Sakamantekas

Txikitako bi oroitzapen. Bat, etxeko balkoitik ikusten genuen trena Oria ibaiaren parez pare pasatzen, tximiniatik gora kea zeriola. Bi, haurrok beldurtzeko erabiltzen zituzten Sakamantekas-i buruzko istorioak. Aspalditik zetozen kontuok: trena asmatu zenetik. Burdinazko tramankuluaren gurpil burdinazkoak koipeztatzeko, haurrak bahitu, lapiko erraldoietan egosi eta haien gantzua erabiltzen omen zuten. Nik trenaren gurpilei begiratzen nien. Eta etxe inguruan eskaleren bat ikusi orduko, ezkutatu egiten nintzen.

Italiako hauteskundeetako ezkerreko koalizioa goraka baitoa inkestetan, Berlusconik azkenekoa bota du: Maok haurrak egosten omen zituen, haien gorpuekin Txinako arroz-landak ongarritzeko. Kronikek diotenez, Berlusconi oso serio ari zen. Aznar ondoan zuen. Ezkerreko koalizioa goraka omen doa Berlusconik-eta koipeztatutako gurpilen gainean.

OHARRAK (Post scriptum)

Soldadu fanfarroiak

Ez zaizkit uniformeak gustatzen. Ez daukat hemen argitu beharrik badirela kakikoloreaz gain beste uniforme suerte asko ere: janzki uniformatuak eta pentsamendu uniformatuak daude. Bere gorputza eta pentsamendua modu uniforme batekin jantzi dituenak ez daki bakarrik eta biluzik borrokatzen. Taldea eta uniformea behar ditu. Taldean da nor. Kuadrilan, komandoan, tribuan, masan. Taldeak egiten du ausart, taldeak hauspotu egiten du, taldeari zor dio berak ausardiatzat daukana baina fanfarroikeria besterik ez dena. Taldeari esker eta taldekoekin batera, beldurra barreiatzen du bera bezelakoak ez diren eta berak bezala pentsatzen ez dutenen kontra. Txaloek eta animoek horretara eramaten baitute, arerioak suntsitu beharreko etsaitzat hartzen ditu, eta pixkanaka-pixkanaka krudela izaten hasten da etsaitzat dituenekin eta errukiaren zentzu guztia galtzen du, ezin baitu taldekoen aurrean ahuldaderik agertu. Piztia amorratu baten antza harturik, beldurra barreiatzen du bera bezalakoak ez direnen artean. Inportantzia ematen hasten da bere buruari. Plautoren soldadu fanfarroia izatera iritsi da taldearen abaroan. Edo uniformearen esklabu, Napoleonek esan zuen bezala (eta kontu hauetaz inork jakitekotan, hark).

Talderik gabe, ordea, soldadu fanfarroia zena hustu egiten da barrenean haizea beste deus ez duen zahagi bat bezala. Inoren babesik gabe, ezdeusa da, ahula, koldarra. Ez da bere ideiak defendatzeko gai. Inork kontra egin orduko sisibasa hasten da eta urduri jartzen. Bere arrozonamenduek pitzadurak eta arrakalak ageri dituzte nonnahi. Zer eginik ez duela ikusita eta lagunen faltan, uzkurturik, jiratu eta alde egiten du, mendekuzko hitzak hortz artean dituela. Zuk ordurako badakizu bere taldekoengana jo duela mendekua prestatzera.

Oharra: artikulua bukatzen ari nintzela, Leo Bassi ikusi dut telebistan. Cara al solka mehatxu egin dioten soldadu fanfarroei dien beldurraz ari zen hizketan. Baina nire artikuluak hurbilagoko egoera baitzuen jopuntu, erants dezadan soldadu fanfarroiak ez direla beti besteak, ez daudela beti etxetik kanpo.

OHARRAK (Post scriptum)

E’on hadi lo

Azken bolada luzean gai ekonomiko baten bueltan darabilt jakin-mina: nork erosiko du azkenean Endesa? Ni ezagutzen nauenak eta, batez ere, ekonomia gaietan dudan ezjakintasun gaixoa sufritu

Ordua mundu

Nondik dator euria, nork erabakitzen du hego-haizea? Nork esan dezake deus txarrik nahiz onik egunaren ondoren gaua etortzeari buruz? Fenomeno naturalak dira. Berez datozenak. Fenomeno natural baten itxura bera du urtean bitan egin behar izaten dugun ordu-aldaketak ere: munduan gabiltzan gehienok ez dakigu nor ezkutatzen den urtean bitan ordua aldatzeko erabakiaren atzean.

Estimated

Londoneko edo Belfasteko edo Liverpooleko geltokiren batean zaude trenaren zain. Megafoniatik Estimated Time of Arrival esan dizute eta, ondoren, trenaren etorreraren gutxi gorabeherako ordua entzun duzu. Akronimoen hiztegiak dakarrenez ETA da espresio ingeles horren laburdura, horixe irakurri genuen orain gutxi Edorta Aranaren blogean.

Estimated edo gutxi gorabeherakoa izateari utzi eta iritsi da trena. Hemen dugu. Zenbat iraun duen bidaiak? Frankismoaren ordu beltzetan hasi zela uste genuen. Oker geunden, nonbait: egunotako Espainiako hedabide eta adierazpen gehienek hogeita hamar urtekotzat jotzen dute ETA. Franco hil eta gerokotzat, alegia. Sinistarazi nahi digute ez duela zerikusirik frankismoarekin; demokrazia garaian eta demokraziaren kontra jaio zela.

ETAren pozoitze semantikoari PPkoek-eta kontrajarritako pozoitze semantikoa ere aspaldi ari da fruituak ematen.

OHARRAK (Post scriptum)

Isil-hizketa

Esan dezaket nork eman zidan albistea eta zer sentitu nuen, gogora dezaket nori eman nion albistea eta nola erreakzionatu zuen. Egin dezaket analisia ere nork zer adierazpen egin zituen eta zergatik, nor egon zen zirkunstantziek eskatzen zuten mailan eta nor ez. Gehien errepikatu ziren hamar hitzen zerrenda osa dezaket erretorika manualetan argitaratzeko. Halarik ere, hauta ditzaket botila-xanpaina zabaltzeko arrazoiak eta topa egiteko hitzak.

Barrura begiratzea ere erabaki dezaket. Hausnar dezaket zein izan den nire jarrera historia honek dirauen bitarte korapilatsuko kale-kantoietan. Aurreak erakusten baitu atzea nola dantzatu, erabaki dezaket on osasuntsua dela etorkizuna ondo dantzatzeko iragan hurbila gogoan izatea. Horregatik eta azkenez, itxaropenari leiho bat irekitzeko, saia dezaket bihotz zabaltasunez egindako biktima guztien zerrenda bat.

Isiltasun osoan.

OHARRAK (Post scriptum)

Penak itotzen

Iragan asteburuko ordu txikitan ez dakit nongo hiritako botila-zurrut erraldoi horietako batean hirizainek hamar urteko mutiko bat aurkitu omen zuten zurruteroen artean dibertitzen. Hirizainek, non bizi zen galdetu eta gero, etxera eraman zuten mutikoa, eta hor hasten da benetako dokudrama: gurasoak haserre bizian, mutikoak ez omen zuelako ez edan ez ezer txarrik egin; gurasoak herra gaiztoan, ez dagoelako mutikoari ordu horietan eta nahi duen lekutan ibiltzea galarazten dion legerik; gurasoak hira gorrian, hirizainek mutikoari eragin ziezaioketen traumagatik.

Gurasoek hirizainak salatu dituzte juzkatuan.

Berria irakurri nuenetik garunak urtu beharrean, eztarria lehor eta kontzientzia electro-shock baten premian baitauzkat