Soldadu fanfarroiak

Ez zaizkit uniformeak gustatzen. Ez daukat hemen argitu beharrik badirela kakikoloreaz gain beste uniforme suerte asko ere: janzki uniformatuak eta pentsamendu uniformatuak daude. Bere gorputza eta pentsamendua modu uniforme batekin jantzi dituenak ez daki bakarrik eta biluzik borrokatzen. Taldea eta uniformea behar ditu. Taldean da nor. Kuadrilan, komandoan, tribuan, masan. Taldeak egiten du ausart, taldeak hauspotu egiten du, taldeari zor dio berak ausardiatzat daukana baina fanfarroikeria besterik ez dena. Taldeari esker eta taldekoekin batera, beldurra barreiatzen du bera bezelakoak ez diren eta berak bezala pentsatzen ez dutenen kontra. Txaloek eta animoek horretara eramaten baitute, arerioak suntsitu beharreko etsaitzat hartzen ditu, eta pixkanaka-pixkanaka krudela izaten hasten da etsaitzat dituenekin eta errukiaren zentzu guztia galtzen du, ezin baitu taldekoen aurrean ahuldaderik agertu. Piztia amorratu baten antza harturik, beldurra barreiatzen du bera bezalakoak ez direnen artean. Inportantzia ematen hasten da bere buruari. Plautoren soldadu fanfarroia izatera iritsi da taldearen abaroan. Edo uniformearen esklabu, Napoleonek esan zuen bezala (eta kontu hauetaz inork jakitekotan, hark).

Talderik gabe, ordea, soldadu fanfarroia zena hustu egiten da barrenean haizea beste deus ez duen zahagi bat bezala. Inoren babesik gabe, ezdeusa da, ahula, koldarra. Ez da bere ideiak defendatzeko gai. Inork kontra egin orduko sisibasa hasten da eta urduri jartzen. Bere arrozonamenduek pitzadurak eta arrakalak ageri dituzte nonnahi. Zer eginik ez duela ikusita eta lagunen faltan, uzkurturik, jiratu eta alde egiten du, mendekuzko hitzak hortz artean dituela. Zuk ordurako badakizu bere taldekoengana jo duela mendekua prestatzera.

Oharra: artikulua bukatzen ari nintzela, Leo Bassi ikusi dut telebistan. Cara al solka mehatxu egin dioten soldadu fanfarroei dien beldurraz ari zen hizketan. Baina nire artikuluak hurbilagoko egoera baitzuen jopuntu, erants dezadan soldadu fanfarroiak ez direla beti besteak, ez daudela beti etxetik kanpo.

OHARRAK (Post scriptum)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude