Idomeneorekin

Ez naiz opera zalea, ez naiz saretik obrak jaistearen oso aldeko, baina atzo Mozarten Idomeneo opera jaitsi eta huraxe entzuteko aukera baliatu nuen zuzenketa-lan mekaniko samar bat egiten nuen bitartean.

Mahoma eta gainerako profetak ez omen dira oso txukun ageri Alemanian hain polemika sutsua eragin duen muntaketa eszenikoan. Ez dakit, ezin dut juzkatu. Jainkoen halabeharrari nola ihes egin, hori da operak kontatzen duen istorioa, eta horixe da giza kondizioaren muina ere. Gizakiok horregatik sortzen dugu artea: sakratuari, sinboloari, enigmari, patuari eta, azken batean, heriotzari bere sekretuaren muina lapurtzen saiatzeko.

Askotan saio horrek ez dituela jendearen sentipen erlijiosoak errespetatzen? Ez dut ezetzik esango, baina errespetua eskatzeko bidea ez da giza kondizioaren muina, askatasunarena, zapaltzea. Idomeneok Neptunori dioena: zuzentasuna askatasunaren ondorioa da.

Errukia

Berak bere arerioei erakutsi ez ziena, errukia, eragin dit albisteak: bizitza aurrera atera behar baita baina irabazi zituen ondasun ugariak blokeatuta baitauzka epailearen aginduz, gizajoa hor hasi da saltzen mariskal makilaren kopiak, dominak eta medailak, argazki historikoak eta balio sentimental historiko handiko pitxiak (bestela nola mantendu ez dakit zenbat morroi eta bizkartzain, txoferra, sukaldaria eta idazkaria?). Bisitan joaten zaion jendearekin argazkiak ateratzen ere hasi da eta argazkiongatik kobratzen, hortik atera kontuak zein egoera patetikoa bizi duen!

Errukiz gainezka nago, bai, eta, nire apalean, eskabide txit errukizkoa egin nahi nioke Txileko gobernuari: zergatik ez dute gaizkileen babes-etxean sartzen nazioari hainbat fabore egindako Pinochet gaixoa? Estatuaren kontura biziko litzateke kartzelan, eta zerbitzari mordoarekin, baina justiziazko egoera batean.

Txordokan

Ondo begiratzen bazaio, gazte sasoiko ametsek pisu handiagoa hartzen dute gure oroitzapenetan ametsen gauzatzeak baino. Ametsak bazkatu genituen eta ametsek bazkatu gintuzten; prest geunden bizitzaren ederrenak eskaintzera ametsen atzetik abiatzeagatik, uste baikenuen ametsen gauzatzearen inguruan ibiliko zela gure bizitza osoaren zaldiko-maldikoa.

Urteak pasatu dira, ametsak lausotzen hasi ziren bidean aurrera eta arriskurik handienari egin behar aurre: ametsak guztiz galtzeari. Eta sentipenik ezkorrenak eraginda, pentsatzen dut: gaztetako ametsen porrota da bizitza.

Mahats-bilketa egiteko ordu da Euskal Herri osoan. Txordoka deitzen diogu guk mahatsa biltzerakoan jaso gabe utzitako mahats-mordoen bila egiten den errepasoari. Txordokan ari naiz, bada, gaur. Metafora polita iruditzen zait bai nire bizi-sasoirako, baita bizi ditugun garaiotarako ere.

Analfabetoak

Maria Barbara zuen izena nik ezagutu dudan euskara-altxor ederrenak. Harekin hitz egitea hizkuntzaren muinetan kulunkatzea zen. Bi hizkuntza eta laurden zekizkien. Laurdena, gaztelania. Ondo zekizkien hizkuntzak, euskara eta zapo-erdara. Entzulea zoratzerainoko abiadan jarduten zuen zapo-erdaraz: espekeperrikpi aspakopo bipisipitapagapatikpi (eskerrik asko bisitagatik). Analfabetoa izan zen hogei bat urte arte. Herrian letra gehien zituen tokian ikasi zuen irakurtzen: Pepita Servanen liburu-dendako erakusleihoan, hango liburuetako egileen izenak eta tituluak dezifratzen. Zaharretan, Alzheimer-ek burua nahastu zion, baina ez hizkuntza: orduan ere, plazer hutsa zen harekin hitz egitea.

Analfabetoei goitik behera begiratzen diegun garaiotan on da paradoxa gogoratzea: analfabetoek asmatu zuten alfabetoa. Premia zutenek. Alfabetatuok, berriz, asearen asez, analfabeto bihurtzen ari gara.

Erremerrearena

Enrique Mugicak erremerre egiten du nik bezala, eta zer?

Erremerre egiteagatik, deus ez, jakina. Baina Kataluniako estatutuari errekurtsoa jartzea ez da erremerre egitearen erreinu berekoa. Ezta bake prozesuaren errekerimendu erresumindua egitea ere. Edo bere lanean PPren erredaktore gisa jokatu eta PPren doktrina errezitatzea. Edo hain errendimendu handia ematea eskuin erregresiboenari. Edo bere kargua eskuinaren interesen erresel edo pulpitu gisa erabiltzea erretxin eta errespetu gutxirekin.

Aznarrek erreklutatu zuen, bi aldiz, orain daukan errekadurako, egia da, baina bietan sozialisten errekonozimenduarekin. PSOE Mugicaren taldea da baina, aldi berean, Mugicak gehien errematxatu duena. Ez dut ulertzen: Mugicak zer errekontxo ote dauka errekamaran, PSOEk erremerre ospetsua erretira ez dezan?

Mugicarenak ez baitu erremediorik, erremerre honen errepasoak hemen du errematea.

OHARRAK (Post scriptum)

Etorkin


La Elvira ontzia Venezuelara iristen.

Sarean dabiltza albistea eta argazkia. Ehun eta hirurogei lagun arrantzuntzi txiki batean pilatuta, itsasertz batera iristen. Etorkinak dira, gehienak gizonezkoak, baina tartean badira hamar emakume eta lau urteko neska koskor bat ere. Itsas bidaiak hogeita hamabi egun iraun die. Gosez eta egarriz ahituta daude, zorriz eta zimitzez beteta, zutik ere egoteko indarrik gabe.
Ia eguneroko eszena? Bai. Baina hona koska: albistea eta argazkia 1949 urtekoak dira eta arrantzuntziko etorkin gehienak, berriz, kanariarrak.
1939-1950 urteetan ehunka ontzi iritsi ziren Kanaria uharteetatik Venezuelara. Hasieran, iheslari politikoak ziren asko (argazkian ageri den gizonetako bat Antonio Cruz Elortegi iheslari euskalduna omen); gero, gerra osteko gose eta ezintasunek emigraziora bultzatutako nekazari kanariarrak.
Denok izan gara / gara /izango gara etorkin, ez dago besterik.

Ekarpen lexiko-ludikoak

Etorkinak, edo kanpotik lan bila etorritakoak. Etorkin hitza erabili izan dugu etorkizun gisa ere. Ostatu hartzen duenari ere etorkin deitu izan diogu. Hiztegiko laugarren adiera baten arabera, etorkin eta etekin sinonimoak dira.

Etorkina, etorkizuna, ostatua eta etekina, bat eginda. Ederra. Nork esan du hiztegia neutroa dela?