Feminismoaz hizketan, luxuzko gonbidatuekin

Feminismoaz hizketan, luxuzko gonbidatuekin

Laranja koloreko olatuak arratsalde morea izan du Donostian: feminismoarekin lotutako hainbat hitzaldi izan dituzte. Euskarabenturak bultzatu nahi dituen oinarrietako bat da genero berdintasuna, eta gaurko arratsaldean gai horren inguruan jardun dugu. Lau taldetan banatu dira gazteak, eta talde bakoitzak ordu eta erdiz gonbidatu berezien hitzaldi edo tailerra jaso du. Amaieran, lau taldeak batu dira eta egin dituzten ariketa eta hausnarketak partekatu dituzte gainerakoekin.

Alde batetik, Lorea Agirre feminismoaren eta euskaltzaletasunaren arteko loturaren inguruan mintzatu zaigu. Zapalkuntzaren aurkako borrokan diraute biek ala biek, batek gizon eta emakumeen artekoan eta bestea gaztelania/frantses eta euskararen artekoan. Gizartean zabaltzen diskurtsoen ondorioz, zapalkuntza hauek oso naturalizatuta daudela azaldu du Agirrek, eta hainbat mekanismoren ondorioz, emakumeek eta euskaldunek benetan barneratzen dutela bigarren mailakoak direla.

Bestetik, Hondarribiko Alardeko egoeraz hitz egitera etorri zaizkigu Jaizkibel konpainiako Elixabet Olaskoaga eta Amets Mariskal. Alarde parekidea bultzatzeko 25 urtez Hondarribiako hainbat emakumek jasan behar izan duten diskriminazioaz hitz egin digute. Gatazka honen hasieran euren burua ez zuten feministatzat Jaizkibel konpainiako kideek, baina urte hauetan guztietan bizi izan dutenaren ostean, Alardearen eta feminismoaren lotura naturaltzat hartzen dute: ”Gaur egun argi eta garbi esaten dugu; bai, feministak gara”.

Izortze Formosok autodefentsa feminista saioa eskaini die taldeko hainbat emakumeri, eta Juanma Rodriguezek, aldiz, desahalduntze tailerra hainbat gizonezkori. Bi taldeetan ikasitakoa praktikara eramatekotan geratu dira, baina sortu duten espazio seguruan hitz egindakoa haientzat bakarrik gordetzea erabaki dute.

Jzioquitarrak azpitalde bakoitzak egin dituen hausnarketak partekatzen
Jzioquitarrak Lorea Agirreren hitzaldian
Jzioquitar emakumeak autodefentsa feministako saioan
Jzioquitarrak Hondarribiko Alardeko Jaizkibel Konpainiako kideen hitzaldian

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer