Beroaren mapa

Eguraldi saioetan, zerbait asmatu behar, eta modan jarri da hozberoa kolore bidez adieraztea. Gorria da beroa, eta, tenperatura jaisten doan neurrian, horia, berdea eta urdina erabiltzen dituzte. Beroaren mapa deitu zioten asmatzaileek (heatmap); meteorologian ez ezik, beste arlo askotan erabiltzen da.

Interesgarria izango da gaur gauean Europako beroaren mapa ikustea, kezka politiko handiena non den antzematea. Zein puntu gorri aurreikus litezke? Edinburgo, Londres, Brusela, Madril, Bartzelona, Washington, Euskal Herria…

Edinburgon eta Londresen, bistan da, erreferenduma Erresuma Batuan delako. Lehenengo hiriburuan, gaurtik aurrera estatu berri bat izan daitekeelako, horrek esan nahi duen guztiarekin. Bigarrengoan, arrazoi beragatik, baina alderantziz, lurralde aberatsa eta estrategikoa galduko duelako, eta bereizketaren prozesua diseinatu eta, harmoniaz, auzoko berriarekin landu beharko duelako.

Brusela izango da beste gorrigune bat, baiezkoak irabaziz gero Eskoziako independentziari buruz orain arte esandakoak tiraderan sartu eta diskurtso berri bat asmatzen hasi beharko duelako. Diplomazia finean ohi denez, esan behar zirenak esan zituzten, nahiz bihartik aurrera kontrakoak esan beharko dituzten. Bruselako inprenta politikoan aspaldi dute gordea USB batean Europako mapa berriaren bozetoa, gaur zer gertatu.

Madrilen ere gau luzea pasatuko dute. Asteak daramatzate kezka ezin disimulaturik; jakin baitakite Eskozian baiezkoak irabazten badu hurrengoa Katalunia dela. New York Times International egunkariak egin zuen zerrenda: Eskozia, Katalunia, Euskal Herria, Flandria eta Padania… Espainian oso zaila egingo zaie ukatzea eta debekatzea hegazkinez bi ordura dagoen lurraldean posible izan dena. Londresek adina nahi du Madrilek ezezkoak irabaztea.

Bartzelonan, Katalunia osoan, Edinburgon bezain urduri egongo dira kalkulagailuari begira, baiezkoaren garaipenak sekulako indarra emango dielako independentziazaleei. Bi arrazoirengatik: Eskoziak erakutsi duelako posible dela egitea eta baita irabaztea ere, hala gertatzen bada. Kanpora begirako diskurtsoa, nazioarteko diplomaziaren zelaian jokatzen dena, legitimatuta geratzen da; eta, barrura begira, Eskoziaren baiezkoak bost puntu igotzen du independentzia nahia Katalunian. Kualitatiboki balio handiko puntuak izango dira, erabakitzaileak.

Aurreko hiriburuak baino intentsitate gutxiagorekin akaso, baina Euskal Herria izango da beste puntu gorri bat gaur gaueko mapan. Eskozia eta Kataluniako maila berean ez egon arren, Eskoziaren baiezkoak haizea emango dio gure herriko independentismoari, eta behartu egingo du gehiengoa ekarriko duten akordio eta estrategia komunak lantzera. Kostako zaio Euskal Herriari, Kataluniak ostiralean lortu zuen gisan, NYT International-en azaleko argazkia irabaztea; bidea ekinez egiten da.

Zer gertatuko da gaur hemen, Eskozian? Inkesten arabera, justu iritsiko dira azken minutura. Baiezkoak abantaila soziologiko batekin jokatzen du: aukera alaia da, berritzailea, ilusio piztailea, egoera berria eta ustez hobea eskaintzen duena, katea apurtzera deitzen duena, txapa paparrean harrotasunez daramana… Ezezkoa gordeta egon liteke inkestetan, aukera itsusia delako, iluna, jarraipenezkoa… baina susto ederra eman lezakeena gaur gauean. Baiezkoaren aldeko guztiak atera dira inkestetan; ezezkoaren aldekoak?

Pena da independentziazaleek eskaintzen diguten Eskozia berria ez hastea boto kontaketaren sistemarekin. Lau milioi boto, baina emaitza ez dugu goizeko seiak arte jakingo. Elektronikaren garaian, botoak txalupaz edo autoz eramango dituzte 32 kontaketa guneetara. Horregatik jakingo dugu horren berandu emaitza gaur mundu erdia Eskoziara begira egon arren.

«Gauean lainoa egiten badu, autoa mantsoago joango da, botoak beranduago iritsiko dira, eta emaitzak atzeratu egingo dira», esan zigun asteartean, irribarretsu, Michael Bauer independentziazale eta euskaldun berriak Glasgown.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude