Etiketa: Geroa Bai

Txiringitogintza

Euskarazko hiztegiek “txosna” ematen dute gaztelaniazko “chiringuito” izenaren ordain gisa. Eta, ados, testuinguru zehatz batean halaxe izanen da. Baina utz iezadazue “txiringito” deitzen, “TX” eta guzti, antolakunde publiko edo pribatu batek modu ilunean edo ezkutuan jokatzeko sortzen duen enpresa edo ekimenari.

Nafarroako Gobernua, eta haren inguruko alderdi zein sindikatuak, txiringitogintzan hasi baitira berriz. Batetik, PSNk eta Geroa Baik ikaragarri handitu dute Gobernuko goi kargudunen zerrenda. 100 buru gehiago omen dira, eta buru horiek sabela ere dutenez eta sabela bete behar zaienez, urtean 4,5 milioi euro xahutuko ditugu beharrezkoak ez ziren kargu batzuetan.

Eta bertzetik, Nafarroako Gobernua, CEN patronala, eta UGT eta CCOO sindikatuak saiatzen ari dira “Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua” eta “Enplegu Plana” izeneko txiringitoak berpizten. Aurreko Gobernuak, Aldaketaren Gobernua deitu genuenak, gizartearen zein LAB eta ELA sindikatuen presiopean, txiringito horiek desaktibatu zituen. Eskandaluzkoak baitziren; Erregimen Zaharreko hiru eragile horien poltsikoak milioiez betetzeko baino ez baitzuten balio*.

Baina, errandakoa, berriz ere martxan jarri nahi dituzte Nafarroako langileon lan baldintzak eta/edo bizitzak hobetzeko balio izan ez duten txiringito horiek. Oraingoan, disimulatzeko-edo, LAB eta ELA sindikatuak ere gonbidatu dituzte txiringitogintza orgia horretara. Ez dira horretara batu, noski. Eta ez legoke gaizki herritarrek, modu zabal batean, argi eta garbi adieraziko baliete guztion dirua ez dagoela gutxi batzuen poltsikoak betetzeko.

Txiringitoak hondartzarako baitira. Hondartzarako bakarrik.

(*) Urtean 8 milioi euro eskuratzera ailegatu ziren.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko azaroaren 12koa] bannerra-EHI

Busti gabe

Arga ibaia, Iruñeko Santo Domingo aldapako zatian.

Atzo, EH Bilduk eta Geroa Baik ez zuten busti nahi izan. Erran nahi baita Santa Engraziako presa berreraikitzearen alde Iruñeko Udalean aurkezturiko adierazpenean abstenitu egin ziren. UPNk eta PSNk alde bozkatu zuten. Atera kontuak.

Arga ibaiak Iruñean gainditu behar dituen presa guztien artean bada bat, Arrotxapea auzoko Santa Engraziakoa, duela hilabete batzuk uraren indarrez apurtu zena. Eta orain, arraunlariak eta arrantzaleak presioa egiten ari dira uraren emari normala oztopatzen duen traba hori berriz eraiki dezaten. Oraingoz, eskuin espainolistako alderdiak konbentzitu dituzte.

Presarik gabe ura ez da gelditzen, eta beraz, oxigenatuago dago, eta beraz, bertako animaliek eta landareek errazagoa dute haztea. Europako Batasuneko arauek eta estrategiek diote halako presak botatzen joan behar dela. Iruñeko Udalaren beraren plan proposamen batek dio halako oztopoak eraitsi behar direla. Presarik gabe, ibai zati horretan uholdeak izateko arriskua anitzez txikiagoa da. Presarik gabe ibaian egon behar ez luketen zaborrak kentzea askoz errazagoa da. Eta abar. Eta abar. Eta abar.

Hain sendoak iruditzen zaizkit presa berriz ez eraikitzeko argudioak, hain sen onekoak, ikaragarri zaila egiten baitzait ulertzea zergatik EH Bildu eta Geroa Bai ez diren gai honetan bustitzen.

Inork azalduko ahal digu.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko irailaren 18koa] bannerra-EHI

Aldaketa berderik ez

Laster bi urte beteko dira aldaketaren indar politikoek, nolabait, Nafarroako Gobernuaren gidaritza hartu zutenetik. Eta euskaltzale amorratuok behin eta berriz kexatu gara euskararen azkartzeko guk nahi adina urrats egin ez dituelako Uxue Barkoxen exekutiboak.

Bada, ordea, bertze gizarte mugimendu bat aldaketaren erritmoekin amorratuago dagoena: mugimendu ekologista. Indar txikia du Nafarroan. Ez da Cordovillako edo Uharteko egunkarietan lerroburuak lor ditzakeen lobby bat. Eta agian horregatik ez du Gobernuan eragiteko aukerarik izan. Eta haserre dago, noski.

Aldaketaren lau indar politikoen arteko akordio programatikoan ingurumenarekin loturiko hainbat konpromiso agertzen dira. Eta hainbat plan eta estrategia sektorial abiatu ditu Gobernuak horiei begira. Baina ingurumenarekin loturiko lege bakar bat ere ez du prestatu. Eta ez dirudi eginen duenik.

Ziurrenik krisi ekonomikoa dela-eta, berotegi efektuko gasen igorpena beheranzko joeran zegoen Nafarroan Garaian 2010. urtetik. Bortz urte geroago, ordea, handitzen hasi zen berriz. Eta horri aurre egin beharrean, Nafarroako Gobernuak, EAJko buru ohi Manu Aierdiren eskutik, desarrollismoaren eta gas igorpen gehiagoren aldeko apostua egin du abiadura handiko trenaren proiektua berriz ere martxan jarriz.

Desarrollismoaren bide horretan, Geroa Baik oposizioko alderdiak ditu lagun, eta ipurdi masailekin ari zaizkio txalo egiten.

Mugimendu ekologista ez da lobby bat, eta ez du horretarako indarrik. Baina abiadura handiko trena, Nafarroan inoiz egin den gastu eta triskantza handienak dakartzana, berriz martxan jartzea ez ote da Nafarroako Gobernua pikutara bidaltzeko nahikoa arrazoi?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko ekainaren 13koa] bannerra-EHI

‘Desarme ideologikoa’

Anitzetan, Venezuelako bandera astintzen du Partidu Popularrak Espainiaren luze zabalean dituen ustelkeria kasuak estaltzeko. ETAren komodina ere erabiltzen du maiz, nahiz eta komodin horrek aspaldi eman zituen eman beharreko etekinak.

Nafarroan, UPNk eta PPk Uxue Barkos lehendakariari galdetu diote ea zergatik  elkartu zen Euskal Herriko bertze bi lehendakariekin eta armagabetze batzordearekin ETAren “antzezlanari” babesa emanez.

Lehendakariaren alderdiaren izenean, Gero Bairen izenean alegia, Koldo Martinezek erantzun dio galdera horri. Nafarroako Gobernuak armagabetzean eginiko urratsak goraipatu ditu Martinezek eta gaineratu du armagabetze hori “beharrezkoa” eta “premiazkoa” zela, baina etortzeko dagoen “desarme ideologikoa” are inportanteagoa dela.

Bai, jaun-andreok, duela pare bat aste Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak erabili zuen esamolde berbera erabili zuen Martinezek atzo. Eta haratago joanez, garrantziaren araberako sailkapen bat egin zuen Martinezek, eta desarme ideologikoa benetako armak entregatzearen aitzinetik paratu zuen.

Geroa Baiko bozeramailearen hitzak euskaraz eta gaztelaniaz entzun nituen. Beraz, pentsatzen dut ez zirela bat-batean bururatu zitzaizkion adierazpenak izan. Hala ere, gustura irakurriko nuke Geroa Bai alderdi abertzaleak ETAren “desarme ideologiko” horretaz duen iritzia. Zuek ez?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko apirilaren 25ekoa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer