Laura Velarekin, hizkuntzalaritzaren munduan barrena

Laura Velarekin, hizkuntzalaritzaren munduan barrena

Hizkuntzalaritza hitza askotan entzun izan badugu ere, sarri ez dugu jakiten zehazki nola azaldu zer den. Bere helburua da oharkabean erabiltzen ditugun arauak, nahi gabe ikasten ditugunak, azaleratzea. Hori azaldu digu gaurko gaubelan azken astean gurekin izan dugun Laura Vela Plok!

Vela hizkuntzalaria da, eta doktorego tesia egiten ari da Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaurko gaubelan bere ikerketen gainean aritu zaigu hizketan, gazteak hizkuntzalaritzara gerturatzeko Hizkuntzaren zientzia eta munduko hizkuntza aniztasuna saioan. Hizkuntza gaitasuna uste duguna baino konplexuagoa dela ohartarazi digu: ”Nahiz eta hizkuntza gaitasuna naturaltzat hartzen dugun, ez dugu batere hausnartzen honi buruz”.

Hainbat mito deseraiki dizkigu Velak bere hitzaldian: Ume elebakarrek ume eleanitzek baino hobeto garatzen dutela hizkuntza gaitasuna, hizkuntza batzuk beste batzuk baino errazago ikasten direla edo hizkuntza aldaera edo dialekto batzuk besteak baino hobeak direla, adibidez.

Velaren ikerketa taldea ahalik eta gehien saiatzen da haien lanketen dibulgazioa egiten, eta Euskarabenturako atea ireki zenean, gazteengana iristeko aukera ikusi zuten: ”Oso leku interesgarria eta egokia da Euskarabentura hausnarketa hori gaztengana gerturatzeko”. Igarri du lan taldeak prestatutako edukiek eragina izan dutela gazteengan. Gaien inguruko ezagutzarik ez dutenak gaiera gerturatu dira, eta jada oinarri bat zutenek sakontzeko aukera izan dute. Hizkuntzalaritzaren inguruan ere berdina gertatuko dela espero du Velak, eta guk ez daukagu zalantzarik!


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer