Etiketa: harrapaketak

Harrapaketa hirukoitza

Iragan asteburuan Iruñean izan ziren mobilizazio guztien artean gutxienez bada bat nahiko oharkabean pasatu dena; Maria Exposito Diaz familiak eginiko elkarretaratzea, hain zuzen ere.

Kontua da Maria Exposito Diaz 64 urteko andrea duela urtebete hil zela, Txantrean, auto batek harrapatuta. Halakoetan, erran nahi baita harrapaketa mortaletan, gertaerari buruzko epaiketa nahiko laster egin ohi da, eta normalean auto gidariari kartzela zigor txiki bat ezartzen diote, inondik inora beteko ez duena, eta gida baimena pixka baterako kentzen diote.

Baina oraingo honetan ez da halakorik gertatu. Auto gidaria foruzain bat baitzen. Horixe salatu nahi izan zuen familiak elkarretaratzearekin, alegia, emakumearen heriotza eragin zuen auto gidariari fabore tratua eman ziotela, polizia zelako.

Duela lau hilabete, Nafarroako Auzitegiak erabaki zuen kasua artxibatzea eta epaiketarik ez egitea, epailearen ustez emakumea behar ez zen tokitik pasatzen ari zelako. Eta tira, hori eztabaidagarria izan daiteke, baina afera da familiak ez duela aukerarik izanen bere jarrera epaiketa batean defendatzeko, auzitegiak bide hori itxi baitu, foruzainak Maria Exposito Diaz emakumearen bizitza itxi zuen modu berean, kolpe batez; betiko.

Familiak salatu du prozesuan irregulartasun anitz egon dela. Adibidez, auto istripuetan ohikoa da inplikaturiko pertsonei alkoholemia proba egitea. Hildakoari egin zioten. Ez, ordea, foruzainari. Eta foruzainaren maniobra arraroa kontatu zuten lekukoen testigantzak ere ez dituzte aintzat hartu. Eta bertze hainbat gauza.

Iruñean, legealdi honetan, 15 pertsona hil dira dagoeneko ibilgailu motordunek harrapatuta. Kasu guztiak dira lazgarriak, baina are gehiago Maria Exposito Diazena, Txantreako emakumeak harrapaketa hirukoitza jasan baitzuen: mortala, poliziala eta judiziala.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urriaren 30ekoa] bannerra-EHI

 

Mugikortasuna, hiltzailea

Harrapaketa mortala gertatu zen tokia, Iruñeko Atarrabia etorbidean, Txantrean.

Atzo Iruñean, autoaren mesedetan diseinaturiko mugikortasunak bere aurpegirik ankerrena erakutsi zuen berriz. 4 urteko haur bat hil zen, auto batek harrapatuta, bere familiarekin zebra bide bat pasatzen ari zela, eta semaforoa berde zutela.

Legealdia hasi zenetik, Iruñean, 14 oinezko hil dira ibilgailu motordunek harrapatuta. Hamalau. Aldaketaren legealdi honetan deus ez baita aldatu Iruñean harrapaketei dagokienez. Hildakoen kopuruari dagokionez, ez bederen.

Iruñeko Udaleko oraingo arduradunek errana dute 0 harrapaketa mortalen helburua bere egiten dutela. Baina orain artean, porrota erabatekoa da. Gogoratu zenbakia: hamalau.

Oinezkoen harrapaketak ez dira fenomeno meteorologikoak. Ez ditu naturak sortzen. Gizakiok ezarritako mugikortasun ereduaren ondorio dira. Eta hartara, gizakiok gauza asko eta asko egiten ahal ditugu ondorio horiek ahalik eta arinenak izan daitezen.

Legealdi honetan Iruñean ibilgailu motordunek hildako oinezkoak.

“Bai, baina beti egonen dira despisteak edo zoritxarreko gertaerak”. Egonen dira bai, baina Iruñeko zebrabide guztietan oztopo fisikoak jartzen baditugu haien gainetik 30 kilometro orduko baino handiagoko abiadura eragozten dutenak, ikusiko duzue nola 0 harrapaketa mortalen helburu horretara hurbiltzen garen.

Autoen abiadura oztopatzeko neurriak hartzeko borondatea behar da, noski. Erabaki ausartak hartu behar dira. Eta erabaki horiek hartzen direlarik, merkatariek hobe dute isilik egotea, baita eskuin politiko-mediatikoak ere, azken hiru urteetako hamalau hildako horien ardura beraiena ere baita autoaren mesederako mugikortasun eredu hilgarri hau babesten duten heinean.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urriaren 2koa] bannerra-EHI

Heriotz (ia) ikusezinak

Oinezkoen harrapaketa mortalak dira autoaren nagusikeriaren menpe dagoen Iruñeko mugikortasun tamalgarriaren ondorio lazgarrienak. Badira urteak nik, bertze batzuekin batera, kontu honekiko kezka barneratu nuela, eta hildako oinezkoen kasuen segimendua egiten dudala, nahiz eta kontua makabro samarra izan.

Duela gutxi arte, eskandalizatuta geunden batzuk azken legealdian Iruñean hildako zortzi oinezko zenbatzen genituelako. Baina okerrena da gehiago direla.

Orain bi aste, egunkari batean harrapaketa baten epaiketari buruzko artikulua irakurrita, jakin genuen 2016ko harrapaketa horretako biktima ez zela berehala hil; baina hil, hil egin zela (ia bi hilabete geroago, ospitalean); eta beraz bederatzigarrena zela gure zerrendan. Haren izena ere ez dakigu, artikuluan ez baitzuten aipatzen.

Gaurko egunkarietan agertu den hamargarren biktimaren izena badakigu: Maria Exposito Diaz. 64 urtekoa. Txantrean, foruzain batek gidatzen zuen auto batek hila.

Hortaz, hamar oinezko hilik Iruñean aldaketaren gobernua daukagunetik. Aldaketaren gobernuaren errua da? Agian ez. Baina hamar hildako horiek oihukatzen digute Iruñeko Udalak ahalegin guztiak egin behar dituela, batetik, autoen abiadura moteltzeko eta, bertzetik, autoari ahalik eta tokirik handiena kentzeko.

Eta, batez ere, hamar hildako horiek oihuka ari dira mugikortasuna giza eskubideen arabera antola dezagun. Eta gogora dezagun bizitzea, bai, badela giza eskubide bat. Baina autoarekin hirian ahalik eta azkarren mugitzea, edozein tokitan aparkatzea, edota sudur puntan jartzen zaigun edozein pirula egitea ez dira giza eskubideak. Areago, giza eskubideen aurkako jokabideak dira anitzetan. Kontuan izan.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko urriaren 31koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer