Ederminez

Nire parez pare zeuden bi gizonezkoen jardun hutsalak ez zidan kontzentratzen uzten. Begiak jaso nituen Gombrowicz-en edertasunari eta gaztetasunari buruzko Egunkariak liburutik eta leihotik begiratu nuen. Zerua, urdin. Airea, garbi-garbi. Behe-laino mehe leun baten izarak estaltzen zuen Oria ibaiaren gaina. Ederra baitzen arbola biluzien artetik ikusten zen ibai-bihurguneetako paisaia, bertan entretenitu nuen begirada, bertan edermina, harik eta nire aurreko bi gizonen marmar protestazkoak mindu zidan arte begien gozoa. Gure ondoko aulkian zegoen bikote gaztea zuten hizpide. Gazteak, bata bestearen gainean eseri berri, musuka ari ziren elkarri. Astiro hasieran, gero eta sutsuago ondoren. Nire aurreko gizonen marmarrari baldarkeria pare batek segitu zion. Nik leihotik begiratu nuen berriro. Ibaiko behe-lainoaren izara artean, bikotearen gain-irudia ikusi nuen musuka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude