Zarata

Ordenagailua eta ni hormatik metro eskasera gaude. Hormak hogeita hamar zentimetroko lodiera du. Hormaren kaleko partean, ordenagailuaren eta nire parez pare, bi langile ari dira aldamio batera igota lanean, bat zulagailuarekin zizta eta sast, bestea mailu tzar batekin danba eta danba. Belarri batek ez dit eroso aditzen eta bestea gorra dut, baina zarata jasan ezina da, erotzekoa. Ordenagailuak ere ni bezain beste egina behar du, aldian behin sekulako bibrazioak ateratzen baitzaizkio. Eta eguneroko zutabeari ekin behar!

Halako batean, langileek atseden hartu dute hamaiketakoa egiteko. Atzotik buruan nerabilen gai goratsuari ekin nahi izan diot. Ezin, zarataren oihartzunak habia egina baitu nire buruan. Zulagailuarekin eta mailuarekin batera itzuli naiz neu ere lanera, hamaiketako ondradua hartuta eta konbentziturik inspirazioak hori duela betebehar: zaratari berari ere irabaztea.

OHARRAK (Post scriptum)

One thought on “Zarata

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude