Etiketa: LAB

Txiringitogintza

Euskarazko hiztegiek “txosna” ematen dute gaztelaniazko “chiringuito” izenaren ordain gisa. Eta, ados, testuinguru zehatz batean halaxe izanen da. Baina utz iezadazue “txiringito” deitzen, “TX” eta guzti, antolakunde publiko edo pribatu batek modu ilunean edo ezkutuan jokatzeko sortzen duen enpresa edo ekimenari.

Nafarroako Gobernua, eta haren inguruko alderdi zein sindikatuak, txiringitogintzan hasi baitira berriz. Batetik, PSNk eta Geroa Baik ikaragarri handitu dute Gobernuko goi kargudunen zerrenda. 100 buru gehiago omen dira, eta buru horiek sabela ere dutenez eta sabela bete behar zaienez, urtean 4,5 milioi euro xahutuko ditugu beharrezkoak ez ziren kargu batzuetan.

Eta bertzetik, Nafarroako Gobernua, CEN patronala, eta UGT eta CCOO sindikatuak saiatzen ari dira “Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua” eta “Enplegu Plana” izeneko txiringitoak berpizten. Aurreko Gobernuak, Aldaketaren Gobernua deitu genuenak, gizartearen zein LAB eta ELA sindikatuen presiopean, txiringito horiek desaktibatu zituen. Eskandaluzkoak baitziren; Erregimen Zaharreko hiru eragile horien poltsikoak milioiez betetzeko baino ez baitzuten balio*.

Baina, errandakoa, berriz ere martxan jarri nahi dituzte Nafarroako langileon lan baldintzak eta/edo bizitzak hobetzeko balio izan ez duten txiringito horiek. Oraingoan, disimulatzeko-edo, LAB eta ELA sindikatuak ere gonbidatu dituzte txiringitogintza orgia horretara. Ez dira horretara batu, noski. Eta ez legoke gaizki herritarrek, modu zabal batean, argi eta garbi adieraziko baliete guztion dirua ez dagoela gutxi batzuen poltsikoak betetzeko.

Txiringitoak hondartzarako baitira. Hondartzarako bakarrik.

(*) Urtean 8 milioi euro eskuratzera ailegatu ziren.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko azaroaren 12koa] bannerra-EHI

Imanol Salinas

Euskal Herrian aski ezaguna dugun antzezlana jokatu zuten Katalunian atzo. Espainiako Auzitegi Nazionalak Ranbo bezala janzten diren dozenaka guardia zibil bidali zituen bederatzi independentista atxilotzera. Fiskaltzak adierazi zuen lehergaiak egiteko lehengaiak aurkitu zizkietela atxilotuei eta, irudietan erakutsi zizkigutelarik, Bilboko gaztetxe batean aurkitu zuten plastikozko giza eskeletoaz akordatu ginen, eta barrez lehertu. Barrez lehertuko ginateke, noski, hain kontu larria ez balitz.

Kolore guztietako poliziek gurean duten ohitura gaiztoaz jakitun, zalantzarik ez dut txapelokerrek -fiskalak eta epaileak lagun- beren fantasietara moldatuko dituztela aurkituriko frogak eta ahal duten guztia eginen dutela bederatzi katalan horiek espetxeratzeko.

Disidentziaren aurka edozer egiteko prest baitago Espainiako estatua. Batzuetan gezurra erranen du. Eta bertze batzuetan, egia erranik ere, salto mortal bikoitza eginen du disidente batek kartzela zapal dezan.

Imanol Salinas sindikalistaren kasuaz ari naiz, jakina. Egia borobila baita 2018ko uztailaren 7an hogei bat lagun Iruñeko La Sangiovesa jatetxera sartu zirela protesta egitera, eta kartelak erakutsi zituztela, eta pegatinak itsasi, eta atearen ondoan pankarta batekin jarri, eta bozgorailu batekin kontsigna sindikalak oihukatu. Hori guztia egia da. Egia den bezala epaileak 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diola bozgorailua zeramanari, Imanol Salinasi. Bortizkeriarik, kalte materialik, mehatxurik edo irainik izan ez zuen protesta batengatik.

Berriz erranen dut, eta behar den guztietan errepikatuko: 21 hilabeteko kartzela zigorra bozgorailua zeramanari.

21 hilabeteko kartzela zigorra, Imanol Salinasi.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko irailaren 24koa] bannerra-EHI

Azkoiengo baratzea

Atzo Azkoienen izan nintzen, Huerta de Peralta enpresako langileei nire elkartasuna adierazten, eta ahal izan nuen moduan laguntzen. Greba eguna izan baitzuten atzokoa, “enpresaren dinamika errepresiboa salatzeko”. Eta eguneko irudiak, soinuak eta usainak gogoratzeko modukoak izan ziren.

Huerta de Peralta enpresan barazkiak hazten dituzte, eta produktu freskoak ontziratu. 130 langile ditu – gehien-gehienak pertsona migratzaileak-, eta hartara sektore horretako enpresa handienetariko bat da. Hala ere, 2017 arte ez zuen ordezkari sindikalik izan. Orduan egin ziren lehenbiziko hauteskundeak. LABek 6 ordezkari lortu zituen; CCOOk, 2; eta UGTk, 1.

Emaitza hark ilusio handia eragin zuen sindikatu abertzalean, garaipenaren kokapen geografikoagatik eta, batez ere, langile horien prekarietate eta esplotazio egoera larria zelako oso. Ordezkari sindikalak lanean hasi eta gutxika-gutxika joan ziren lan baldintzak hobetzen: urteak lanean zeramatzaten langileei kontratu mugagabea egin behar izan zieten; jaiegunak ordaintzen hasi behar izan zizkieten; eta 12, 13 edo 14 orduko lanaldiak egin ordez, 7 orduko lanaldia ezarri behar izan zuten.

Enpresaburuek baina, orain arte egindakoagatik lotsagorritu ordez, mendeku dinamika bati ekin zioten, eta hasi ziren langileak kaleratzen eta zigorrak ezartzen. Eta langileak injustiziaren aurka matxinatu dira, noski. Atzo, barazkiak hazten lan egiten duten langile guztiek egin zuten greba; oro har, enpresako langile guztien %80.

Eta ikustekoak izan ziren irudiak: dozenaka magrebtar LAB sindikatuaren banderak astintzen eta euskarazko, gaztelaniazko zein arabierazko mezuak zituzten kartelei eta pankartei eusten.

Eta entzutekoak izan ziren soinuak: bozgorailu batetik arabierazko kanten Spotify-ko aukeraketa bat, iragarki eta guzti.

Eta aditzekoak izan ziren usainak: bazkalorduan Huerta de Peraltako langileek eta LABeko sindikalistek partekatu zuten kuskusa eta tea.

Eutsi gogor, lagunok!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko azaroaren 13koa] bannerra-EHI

Mikroborrokak

Koinatu eta koinaten betiko leloa izaten da erratea protesta egiteak ez duela deustarako balio. Demokrazia batean, edo demokrazia itxurako batean, gehiengoek erabakitzen baitituzte gauzak, berdin dio gutxiengo batek kasketa hartzea. Horra koinatuen irakurketa.

Lan munduari  aplikatzen diote anitzetan betiko lelo hori. Baina, hain zuzen ere, nik erranen nuke lan munduan egiten duela huts teoria horrek. Langileek patroien aurka borrokatzen dituzten gatazketan uste duguna baino ohikoagoa izaten baita langileek irabaztea.

Iruñean dugu azken adibidea. Aurtengo sanferminen bezperan La Sangiovesa jatetxeak lau langileren kaleratzea jarri zuen borroka taulan, LAB sindikatuaren hautagaitza babestu zutelako. Une hartantxe kaleratze bat gelditzea lortu zen, eta bertze hirurei dagokienez, orain jakin dugu itzultzea erabaki duena berriz hartu behar izan duela enpresak eta bertze biei zegokiena ordaindu behar izan diela. Gainera, bidean, langile guztiei hainbat lan baldintza hobetu behar izan dizkie enpresak.

Jakina, La Sangiovesakoek atzera egin dezaten behar-beharrezkoak izan dira bertako langileen, bertze langile batzuen eta sindikalisten protesta eta presio ekintzak. Patronalari nahi duena egiten utziz gero, nahi duena egiten baitu, batere lotsarik gabe.

Egin kasu. Borrokatzea merezi du. Beti merezi du. Eta irabazten delarik, nahiz garaipen txikiak izan, lau haizetara zabaldu behar da. Langile guztiek jakin dezaten. Patroi guztiek jakin dezaten.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urriaren 9koa] bannerra-EHI

30 urteko b(p)orrok(t)a

Ekainaren 4an, igandearekin, Bardeako tiro eremuaren aurkako ibilaldia eginen dute. Enegarrenez. Zehatzago, hogeita hamargarrenez. Aski ongi zenbatuak baitituzte eginiko ibilaldi guztiak.

Aurtengo aldiaren aurkezpenean, antolatzaileek erran dute “atsedenik gabeko borroka” izan dela azken 30 urte hauetakoa eta “inoiz baino arrazoi gehiago” dagoela borrokan segitzeko. Ez dakit, bada, azken horrekin ados ote nagoen; nik erranen nuke duela 30 urte ibilaldi hau egiteko zeuden arrazoi berberak daudela oraindik ere mahai gainean. Eta horrek erakusten du tiro eremuaren aurkako borrokak 30 urteko porrota duela sorbalda gainean. Porrot erabatekoa. Hori ezin da ezkutatu.

Ibilaldiaren antolatzaileek Nafarroako Gobernuari eta gobernua sostengatzen duten alderdiei eskatu diete zer edo zer gehiago egiteko. “Adierazpenak ongi daude, baina ez dira nahikoa”, erran dute. Eta erabat ados horretan. Baina ibilaldiaren antolatzaileek lan pixka bat gehiago egin beharko dute tiro eremua eraistearen aldeko alderdi politikoekin. Izan ere, 28. ibilalditik, EH Bildu osatzen duten alderdiek ez dute ibilaldi hau babesten. LAB sindikatuak lehenago utzi zion babesteari.

Ez dut ideiarik ere nork duen errua sektarismoaren txapelketa dirudien honetan. Baina ez badugu lortzen tiro eremuaren aurkako indar guztiak tiro eremuaren aurkako ekitaldi nagusia omen den honetara biltzea ere, jai dugu. Bertze 30 urtez, jai.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko maiatzaren 30koa] bannerra-EHI

 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer