Mercedes

Oso lausoa da informazioaren eta publizitatearen arteko muga. Gainera, lausotasunak, egunotako ganduak bezala, mugako lurrak labaintzen ditu. Badira, ordea, oso abil ustean mugitzen direnak terreno labain horietan, publizitatea eskainiz informazioaren bila joan denari.

Demagun EITBn, iragan igandeko euskarazko eta erdarazko informatiboetan. Beren furgonetak ia etxe gisa moldatzen dituzten bidaiarien erreportaje bat eman zuten bi kateetan. Interesgarria eta atsegina zen informazioa. Aitzakiarik gabea. Halako traste baten jabe egiteko inbidia eragiten zuena. Baina segidan, informazioa osatzeko aitzakian, marka jakin bateko furgoneten eta kontzesionario ezagun baten publizitatea eman ziguten erruz, baina ez ondradu. Traizioz eta abisatu gabe. Informatiboen erdi-erdian.

Ez da lehendabiziko aldia. Ez da azkenekoa izango.

Baina, Mercedes, erregutxo bat: saiatu ez izaten hain nabarmenak

Sexus politicus

Nonbait titulu horixe du, Sexus politicus, Frantzian arrakasta handia izaten ari den liburu batek. Sarean ikusi dudanez, politikarien abentura eta kalentura sexualak kontatzen dira bertan. Mitterand-en bizitza bikoitza, Sarkozy-ren eta bere emaztearen arteko joan-etorri sentimentalak; Giscard d

Pentsatzen jarrita

Schopenhauer ez zen fidatzen beren pentsamendua idatziz jartzen ez zuten filosofoez. Ez dago hitzetan eta hitzekin formulatzen ez den pentsamendurik. Buruan darabildan ideia distiratsu hori ez da deus hitzen bidez zehaztu eta finkatu arte. Zehaztapen eta finkapen trinkoa, idatziak ematen du.

Inoiz idatzia dut errezeloa eragiten didala bere pentsamendua idatziz zehazten ez duen gizon publikoak, politikoak, enpresariak, sindikalistak. Denok dakigu zer dioten, baina ez zer pentsatzen duten. Azken urteotako gure bizitza politikoa markatu dutenen testu idatzi sakon bakar bat ere ez ezagutzeak harritzen (kezkatzen?) nau gehien. Ez didate balio eguneroko borroka politikoak eragindako prentsa-artikuluek: beren parrokia kuraiatzeko edo arerioa ipurdi-bistan uzteko idatziak dira gehienetan.

Horrek zer esan nahi duen, ez dut idatziz jarriko. Pentsatzen jarrita, hobe izango dut.

Soka motzean

Gure herriaren historia hurbilean, momentu itxaropentsuak bizitzea egokitu zaigun gutxitan, beti elkartu dira bi muturretako gertakariak. Bateko tortura eta besteko hilketa aldi berean gertatu izan direnetan, gure zintzurrak sentitu ditugu esku beltzen batek dantzarazitako haritatik zintzilik. Halakoxe egoera batean gaude berriro: batetik, sektore atzerakoienen eraso mediatiko, politiko eta judiziala; bestetik, armen lapurreta.

Hori ulertzeko, kasualitate hitza zehatzagoa da kointzidentzia baino; halabeharra, zehatzagoa, kasualitatea baino; patua zehatzagoa, halabeharra baino; madarikazioa, patua baino; balbea, madarikazioa baino

Mapa

Ahal badut, saihestu egiten ditut herriko tabernak, batzokiak, casas del pueblo delakoak eta zazpiak, elkartetxeak. Ulertzen dut halako lokalen existentzia, baina basoerdi bat hartzeko, aukeran nahiago bere patrikaren ondra soil arrunta bilatzen duen tabernariarenean. Gure aisialdiaren uneak ghettotxoetan banatzeko arriskua ikusten diet, eta nago horrek ez ote gaituen lehenaz gain banatzen. Franco hil ondoren uste genuen probisionala izango zela mapa gastronomiko politiko hori gure herrietako geografian. Mapak bere horretan dirau, ordea: auzi batzuk ez dira askorik aldatu ordutik hona.

Premiak sortu zituen halako tabernak, eta, ixtekotan, itxi ditzala premien aseak: euskaldunon auzi asko konpondu dela esan nahi luke horrek. Baina guardia zibilak hor, pintura-pote hori-gorriak hemen, petardoak han, mapa hori sortu zen garaiko geografia berean gaudela ematen du, eta ez bake prozesu baten atarian.

Elebide

Hizkuntz eskubideak bermatzeko zerbitzua jarri du abian Eusko Jaurlaritzak. Abian da, bai. Asteburu honetan ertzainak ikusi ditut auto bat gelditu eta gazte bati isuna jartzen. Gazteak euskaraz egiten zuen, ertzainek erdaraz. Berehala ulertu dut eszena: hegoaldeko gidari hasberriek eraman ohi duten L handi bat ikusi diot autoari. Elebide.

Euskaldunok elepidea deitzen diogu esamesa, murmur, maiseaketari. Elea aldiz, eztabaida eta errietari. Egunotan elepide handia eta elea franko ibili da bazterretan EAJk euskaraz ez dakien bat aurkeztu duelako Bilboko alkatetzarako. Alkate berdin ele-kate? Elebide.

Gasteizko legebiltzarrean aritu berri dira, batzuk ele eta ele, beste asko ele-mele, euskararen legeari buruz, ostera ere garbi utziz herri honetan gehiago mintzatzen garela euskarari buruz, euskaraz baino. Elebide.

Eleak ele, gure eskubideek L tailako trajea jantzi omen dute: Elebide.

Zantzuak

Apartak dira botatzen dituen zapartak: aparte uztekoak. Ezin, ordea, haiei bizkarra emanda bizi, Miguel Sanz tematuta baitago ez gaituela indiferente utzi behar.
Herenegungoak, ordea, neurri eta marka guztiak zirtzildu zituen. Hona berripaper honen atzoko titular nagusiak zioena: