Mapa

Ahal badut, saihestu egiten ditut herriko tabernak, batzokiak, casas del pueblo delakoak eta zazpiak, elkartetxeak. Ulertzen dut halako lokalen existentzia, baina basoerdi bat hartzeko, aukeran nahiago bere patrikaren ondra soil arrunta bilatzen duen tabernariarenean. Gure aisialdiaren uneak ghettotxoetan banatzeko arriskua ikusten diet, eta nago horrek ez ote gaituen lehenaz gain banatzen. Franco hil ondoren uste genuen probisionala izango zela mapa gastronomiko politiko hori gure herrietako geografian. Mapak bere horretan dirau, ordea: auzi batzuk ez dira askorik aldatu ordutik hona.

Premiak sortu zituen halako tabernak, eta, ixtekotan, itxi ditzala premien aseak: euskaldunon auzi asko konpondu dela esan nahi luke horrek. Baina guardia zibilak hor, pintura-pote hori-gorriak hemen, petardoak han, mapa hori sortu zen garaiko geografia berean gaudela ematen du, eta ez bake prozesu baten atarian.

5 thoughts on “Mapa

  1. Ez duzu ba, garai aproposena hautatu hori botatzeko.
    Zer eta gure herriko kaleak kolore guztietako poliziz bete dituztenean, tabernetara sartzeko.
    Ixtea aldarrikatzen?

    Ez dut ulertu Anjel… Post scriptum batek agian, hobeto azalduko luke.

    Nik atzo, 15 kaputxadun izan nituen begien aurrean. Beti sartu naizen taberna baten atarian. Badira 20 urte Aretxabala elkartea Larrabetzun sortu zela. Eta gaur hau irakurtzeak… ez nau lasaitu.

  2. Ixtekotan, itxi ditzala sortu zireneko premien aseak: horrek esan nahi luke sortu ziren garaiko helburuak bete direla. Baina ez dira bete, begi-bistakoa da.
    Artikuluan hori diot; nire ustez, nahiko garbi.
    Nire herrian ere ibili dira, bai, kaputxadunak,eta artikuluan uste dut garbi geratzen dela beste hau ere: lokalok ez ditzatela itxi ez goardia zibilek, ez kale erasoek.

  3. Inor gutxirekin egon ninteke zurekin bezain ados, puntu honi dagokionez behintzat. Ezin da bere laburrean argiago adierazi pentsatzen duzuna.

  4. Popularrei ez jakie gustauko gaur Strasburgen gertatuko dana, ezta bake prozesu bera be. Behin eta barriz boikota egitea da euren aportazinoa, eta herriko tabernena da euren azkena. Nork agintzen dau bestela holako gertaerak eduki momentu konkretu batzuetan?

    Bestela, konturatu zarie popularrek ez dabela eduki urte hauetan guztietan euren tabernarik? Argi dago, ETA zinegotziak hiltzen hasi arte, AP/PP-k Herri honetan oso indar gitxi eduki dauala tradizionalki. Baina ez al dira PP-koak pintxozaleak edo eta txikitozaleak? Euren tabernak edukiz gero zelan edukiko eben izena? Taberna Popular / Herriko taberna? Casa Popular (=Casa del Pueblo)?

    Hamen danek ordezkatzen dabe Herria, Herriko zati bat baino ez diranean.

  5. Duela gutxi Toni Strubelli eginiko elkarrizketa irakurri nuen. Bertan, Katalunia eta Euskal Herria azaltzen dira behin baino gehiagotan. Tartean, alde bateko eta besteko partidu politikoak:

    http://blog.euskaletxeak.org/?p=65

    Hona hemen gaur interesatzen zaidana:

    “Kataluniako soziologia interesgarriagoa baita politika baino. Herritarrak ez daude batere gustura euren politikariekin. Alderdiek soziologia horretatik xurgatzen dute, baina beren oinarriak gaizki tratatzen dituzte oso, eta herriarengandik urrunegi daude. Euskal Herrian alderdiek egoitzak dituzte kaleetan: batzokiak, herriko tabernak eta abar. Jendea trago bat hartzera edo afaltzera joaten da, bilgune dira askorentzat. Katalunian alderdi baten egoitza izan daitekeen gauzarik tetrikoena da”.

    Nik, aldiz, Kataluniako alderdien egoitzei buruz dioena, hemengo partiduen lokalei buruz ere esan daitekeela uste dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude