Pasioa epelduta, zer?

Oraingo idazleok ez dugu garai batekoak ematen. Edan, edaten dugu, baina pasatu gabe. Parranda gustatzen zaigu, baina neurrian. Pasionatzen gara, baina tentuz. Onkeriaren izenean eta gizartearen balore burgesak geure eginik, galdu dugu garai bateko idazleek zuten zurrutero eta outsider sona.

Muga-mugakoa zen idazle handi askoren bizitza, idazlearen ardura zen giza ahulezien infernuetara jaitsi eta bere obra hango sutan goritzea. Etxean dudan Poe-ren poesia-bildumaren kontrazaleko testuak alkoholiko ilustre deitzen dio idazleari. Poerena bezalako beste kasu bat, Shakespearerena: parranda bateko mozkorrak hil omen zuen.

Baina atzoko albiste batek bigarrenaren mitoa hondatu digu: zientzialari batzuek diote Shakespeare ez zela parrandan hil, begiko tumore bategatik baizik.

Infernurik ezagutu gabeko to be or not to be dilema, hori ote da tragedia modernoa?

Oharrak. Post scriptum

Mozorroak

Arnaldo Otegi, ispiluaren aurrean. Bekainen erdi aldeko ileei tira eta tira egin eta gero, deabrutxo batenak bezalako adartxoen itxura eman die ileoi eta ZP markako lakaz gogortu eta tinkotu ditu. Masailak pixka bat puzturik, irribarre onkotea egin dio ispiluari. Orrazkera egokitu du. Gero, trajea jantzi du gorbatarekin. Moncloako nagusia balitz bezala hasi zaio ispiluari diskurtso instituzional bat botatzen.

Zapatero, ispiluaren aurrean. Gustura dago ile-apaindegian utzi dioten ile motz-motzarekin. EH markako makillajea eman du masailen handitua disimulatzeko, ahoa txikiagoa egiteko. Ironiaren zirkin batzuk saiatu ditu. Gero, lepokorik gabeko niki bat jantzi du eta bakeroen barrura sartu. Arenga bizian hasi zaio ispiluari, herriko taberna batean balego baino sutsuago.

Kalera irten da nor bere etxetik inauteritara. Irrika biziz gaude topo egingo duten

Flotagailua

Kolpe militarkotearen urteurrena iristen zen aldiro, kazetariren baten deiaren zain egoten nintzen, Tejerok kongresua hartu zuenean ni non nengoen kontatzeko irrikaz. Atzo ere ez baitzidan inork deitu, esklusiban kontatzera noa hogeita bost urtez ezkutatuta eduki dudan nire egia.

Munduan asko lez, ni ere telebista ikusten ari nintzen. Bat-batean, programa eten eta kongresuan zerbait gertatzen ari zela abisatu zuten. Korrika hastea izen zen nire lehendabiziko erreakzioa, baina flotagailu baten gainean eserita bainengoen

Lapurreta kalea

Francok hainbat dokumentu lapurtu zituen han-hemengo artxiboetatik eta Salamancara eraman. Eta atzo entzun nuenean Salamancako artxiboa dagoen kaleari Gibraltar izena kendu eta Calle del Expolio deitu nahi diotela (Lapurreta kalea, euskara garbian), egunotako olatu baten gisa lehertu nintzen pozez. Eta bihotz zabala bainaiz, poza partitu nien nire ingurukoei ere, esku-zartaka txalotzekoa baita Salamancako alkateak egia historikoa aitortu izana mundu guztiaren aurrean.

Baina izen-aldaketarena ez baita oraindik asmo bat besterik, nik aholkua emango nioke Miren Azkarateri har dezala pazientzia pixka bat, itxoin dezala kaleari izena aldatu arte, ez ditzala oraindik formalki eskatu gerran kendu zizkiguten dokumentuak. Uler beza Mirenek: harri platereskoak hunkitzerainoko sinbolismoa izango du lapurtu zizkiguten dokumentuen bila Lapurretaren kalera joateak.

Oharrak (post scriptum)

Froga

Froga bat egin nahi diat hirekin, ar-kide hautan irakurle ar horrekin, eskuetan duan berripaper hau hizpide hartuta. Berdintasunaren alde zagok, badakik. Ikus dezagun praktikan hala den (zutabe hau idazterakoan nik ez zakiat periodikoak zer ekarriko duen, jakina, baina berdin ziok: seguru nagok argigarria gertatuko zaigula froga). Has gaitezen, bada, orri-pasa. Begira ditzagun albiste eta argazkiak, ikus dezagun arrok zenbatetan garen izar, begira dezagun emakumeak zenbatetan diren protagonista. Atera proportzioak. Konparatu portzentaje horiek Europako hedabideetako bataz besteko portzentajeekin: gizonezkoon protagonismoa ehuneko hirurogeita hemezortzikoa duk; emakumezkoena, ehuneko hogeita bia. Erreparatu, halaber, emakumeak albiste horietan duen rolari. Europan jenero indarkeria duk emakumeekin zerikusia duten albisteen gai nagusia. Farandula zetorrek gero.

Ondoriorik?

Oharrak (post scriptum)

-Emakumeek hedabideetan duten presentziari buruzko datuak irakurri nituenean, albiste interesgarria iruditu zitzaidan. Baina nirea ez baita albisteak ematea, ez nekien nondik heldu datu interesgarri horri. Kostatu egin zitzaidan ikuspuntua bilatzea, eta halako batean pentsatu nuen arrok ginela ikuspuntua, eta ikuspuntuaren objektua, berriz, gaur eskuetan izango genuen egunkaria. Uste dut albistera hurbiltzeko