onartu zuten, maiatzaren 2an! Badakizue zenbat kostatuko zaien Maiari eta Esporrini ordenantza hori aldatzea? Ea, egin apustuak.

Hemendik 20 urtera Iruñean berriz ere Aldaketaren alkateren bat baldin badago, mesedez, faborez, otoi eta arren, aldaketa guztiak, sakonekoak zein kosmetikoak, egin daitezela legealdiaren lehenbiziko hilabetean. Horrela, bederen, lau urtez gozatuko ditugu.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko ekainaren 11koa] bannerra-EHI

Busti gabe

Arga ibaia, Iruñeko Santo Domingo aldapako zatian.

Atzo, EH Bilduk eta Geroa Baik ez zuten busti nahi izan. Erran nahi baita Santa Engraziako presa berreraikitzearen alde Iruñeko Udalean aurkezturiko adierazpenean abstenitu egin ziren. UPNk eta PSNk alde bozkatu zuten. Atera kontuak.

Arga ibaiak Iruñean gainditu behar dituen presa guztien artean bada bat, Arrotxapea auzoko Santa Engraziakoa, duela hilabete batzuk uraren indarrez apurtu zena. Eta orain, arraunlariak eta arrantzaleak presioa egiten ari dira uraren emari normala oztopatzen duen traba hori berriz eraiki dezaten. Oraingoz, eskuin espainolistako alderdiak konbentzitu dituzte.

Presarik gabe ura ez da gelditzen, eta beraz, oxigenatuago dago, eta beraz, bertako animaliek eta landareek errazagoa dute haztea. Europako Batasuneko arauek eta estrategiek diote halako presak botatzen joan behar dela. Iruñeko Udalaren beraren plan proposamen batek dio halako oztopoak eraitsi behar direla. Presarik gabe, ibai zati horretan uholdeak izateko arriskua anitzez txikiagoa da. Presarik gabe ibaian egon behar ez luketen zaborrak kentzea askoz errazagoa da. Eta abar. Eta abar. Eta abar.

Hain sendoak iruditzen zaizkit presa berriz ez eraikitzeko argudioak, hain sen onekoak, ikaragarri zaila egiten baitzait ulertzea zergatik EH Bildu eta Geroa Bai ez diren gai honetan bustitzen.

Inork azalduko ahal digu.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko irailaren 18koa] bannerra-EHI

Iruñea Gasteiz bezala

Iragan larunbatean batzarra egin zuen Arabako EH Bilduk bere antolakuntza egiturak berritzeko. Eta, tira, batez ere Nafarroako gaiak ukitzen dituen iritzi biltegi honetara ez nuke Arabako kontu hori ekarriko, baldin eta batzarrean Arnaldo Otegik botatako zerbaitek iruindarrok ukituko ez bagintu.

“Arabako eredua esportatzearen alde egin du Otegik, herriaren interesak alderdien interesen gainetik jartzen dituena”. Halako lerroburua zabaldu zuen koalizioak. Nahiko harrigarria iruditu zitzaidan esaldi hura eta lerroburua laguntzen zuen bideo zatia ikusi nuen: “Arabako eredua ez da udal baten kudeaketa burgesia nazionalari ematea, baizik eta herriaren interesak alderdi politikoen gainetik jartzea”. Eta hori, Otegiren ustez, “hizki handiz egiten den politika” da.

Iruñetik 90 kilometrora dago Gasteiz eta, agian, Sakanako autobian barna albisteak pixka bat desitxuratzen dira. Baina gaizki ulertu ez banuen, 2015eko udal hauteskundeen emaitzak nahiko antzekoak izan ziren Gasteizen eta Iruñean. Bietan eskuin espainolista izan zen bozkatuena. Bietan EH Bildu izan zen bigarren. Bietan EAJ (edo haren inguruko Geroa Bai) izan zen hirugarren. Bietan sozialistak, laugarren. Bietan Podemosen ingurukoak, borzgarren. Bietan Ezker Batuaren ingurukoak, seigarren. Eta bietan aukera zegoen indar ezkertiar eta abertzaleen arteko gobernu ituna egiteko.

Iruñean, EH Bilduko Joseba Asiron dugu alkate, bertze hiru indarrekin elkarlanean gobernatzen.

Gasteizen, EH Bilduk EAJk baino zinegotzi bat gehiago izan arren, alkatetza oparitu zieten jeltzaleei, batere gobernu akordiorik egin gabe. Eta orain, Lanbro bera baino zakurragoa den EAJk EH Bilduz paso egin eta PPrekin egiten ditu hitzarmenak.

Badakit gaiak ertz gehiago dituela, baina hainbertze kostatzen ote da erratea Gasteizkoa hanka-sartzea izan zela eta EH Bilduk zer edo zer esportatzekotan Iruñeko eredua esportatu behar duela?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urtarrilaren 30ekoa] bannerra-EHI

30 urteko b(p)orrok(t)a

Ekainaren 4an, igandearekin, Bardeako tiro eremuaren aurkako ibilaldia eginen dute. Enegarrenez. Zehatzago, hogeita hamargarrenez. Aski ongi zenbatuak baitituzte eginiko ibilaldi guztiak.

Aurtengo aldiaren aurkezpenean, antolatzaileek erran dute “atsedenik gabeko borroka” izan dela azken 30 urte hauetakoa eta “inoiz baino arrazoi gehiago” dagoela borrokan segitzeko. Ez dakit, bada, azken horrekin ados ote nagoen; nik erranen nuke duela 30 urte ibilaldi hau egiteko zeuden arrazoi berberak daudela oraindik ere mahai gainean. Eta horrek erakusten du tiro eremuaren aurkako borrokak 30 urteko porrota duela sorbalda gainean. Porrot erabatekoa. Hori ezin da ezkutatu.

Ibilaldiaren antolatzaileek Nafarroako Gobernuari eta gobernua sostengatzen duten alderdiei eskatu diete zer edo zer gehiago egiteko. “Adierazpenak ongi daude, baina ez dira nahikoa”, erran dute. Eta erabat ados horretan. Baina ibilaldiaren antolatzaileek lan pixka bat gehiago egin beharko dute tiro eremua eraistearen aldeko alderdi politikoekin. Izan ere, 28. ibilalditik, EH Bildu osatzen duten alderdiek ez dute ibilaldi hau babesten. LAB sindikatuak lehenago utzi zion babesteari.

Ez dut ideiarik ere nork duen errua sektarismoaren txapelketa dirudien honetan. Baina ez badugu lortzen tiro eremuaren aurkako indar guztiak tiro eremuaren aurkako ekitaldi nagusia omen den honetara biltzea ere, jai dugu. Bertze 30 urtez, jai.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko maiatzaren 30koa] bannerra-EHI

 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer