Etiketa: Iruñea

Mingostua

“Mingostu halakoa”, bota dio banatzaileak ziklistari. “Amargado”, gaztelania batuan. Eta neuri, bederen, sentsazio mingarra utzi dit eszena mikatz hori ikus-entzuteak.

Iruñeko Arrotxapea auzoan izan da, produktu ekologikoak saltzen dituen Landare elkartearen gibeleko atearen parean. Bi noranzkoak dituen bizikleta bide bat iragaten da atearen ondotik, eta bidearen gaine-gainean aparkatu du produktu ekologikoen banaketa furgoneta handi batek. Tarte horretan bizikleta bidea erabili ezin izan duen ziklista batek errieta egin dio furgoneta gidariari: ez aparkatzeko hor; bizikleta bidea erabat trabatzen duela; bortz metrora, ondoko errepidearen bazter batean, kargatzeko eta deskargatzeko toki handi bat duela, guztiz libre une horretan.

Alabaina, furgoneta gidariak ez du bere akatsa onartu; ez behintzat nik ikusi dudan eztabaida zatian. Agian inozo samarra naiz. Baina produktu ekologikoak banatzen dituen gidari horrengandik bertzelako erantzun bat espero nuen, mugikortasun atseginago baten aldekoagoa.

Bada, ez.

“Mingostu halakoa”, bota dio banatzaileak ziklistari. Eta neuri, bederen, gogo mingotsa utzi dit gaur.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko urtarrilaren 21ekoa] bannerra-EHI

Desaldaketa lasterra

Iruñeko Udalaren logotipoa 2019ko otsailaren 15 arte.

Larunbatetik aurrera Iruñeko alkate izanen den Enrique Maia ultraeskuindarrak adierazi du bere lehenbiziko -eta berehalako- neurriak izanen direla Armada etorbideari “Armada etorbide” izena ematea berriz eta udaletxeko osoko bilkuren aretoan Espainiako erregearen argazkiari merezi duen tamaina eta lekua ematea.

Iruñeko Udalaren logotipoa 2019ko otsailaren 15etik.

Eta jajajajaja, zelako barreak egin ditugun adierazpen horiekin. Ergelkeria horiek ez omen baitira iruindar gehienen interesekoak. Maia fatxa hutsa da, kontu identitarioak axola zaizkio bakarrik… Eta bla, bla, bla.

Baina bi aldaketa kosmetiko horien ondoren etorriko dira aldaketa sakonagoak, lasai.

Hauteskunde kanpainan Joseba Asiron alkategaiak hainbatetan erran zuen nahiago zuela aldaketa sakona, aldaketa lasterra baino. Eta, zera, esaldi hori Asironen zuri-beltzeko argazki batekin laguntzen baduzu, guatxaperako mezu polita gelditzen ahal zaizu, bai. Baina pixka bat aztertuz gero, berehala gelditzen da agerian, nire ustez, Aldaketak izan duen akats nabarmenena.

Armada etorbideari apirilaren 29an aldatu zioten izena egiazki, hauteskundeetarako hilabete baino gutxiago falta zela. Agian, akaso, beharbada, apika, duela hiru urte aldatu izan balute, Maiak orain birritan pentsatuko luke izena aldatu baino lehen.

Aldaketa mantsoko estrategia okerraren bertze adibide bat: Iruñeko Udala aurtengo otsailaren 15ean hasi zen logotipo berria erabiltzen, gaztelaniari eta euskarari garrantzi bera ematen dio hori. Ez dakit Maiak aldatu nahiko duen, baina kontuan izanik logotipo berriak ia ez duela biderik egin, batere arazorik ez du izanen.

Eta bertze adibide bat, hau bai munta handiagokoa. Iruñeko Udalaren euskararen ordenantza berria legealdiaren azken osoko bilkuran onartu zuten, maiatzaren 2an! Badakizue zenbat kostatuko zaien Maiari eta Esporrini ordenantza hori aldatzea? Ea, egin apustuak.

Hemendik 20 urtera Iruñean berriz ere Aldaketaren alkateren bat baldin badago, mesedez, faborez, otoi eta arren, aldaketa guztiak, sakonekoak zein kosmetikoak, egin daitezela legealdiaren lehenbiziko hilabetean. Horrela, bederen, lau urtez gozatuko ditugu.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko ekainaren 11koa] bannerra-EHI

200.000 ere ez

Ez ditut matematikak bereziki gustuko, baina batzuetan estatistikekin jostatzea gustatzen zait, errealitatea interpretatzeko gakoak ematen baitizkigute.

Konparazio batera, atzo berean, batek daki zergatik, buruan ideia bat izan nuen bueltaka, Iruñeko biztanle kopuruaren ingurukoa. Iruditzen baitzait Iruñea ez dela azkenaldian iruindarrez bete, beti gaudela berdinak toki berdinetan. Pentsamendu ergela da, badakit. Baina erroldako datu zehatzekin babestu ahal izan dut ergelkeria. Egia da azken 20 urteetan 28.000 biztanle irabazi dituela Iruñeak, baina kontua da azken hamar urteetan kopurua ez dela batere mugitu: 200.000 biztanlera ailegatzear, baina ailegatu ezinik.

Iruñerriko 28 udalerritan, ordea, azken 20 urteetan 90.000 biztanle gehiago kokatu dira. Horrek erran nahi du Iruñerriko hazkundea Iruñea ez bertze hiri eta herrietan gertatu dela, batez ere Eguesibarko Sarriguren hiri berrian. Iruñerriak, dagoeneko, gainditua du 350.000 biztanleen langa eta Nafarroa osoko populazioaren erdia baino gehiago hartzen du. Eta martxa honetan, hemendik urte batzuetara Iruñerriko biztanle gehienak Iruñetik kanpo biziko dira.

Eta hona paradoxa Iruñeari dagokionez. Iruñean milaka etxebizitza berri eraiki dituzte azken 20 urteetan: Mendillorrin, Arrotxapean eta Sanduzelain, Buztintxurin, Erripagañan eta Lezkairun. Eta hala eta guztiz ere, bere populazioa apenas handitu den. Eta horrek guztiak galdera bat egitera bulkatzen nau: Iruñeko zenbat etxebizitza daude hutsik? Zuek badakizue?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko apirilaren 9koa] bannerra-EHI

Mikroborrokak

Koinatu eta koinaten betiko leloa izaten da erratea protesta egiteak ez duela deustarako balio. Demokrazia batean, edo demokrazia itxurako batean, gehiengoek erabakitzen baitituzte gauzak, berdin dio gutxiengo batek kasketa hartzea. Horra koinatuen irakurketa.

Lan munduari  aplikatzen diote anitzetan betiko lelo hori. Baina, hain zuzen ere, nik erranen nuke lan munduan egiten duela huts teoria horrek. Langileek patroien aurka borrokatzen dituzten gatazketan uste duguna baino ohikoagoa izaten baita langileek irabaztea.

Iruñean dugu azken adibidea. Aurtengo sanferminen bezperan La Sangiovesa jatetxeak lau langileren kaleratzea jarri zuen borroka taulan, LAB sindikatuaren hautagaitza babestu zutelako. Une hartantxe kaleratze bat gelditzea lortu zen, eta bertze hirurei dagokienez, orain jakin dugu itzultzea erabaki duena berriz hartu behar izan duela enpresak eta bertze biei zegokiena ordaindu behar izan diela. Gainera, bidean, langile guztiei hainbat lan baldintza hobetu behar izan dizkie enpresak.

Jakina, La Sangiovesakoek atzera egin dezaten behar-beharrezkoak izan dira bertako langileen, bertze langile batzuen eta sindikalisten protesta eta presio ekintzak. Patronalari nahi duena egiten utziz gero, nahi duena egiten baitu, batere lotsarik gabe.

Egin kasu. Borrokatzea merezi du. Beti merezi du. Eta irabazten delarik, nahiz garaipen txikiak izan, lau haizetara zabaldu behar da. Langile guztiek jakin dezaten. Patroi guztiek jakin dezaten.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urriaren 9koa] bannerra-EHI

Mugikortasuna, hiltzailea

Harrapaketa mortala gertatu zen tokia, Iruñeko Atarrabia etorbidean, Txantrean.

Atzo Iruñean, autoaren mesedetan diseinaturiko mugikortasunak bere aurpegirik ankerrena erakutsi zuen berriz. 4 urteko haur bat hil zen, auto batek harrapatuta, bere familiarekin zebra bide bat pasatzen ari zela, eta semaforoa berde zutela.

Legealdia hasi zenetik, Iruñean, 14 oinezko hil dira ibilgailu motordunek harrapatuta. Hamalau. Aldaketaren legealdi honetan deus ez baita aldatu Iruñean harrapaketei dagokienez. Hildakoen kopuruari dagokionez, ez bederen.

Iruñeko Udaleko oraingo arduradunek errana dute 0 harrapaketa mortalen helburua bere egiten dutela. Baina orain artean, porrota erabatekoa da. Gogoratu zenbakia: hamalau.

Oinezkoen harrapaketak ez dira fenomeno meteorologikoak. Ez ditu naturak sortzen. Gizakiok ezarritako mugikortasun ereduaren ondorio dira. Eta hartara, gizakiok gauza asko eta asko egiten ahal ditugu ondorio horiek ahalik eta arinenak izan daitezen.

Legealdi honetan Iruñean ibilgailu motordunek hildako oinezkoak.

“Bai, baina beti egonen dira despisteak edo zoritxarreko gertaerak”. Egonen dira bai, baina Iruñeko zebrabide guztietan oztopo fisikoak jartzen baditugu haien gainetik 30 kilometro orduko baino handiagoko abiadura eragozten dutenak, ikusiko duzue nola 0 harrapaketa mortalen helburu horretara hurbiltzen garen.

Autoen abiadura oztopatzeko neurriak hartzeko borondatea behar da, noski. Erabaki ausartak hartu behar dira. Eta erabaki horiek hartzen direlarik, merkatariek hobe dute isilik egotea, baita eskuin politiko-mediatikoak ere, azken hiru urteetako hamalau hildako horien ardura beraiena ere baita autoaren mesederako mugikortasun eredu hilgarri hau babesten duten heinean.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urriaren 2koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer