Etiketa: Euskaraz bizi

Minutua eta emaitza, lankideok!

2019ko egun goibel honetan, azaroak 5 ditu eta goizeko hamarrak, 8 minutu, eta Twitter herriko futbol zelai iskanbilatsu bezain aldrebes honetan Ayuntamiento de Pamplonaren kontuak 7.839 jarraitzaile ditu eta Iruñeko Udalarenak 2.373*. Euskaldun elebidunak suharki ari dira jokatzen, baina erdaldun elebakarrek nahikoa dute pasotismoari eustea partida bereganatzeko. Markagailuan aldaketak izaten ari dira etengabe, eta ematen du zenbaki dantzak jarraituko duela oraindik ere, baina ez dirudi Navarra Sumak abiaturiko gatazka txiki honen garaipena euskaldunen aldera mugituko denik.

Pena.

Bertze bataila bat galdu dugu. Enegarrena.

Oraingoan, bederen, dibertigarria izan da gatazkatxoa. Baina, onar dezagun, ezinezkoa zen irabaztea, Navarra Sumak, modu zikin zein zitalean, jarriak baitzituen joko arauak. Erran nahi baita euskararen etsaiek lortu dute, bertze behin ere, euskara ghetto batera bidaltzea eta erdaldun elebakarren begiak gure mintzaira zabarrarekin ez zikintzea.

Oraingoz, gaztelaniazko eta euskarazko bi kontuak eduki berdinak ari dira botatzen, aldi berean gutxi gora behera. Ea zenbat irauten duen horrek. Euskarazko kontua edukiz husten hasten direlarik hasiko baita benetako partida.

Gora Osasuna, portzierto.

(*) Euskalerria irratiko entzule edo Berriako zein ZuZeuko irakurle maitea, ziurrenik, hau irakurtzen ari zarelarik zenbaki horiek aldatu dira. Baina nire apostua da euskarazko kontuak ez duela inoiz gaztelaniazkoa gaindituko. Nolanahi ere, kontrakoa gertatuko balitz, nire hitzak patatekin jateko prest nago.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko azaroaren 5ekoa] bannerra-EHI

Gure neke ikusezina

Honezkero euskaldun guztiok jakin izanen dugu zein nekeza den, hain zuzen ere, euskaldun izatea. Ez dut uste madarikazio horrek inor ezustean harrapatuko duenik. Aldiz, irudipena dut hagitz gutxitan ikusarazten diegula erdaldunei zer nolako lanak hartzen ditugun euskaldunok beraiek lasai-lasai bizi daitezen.

Kontua da atzo irakasle batek kontatu zidala azkenean erdaldunen aitzinean kexatu zela euskaldun bezala lan bikoitza egiteagatik. Hainbat hizkuntz eredu biltzen dituen ikastetxe bateko Koordinazio Pedagokikorako Batzordearen bilera batean izan zen. Bilera horiek astero egiten dituzte, eta bertan gertatzen eta erraten denaren akta txandaka hartzen dute. Bada, erdaldun bati tokatzen zaiolarik, gaztelaniaz idazten du akta. Baina euskaldun bati tokatzen zaiolarik, bi aldiz egin behar du lan bera, eta akta gaztelaniaz zein euskaraz idatzi.

Irakasleak kexa eman eta sortu zen eztabaida, noski. Eta ika-mika hartan askotariko iritzi-miritziak bota zituzten. Baina, nire ustez, erdaldun elebakar batek asmatu zuen arazoaren funtsa mahai-gaineratzen. Bera gaztelaniazko eta euskarazko ereduak biltzen dituzten ikastetxeen aldekoa zela adierazi zuen, “halakoetan baitago bakarrik denok errealitate linguistikoa ikusteko aukera”.

Eta, bai, errealitate linguistikoa da gaztelaniazko eta euskarazko ereduak biltzen dituzten ikastetxeetan erdaldun bakarra agertzea nahikoa dela bilerak gaztelaniaz egiteko eta irakasle euskaldun elebidunek lan burokratiko bikoitza egin behar izaten dutela anitzetan.

Halako ikastetxeen errealitate linguistikoa da euskara -eta ondorioz euskaldunak- erabat azpiratuta dagoela. Eta erdaldun elebakarrak lasai baino lasaiago bizi direla.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko urriaren 29koa] bannerra-EHI

ETB3 ikusezin hori

Etxean haurrak telebista ikusten ari badira ETB3 katea baino ez dugu ikusten. Aniztasun gutxikoak gara horretan. Nahita. Horretan ere euskararen militanteak baikara. Erran nahi baita badakigu marrazki bizidunetako kate gehiago daudela munduan, baina guk bakarrik euskaraz ikustea erabaki dugu.

Eta ez da ahalegin handiko militantzia bat. Hau da, kasu honetan euskara aukeratzeagatik, eta ez gaztelania, nire haurrak ez dira gelditzen haien gizarteratzerako garrantzitsua izan daitekeen ezer gabe. ETB3 haurrendako telebista kate erabat homolagagarria baita.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan paratuak dituzten 375 audimetro gezurtiek diote 2018an soilik ikusleen %0,3k ikusi zutela ETB3 hiru probintzia horietan. Aldiz, audientziaren %1,3k aukeratu zuen Clan, eta audientziaren %1,2k, Boing.

Errana dut nik ez dudala audimetro bideratu horien datuetan sinesten. Baina egia balira ere, ez dut uste datu eskas horiek ETB3ren kalitate eskasari egozterik dauden. ETB3ren kalitatea ez baita eskasa, ez bederen Clan edo Boing kateena baino eskasagoa.

Clan, Boing eta ETB3ko atzoko (maiatzak 13) programazioa aztertu dut, 24 ordukoa. Eta azterketa arin batek datu hauek eman dizkit.

  • Clan kateak 38 saio ezberdin eman zituen 24 ordu horietan. Boing kateak 18, eta ETB3k, 46.
  • Boing kateak 4 orduz eman zuen Doraemon eta 3 orduz Mr. Bean. Clan kateak bi ordu eta erdiz eman zuen Bob Esponja eta ia hiru orduz, Henry Danger. Aitzitik, ETB3n bakarrik ordu erdikoa izan zen Doraemon-en emanaldia; berez, izan ziren egun osoan hura baino saio luzeagoak.
  • Bakarrik ETB3n egon zen atzo fikziozko saio propio bat: 3txulo.

Jakin dezazuen, bertzerik ez, eta ETB3ri buruzko mitoak desmuntatzen has zaitezen.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko maiatzaren 14koa] bannerra-EHI

POST SCRIPTUM: azterketa konparatibo on bat egiteko egun bat baino gehiagoko programazioak aztertu beharko lirateke, noski. Baina nik uste dut egun bakarreko lagin txiki horrek nahikoa oinarri ematen digula ETB3ri buruz erran ohi direnak baztertzen hasteko.

POST SCRIPTUM 2: atzoko programazioaren azterketa aldez aurretik ezarritako programazio eta ordutegien gainean egin nuen. Alegia, ez nituen kronometroarekin 24 ordu eman hiru kateetako emankizunak erregistratzen.

Pankarten mintzoa

Nafarroako pankarten sektorean, fenomeno bitxia gertatu da azken bi urteetan. Izan ere, inoiz zapaldu ez dituen pankartak zapaltzen ari da euskara orain. Hala, gogoratzekoak dira txistorraren aldeko manifestazioaren “Gurea defenda dezagun” lelo abertzale hura, edota UGTren maiatzaren leheneko “Aitzakirik ez dago” akats txiki guztiz barkagarridun eslogana.

Ematen baitu Erregimen Zaharraren aldekoek halako behar bat sentitu dutela euskara ere erabiltzeko. Eta hori poztekoa da.

Kontrako bidean, pankartetan euskara normalean eta normaltasunez erabili izan duen sektore emantzipatzailean, azkenaldian gertatu da batzuetan desagertu izan dela. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak deitoratu izan du inoiz joera hori.

Ildo horretan, nire ustez, hagitz kezkagarria da Iruñean iragan azaroaren 24ko manifestazioan ikusi genuen pankarta. Halaxe zioen: “Comienza la purga contra la violencia machista”. Ortografia akatsik gabeko gaztelania huts-hutsean.

Pankarta horren leloa erabakitzerakoan, pankarta egiterakoan eta pankarta paseatzerakoan, inori ez zitzaion euskararen bonbilla piztu? Inori ez zitzaion deigarria egin zapalkuntza baten aurkako manifestazio horretan pankarta elebakarraren bidez bertze zapalkuntza bat bultzatzen ari zirela? Jende andana horren guztiaren artean ez zegoen inor euskaraz bizi dena eta, beraz, elebakartasun hegemoniko horrekin gaizki sentitu zena?

Errandakoa, kezkatzeko modukoa.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko azaroaren 28koa] bannerra-EHI

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer